En direct

Maite BIDARTE
donostia

‘Dena irailerako’ saio berria, Tessa Andonegiren eskutik

‘Dena irailerako’ saioak osatuko ditu NAIZ Irratiaren goizak (10etatik 12etara) abuztuan. Tessa Andonegi aktorearen eskutik dator magazina eta NAIZek Donostiako Zurriola pasealekuan duen gunetik egingo da zuzenean. ‘Kajerak’ irrati nobela ere badakar tarte berriak.

Audio_placeholder

‘Dena irailerako’ saio berria, Tessa Andonegiren eskutik

Loading player...

Antzerkia, telebista eta orain diziplina berri bat: irratia. Erronkari gustuz heldu dio Tessa Andonegi donostiarrak. Abuztuko goizetan, astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 12.00etara, eskainiko du NAIZ Irratiak ‘Dena irailerako’ saioa, bi orduko iraupena izango duen aisialdi magazina: aktualitateari jarraituko dio, baina beste begirada batekin, kulturak tarte zabala hartuko du eta ‘Kajerak’ irrati nobelarekin gozatu eta irri egingo du entzuleak.

Covid-19aren ondorioz ezohiko uda izaten ari da 2020koa eta honi loturik dator saioaren izena ere. «Sentitzen dut zain gaudela bizitzeko, zain ea noiz atera askatasunez lagunekin eta familiarekin elkartzeko...», dio Tessa Andonegik. Dena bertan behera utzi eta «irailerako atzeratu» da; garai batean eskolako azterketekin gertatzen zen moduan, «hori guztia irudikatzeko izen ona iruditu zitzaidan ‘Dena irailerako’, nahiz eta abuztuan izango den saioa».

Bi orduko saioa osatzeko, «ekipazo bat» lotu duela dio donostiarrak. Iñaki Iriarte, aktore eta teknikaria da, eta hura izanen du bidelagun egunero.

NAIZek Donostiako Zurriola pasealekuan duen gunetik eskainiko du irratiak saioa; «uzten badigute», azpimarratu du Andonegik, ez baitago argi koronabirusaren krisiak zer garapen izango duen hurrengo asteetan.

Askotariko gaiak

Gaiei dagokienez, denetik izango dela iragarri du Andonegik «gu garen bezalakoak, askotarikoak izango dira». Ibai Fresnedoren eskutik iritsiko dira nazioarteko trendin topicak, hizpide nagusiak. Olatz Behobide aktoreak antzerki kontuak eramango ditu, «ez dakit negarrez ez ote dugun bukatuko», dio ironiaz Andonegik. Atzerriko politika ulertzen saiatzeko ‘Atzerriko politika dummientzat’ tartea izango da, (dummiak automobil probetan erabiltzen diren panpinak dira ) eta oso pozik dagoela dio Andonegik, normalean horrelako gaiak gizonek lantzen dituztelako eta ‘Dena Irailerako’ saioan Elena Belokik hartuko duelako ardura hori.

Iñigo Arandia Kaixomaitia.eus proiektuaren sortzaileak ere bisitatuko du udan NAIZ gunea. Harreman birtualen inguruan arituko da, azken urteetan gehiagora egin dute eta pandemiarekin izugarri garatu dira. Nerea Arriola aktorea «anormalitate berriaz» hitz egitera ausartuko da, «egia esan, ez dakit oso ondo zertaz joango den, baina zeresana emango du, seguru…», dio irriz Tessa Andonegik.

Udako saio batean, nola ez, musikak eta bidaiek lekua izango dute. Kimo eta Urko Rodriguezek hartu dute astero musika tendentzien berri emateko ardura.

Bidaiak albo batera utzi gabe, hauek zinemaren bidez osatzeko proposamena dakar Gaizka Izagirrek.

Literaturak ere tarte berezia izango du magazin berrian, Nerea Balda idazlearen eskutik astero eskainiko baitute gomendio bat.

‘Kajerak’ irrati nobela

Mimo bereziz landua, zer esana eman dezakeen tartea irrati nobelarena izango da. Maite ditu Andonegik; «nigatik balitz egunero egingo nuke irrati nobela bat!», dio ia gustuko dituen galdetuta; «horregatik txanpa hau aprobetxatuko dugu».

‘Kajerak’ du izena irrati nobelak, 8 minutu inguruko 16 kapitulu izango dira, non supermerkatu bateko bi kajeraren gorabeherak kontatzen diren.

Umoretik joko du Aitor Gabilondok eta Tessa Andonegik idatzitako gidoiak. Marivi eta Amaia dira protagonistak; lehendabizikoa nazka-nazka egina dago egoerarekin, bigarrena aldiz, positiboa eta mistikoa da beti... Tessa Andonegik eta Ainhoa Aierbek jarriko diete ahotsa bi kajera hauei, zuzendaritza lanean aritu da Aitor Gabilondo eta ekoizpenaz arduratu da Iñaki Iriarte.

Itxialdian zehar eta ondoren supermerkatuko langileek egindako lana aldarrikatu nahi dute ‘Kajerak’ irrati nobela honekin. Astelehenetik ostegunera, egunero, kapitulu bat zabalduko da ‘Dena irailerako’ saioan, eta ostiraletan, aste osoko kapituluak. Naiz Irratiko webgunera eta podcast plataformetara ere igoko dira 16 kapituluak.

Jaurlaritza Logoa