En direct
Ezpalak taldeak bere bigarren lan luzea kaleratu berri du, ‘Kolpatu Topatu’ deiturikoa eta Gernikako Iparragirre Rock elkartean izan ziren lana aurkezten. Bertan izan zen Izkander Fernández MusikHaria saioko kolaboratzailea: «Eñaut eta Juanjo oholtza betetzen, Unai pozik eta Janarrek bere tokia egingo duela erakusten aritu ziren kontzertuan. Hemendik denbora gutxira egonkortuko da Janar, diskoa ez baitu berak grabatu, eta taldearen beste aktiboetako bat izango da, maila baduelako».
Zortzi kantuz osatutako lana da ‘Kolpatu Topatu’ eta haietako batzuk ezagutzen genituen, erdiak hain zuzen ere. Ezpalaken soinua nondik etorri daitekeen pentsatuz ibili da Izkander: «Talde erreferentziala da eta Ezpalak beren kutsuak ezkutatzen ez dituen taldea da». Hartara, Nirvana, Nine Inch Nails eta Dinosaur Jr. taldeak ekarri ditu gogora bere azken tartean.
Energiaz betetako diskoa da ‘Kolpatu Topatu’ eta «biolentzia kontrolatua» du bere baitan Izkanderren ustez. Kantuen alderaketak jolas moduan hartzen ditu Izkanderrek, «gero ea eraginekin asmatzen ote dugun jakiteko». Hartara oraingoan grungea, rock industriala eta fuzz doinuak ekarri dizkigu:
– Nirvana - Heart-Shaped Box
– Ezpalak - Tristura
– Nine Inch Nails - March of the pigs
– Ezpalak - Bapatean
– Dinosaur Jr. - Feel the pain
«Ea luzera begira irauten duen taldea den, askotan efimeroak izaten direlako eta beldurra ematen duelako rock mundu ezegonkor honek, baina Ayuken eta Oso Polita batu dira proiektura eta disfrutatzeko aukera izango dugu aurrerantzean ere», kontatu digu Lemoako musika adituak.
Binilo gorria, Gernikan erosi zuen Izkanderrek eta ume txikia bezala joan zen kontzertura, urduri, biniloarekin itzuli nahi zuelako etxera eta lortu zuen eta dagoeneko lauzpabost buelta eman dizkio. Zuentzat ere hemen uzten dugu ‘Kolpatu Topatu’ diskoaren kantu zerrenda.