En direct

Ion GARATE

Federazioak gogor zigortu du Leintz Arizmendi pandemia garaian jokatzeari uko egiteagatik.

Euskal Federazioak Leintz Arizmendi futbol taldea zigortu du pandemia garaian ez jokatzeko erabakia hartzeagatik. 760 euroko isuna jaso dute, aurtengo denboraldian ezingo dute gehiago jokatu, eta datorrenean,  ezingo dute kategoriaz igo. NAIZ irratian izan dugu Garazi Nogueiras eta berak eman dizkigu gertatutakoaren xehetasunak.

Audio_placeholder

Federazioak gogor zigortu du Leintz Arizmendi pandemia garaian jokatzeari uko egiteagatik.

Loading player...
Leintz Arizmendi futbol taldea.
Leintz Arizmendi futbol taldea.

Pandemia egoeran ez jokatzeko erabaki hartzeagatik Euskadiko Federazioak gogor zigortu du Leintz Arizmendi futbol taldea, Euskal Ligara igo berria dena. Debagoieneko taldeak 760 euroko zigor ekonomikoa jaso du eta horretaz gain, aurtengo denboraldian ezingo dute gehiago jokatu, eta datorren denboraldian ere ez dute kategoriaz igotzeko aukera izango.

Leintz Arizmendiko taldeak liga hasi bezain pronto hartu zuten erabakia, azaroaren 1eko asteburuan, hain zuzen. Beste taldeak bezala, «neurri eta protokolo guztiei jarraiki», lanean hasi zirela azaldu du Nogueirasek, baina alarma egoera sartu ostean ez jokatzearen erabakia hartu zutela. Aipatu behar da, Gipuzkoako Federazioak bertan behera utzi zituela bere menpe zeuden liga guztiak, baina Euskadiko Federazioak ez.

Nogueirasek dio, beraientzat «zentzugabea» dela lehiaketarekin jarraitzea egoera honetan, «are gehiago gure klubak ez dituenean baliabideak kutsatuko ez garela ziurtatzeko». Gaineratu du, beraiek ez direla semiprofesionalak kontsideratzen, «gutako asko lan munduan gaude eta beste asko ikasketekin dabiltza», dio Nogueirasek.

Euskadiko Federazioaren oharra atzo jaso zuten Leintz Arizmendiko ordezkariek. Aipatu moduan, 760 euro ordaindu beharko dituzte, ez dute Euskal Ligan jarraituko, eta datorren urtean, ez dute kategoriaz igotzeko aukerarik izango. Honen harira, Nogueirasek azaldu du beste urteetan norgehiagoka batera ez aurkezteagatik jartzen duten zigor berbera dela, «baina guk eskatzen duguna da egungo egoera kontuan hartu dezatela, behintzat hausnartu dezatela», dio Leintz Arizmendiko jokalariak.

Bestetik, Nogueirasek baieztatu du dagoeneko federaziora eskutitz bat bidali dutela, erantzunaren zain.

Jaurlaritza Logoa