En direct

Oinatz Aizpuru
NAIZ Irratia. Haria 2ko gidaria

«Kalean dauden pertsonen eskubideak urratzen ditu Bilboko udalak»

Bidean dauden pertsona asko daude Bilbon Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak ohartarazi duenez. Udalak euren eskubideak «urratu eta kanporatu» egin nahi ditu. Mozio bat aurkeztu dute, baina beste bat onartu, «orokortasunez betea eta konpromisorik gabea» Jokin Revillaren esanetan.

Audio_placeholder

«Kalean dauden pertsonen eskubideak urratzen ditu Bilboko udalak»

Loading player...
Concentración de Ongi Etorri Errefuxiatuak frente al Ayuntamiento de Bilbo.
Concentración de Ongi Etorri Errefuxiatuak frente al Ayuntamiento de Bilbo.

Kalean bizi diren pertsonen eskubideak bermatzeko mozioa aurkeztu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Bilbon. Jokin Revillak salatu duenez, euren mozioa desitxuratu eta beste bat onartu dute PSEk eta EAJk. «Konpromisorik ez, orokortasunak baino ez eta gurekin ez dute hitz egin nahi izan», salatu du.

Bost puntuko mozioa aurkeztu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak: Inor kalean ez egoteko politikak; Altamirako eta Montañoko aterpetxeak zabalik egotea urte osoan eta zerbitzu integrala ematea; eguneko zentro publikoak zabaltzea; eta plan estrategiko berri bat egitea aurrekontuko diruarekin eskatuz.

Finean, Revillak aitortu duenez, «helburua da kalean dauden pertsonek eskubideak izatea, Bilboko udalak urratu egiten ditu». Pandemiak ekarri zuen etxeratze aginduan, Bilboko udaltzainek kalean zeuden lagunei bakean uzteko agindua zuten. Alabaina, Revillak salatu duenez, «leku guztietatik kanporatzen dituzte eta gainean daramaten guztia zaborretara botatzen diete. Gainera, lo egiten duten lekutara joaten dira, mangerarekin zorua busti eta handik kanporatzeko. Zer nahi dute, nora joango da jendea?»

Bilbon kalean dauden asko transitoan, bidean dauden lagunak dira. Hala, Lakuako migrazio eta asilo zuzendariaren, Xabier Legarretaren kontra egin du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak: «Legarretak esan du Irun dela transitorako leku bakarra eta hango aterpea bete arte ez dela besterik zabalduko inon. Beraz Bilbon geratzen denak kalean geratu behar du, dauden aterpe bakarrak goizeko 8etatik arratsaldeko 20etara dira eta egun osoan zehar euren gauzekin joan behar dute hara eta hona. Gainera, norbaitek Bilbon geratzea erabakitzen badu ez du ezer, askok hilabeteak daramatzate kalean, inora joan gabe».

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen ustez, «Bilboko udalak postalezko hiria nahi du, plan urbanistikoak eta gentrifikazioa nagusi diren hiria. Txiroek oztopatu egiten dute».

Jaurlaritza Logoa