En direct

Gizartearen ikuspegi kritikoa Pettiren hamar ‘Manipulazio estrategiak’

Noam Chomskyren testuetan oinarritutako 10 abestiko diskoa da ‘Manipulazio estrategiak’. Lan handia, serioa eta ederra Petti (Bera, 1973) artistak kaleratu duen azkena. Azkena, eta momentuz gainera betirako. MusikHaria saioan izan da diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

Gizartearen ikuspegi kritikoa Pettiren hamar ‘Manipulazio estrategiak’

Loading player...
Petti azken diskoaren aurkezpen egunean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Petti azken diskoaren aurkezpen egunean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Elkarrizketaren hasieratik etsipen puntu bat nabaritu diogu Pettiri. Zer moduz dagoen galdetu eta «ondo… esan beharko» erantzun digu. Baina etsipen puntu horri umorez eusten dio eta sano demonio aritu gara hizketan.

Harkaitz Canok Noam Chomskyk idatzitako manipulazio estrategiak hartu eta bere terrenora eramanda osatu ditu kantuen hitzak. Guztira hamar estrategia biltzen dira beste hainbeste kantuetan. Baina testuak itzuli ez, berridatzi eta poesia bihurtuta, ironiarekin eta umore beltzarekin jantzi ditu Canok. Pettiren musikarekin borobiltzen diren hamar estrategia.

Bizi dugun gizarteari begirada kritikoa jarri diote guztien artean. Dirudunen boterea, artalde bezala funtzionatzea edota teknologiak gugan duen eragin negatiboa. Bere garaian Jorg Oteizak aipatu zuen, antenetatik sartuko zitzaigula etxean gaitza eta antzerako kontuak aipatzen dituzte ‘Manipulazio estrategiak’ diskoan. Pettiri hori aipatuta «Miguel Bosé edota Miguel 5Gk berak ere antzeko kontuak esan dituela» gogora ekarri digu.  antenatik eta toki pila bategatik sartzen digute benenoa

Etxeko uzta izan du alboan. «Kilometro 0 taldea nahiz eta orain ni mugitu naizen. Urte asko, 20 dagoenerako, daramagu elkarrekin Igor Telletxea, Iñigo Telletxea, Joseba Irazoki eta lauok», kontatu digu Pettik. Diskorako, ordea, Et Incarnatusekoek gehitu dituzte sokazko instrumentuak, Juantxo Zeberiok teklatu eta pianoak eta Gorka Benitezek saxofoia. Horrez gainera, Balerdi Balerdiko Toño Muro, Raul Garcia zerra musikalarekin, Maite Larbururen ahotsa eta Anjel Unzuren moldaketak izan ditu diskoak.

Unzuk eta Larburuk ‘Helduentzako sehaska kanta (I)’ kantuan eragina izan dute. «Maiteren ahotsa sekulakoa da. Euskal Herrian ahots on asko daude, baina kantu honetarako behar nuen bossa nova ukitua hark emango ziola hobekien irudituta deitu nion. Eta zoragarri egin du. Anjel Unzuk berriz, kantu honetan loreontzi batekin sartu du perkusioa eta baxuaren ordezko naturala bezala geratu da», esan digu Berako musikariak. Horrez gainera Larburuk «bere ahotsarekin nahi duena egiteko gaitasuna» duenez, beste kantu batean ere hartu du parte eta Unzuk sokazko instrumentuen konposaketa eta moldaketak egin ditu.

Diskoaren zati rockeroena Berako Atala estudioan grabatuta dago, «denak batera, analogikoan eta mimo handiz» Iñigo Irazokiren eskutik. ‘Ordaindu kezkak’ abestia, hartualdi bakarrean ere grabatu du Pettik bere ahotsa eta gitarra soilik erabilita. Kantu akustikoenak, berriz, Tolosako Bonberenean daude grabatuta Karlos Osinaga ‘Txap’ teknikariarekin. «Konplexutasun gehiago zuten kantuak dira eta bakoitza bere aldetik dago grabatuta kasu honetan», nabarmendu du Pettik.

Bilboko Loraldia jaialdian aurkeztu behar zuten 2020 hasieran diskoa eta urtea bukatzerako bertan aurkezteko moduan izan dira. «Guztiontzat gogorra izan den egoera bizi izan dugu guk ere. Diskoa aurkeztu behar genuen lehen aroan kantuak fresko genituen, ilusioz gainezka ginen. Baina tira, buelta gehiegi ez zaio eman behar egoerari. Orain, formatu handian, soka laukote eta guzti aurkezteko aukera berria izango dugu Ataunen otsailaren 27an», kontatu digu beratarrak.

Tamalez, diskoa kaleratu zuenean aurreratutakori eusten dio Pettik. Hau izango da gisa honetan ezagutuko dugun bere azken lana gauzak asko aldatu ezean: «Diskoak egiteak zentzua galtzen du. Lan handia dago atzean, diru asko balio dute eta gutxi saltzen dira. Gainera CDak ez dakit eutsiko dion edota biniloa bakarrik mantenduko den. ‘Manipulazio estrategiak’ honekin bukatu eta beste gauzak egitea zen nire asmoa. Kantuak sortzeari utzi ez baina akaso Petti bezala ezagutzen den proiektua bukatzea. Orain dena aldakor dago eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Nahiko etsigarria da horrela ibiltzea eta gauzak asko aldatu beharko lirateke honekin jarraitzeko. Nahiz eta erantzuna, momentuz, oso ona izaten ari den», aitortu digu Pettik.

Diskoa *Zart kolektiboarekin kaleratu du eta haien webgunean eskuratu daiteke. «Papurtu ezin dena da papur papurrena» dio diskoa ixten duen ‘Nola ezetz’ kantuan Pettik. Eta, guretzat, bera da papur papurrena. Eutsi Petti.

Jaurlaritza Logoa