En direct

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria

Mendeku istorio bat

Alberto Ladron Aranak bere hamabigarren eleberria argitaratu du, Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea protagonista duen bosgarrena: 'Mendekuaren hazia'. Kultur tartean izan da idazlea bere azken lana aurkezten.

Audio_placeholder

Mendeku istorio bat

Loading player...
Liburuaren azala
Liburuaren azala

Misteriozko euskal eleberrigintzako izen idartsuetariko bat da Alberto Ladron Arana. Fantasia izan bazuen ere abiapuntu bere lehen eleberrian ('Itzalaren baitan', 2001), eleberri beltzaren generoan eroso dabil 2006an 'Arotzaren eskuak' agitaratu zuenetik.

Generoak gurean azken urteetan bizi duen boom-az galdetuta «Ez dakit burbuila bat ez ote den, baina niri ez zaizkit moda kontuak interesatzen, genero hau tendentzien gainetik dago, eta nik gustoko dut» erantzun digu idazleak, gustuko duen horrretan jarraitzeko intentzioa adieraziz.

'Mendekuaren hazia' Alberto Ladron Aranaren hamabigarren eleberria da, eta Leire Asiain, Foruzaingoko inspektorea protagonista duen bosgarrena.  Bertan kontatzen duen istorioaren oinarrian, benetan gertatutako bi hilketa kasu daude, bata Ameriketako Estatu Batuetan gertatutakoa bestea berriz Galizian. Biak uztartuz sortu du eleberri hau Alberto Ladron Aranak, funtsean mendeku baten istorioa baino ez dena idazlearen esanetan.

Hala dio liburuaren sinopsiak: «Andoni Isok bere andregaia akabatu zuen Donostian, anker eta hotz, baina Ertzaintzak ezin izan zuen haren aurkako frogarik topatu. Handik urte batzuetara, berriz, beste emakume bat hil eta desagerrarazi duela dirudi, Nafarroan, baina neskaren gorpurik ez da inon ageri, eta hilotzik ezean ezin hilketarik egotzi. Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea jo eta su saiatuko da, bere talde osoarekin, kasua argitzen eta Isoren akatsen bat harrapatzen, baina, susmoak eta arrastoak pilatu arren, ikerketak aurrera egin ahala, misterioa argitu ordez, mataza nahasia are gehiago loditzen eta korapilatzen doa.»

Liburua hiru ataletan banatu du Ladron Aranak, eta atal bakoitzak denbora tarte konkretu batera garamatza: 2014, 2017 eta 2020 ureteetara. hain zuzen ere 2020ko kontakizunean, aldaketa batzuk egin behar izan ditu idazleak, aurrez idatzitakoari pandemiaren eragina zizelkatu behar izan baitio, sinesgarritasunaren mesedetan. Azken atal honetan gainera, pertsonaia berri bat ezagutzeko parada izango du idazleak, etorkizunera begira  Leire Asiainek lagun izango duen Patxi Vazquez detektibea.

 

 

i

Jaurlaritza Logoa