En direct
NAIZ Irratian egin su Iñaki Soto GARAko zuzendariak espolioari aurre egitea lortu osteko lehen balorazioa. «Arinago» sentitzen dela dio, baina «oso gogorra» dela pentsatzea «hiru milioi horiek utzi ditugula bidean. Halabeharrez pentsatzen dugu zer egin genezakeen hiru milioi horiekin momentu honetan».
Kontraste bat, jendeak pandemia giroan bizi izan duen giro zailean ere komunikabide talde honek iraun dezan egin duen esfortzua; beste aldean, instituzio publikoak, «hasieran Gizarte Segurantzarekin tratua zehazten lagundu ziguten baina hortik aurrera ez, gaur esan behar dugu ez dugula babesik jaso, ez dugu deirik jaso eta ez dut espero gaur ere jasotzerik».
GARAko zuzendariak gogoratu du zorraren kontua atera zenean indar egin zutela ideia baten, «guk ez dugu zorra kitatu nahi, guk berrinbertitu egin nahi dugu», eta denbora honetan guztian horretan aritu direla aipatu du NAIZ Irratiaren sorrera, NAIZen itxura aldaketa edo ekoizpenen munduan sustatu dituzten ekimenak aipatuz (tartean EiTB eskaintzen ari den 'Bidegurutzean' saioa).
Kanpaina berria eta «urte gogorra»
Lorpen izugarria izan arren, pandemiak zeharkatutako errealitatea bizi du mundu osoak eta «oso gogorra izango da urte hau», Sotoren arabera, «ez soilik GARA edo NAIZentzat, mundu osoarentzat baizik». Beraz, harri kozkor handi bat gainditu orduko, arazo berriak mahai gainean, «gure ideia zen erresistentzia fase bat amaitu eta garapen fasea abiatzea, baina asko zaildu da hori pandemiarekin».
Kanpaina berria abiarazi berri dute NAIZek eta GARAk, ordainketaren berri ematearekin bat, «helburua da azaltzea gure bitartekoetan inbertitzen jarraituko dugula, eta aldi berean berrestea zertarako jaio ginen eta zertarako eskatu diogun jendeari proiektu honetan inbertitzea. Sinesten dugu herri hau hobea izan ahal dela. Gu ez gaude hemen idazteko soilik, mundua aldatzeko ere bagadue, hori da gure misioa. Hiru milioi behar genituen hori egiteko, eta Euskal Herriak eman egin ditu, oso eskertuta gaude. Orain ardura handia dugu jasotzen ari garen babes horri erantzuten».