En direct

Iker GURRUTXAGA

June Calsor: «'BIME' bezalako jaialdiak garrantzitsuak dira, halako aukera gehiago behar genituzke»

Uztaileko astearteetan 'Amalur' lanaren eraginak zeintzuk izan diren ari zaigu kontatzen June Calsor musikari donostiarra 'Beste bat' saioetan. Hartara, debuteko diskoaren orain arteko ibilbideaz eta haren etorkizunaz hitz egiteko eta saioak egiteko prozesu hori nola ari den bizitzen kontatzeko gonbidatu dugu MusikHaria saiora.

Audio_placeholder

June Calsor: «'BIME' bezalako jaialdiak garrantzitsuak dira, halako aukera gehiago behar genituzke»

Loading player...
June Calsorrek egingo ditu uztaileko astearteetako 'Beste bat' saioak
June Calsorrek egingo ditu uztaileko astearteetako 'Beste bat' saioak

Estreinako lana ilusio handiarekin aurkeztu zigun June Calsorrek udaberrian. Baina, momentu honetan, hasierako plangintza aldatu beharrean izan da: «Tour txiki bat egitekotan ginen 'Amalur' aurkezteko, baina orain guztia nola egin eta helburura nola iritsi birpentsatzen gabiltza».

Dena dela, diskoak harrera ona izan duela aipatu digu artista donostiarrak, «emozio askoko egunak» izan zirela aipatu eta «bi urtean egindako lana atera eta jasotako mezuekin hunkitu eta guzti» egin zirela gaineratu du.

Aurkezpenean xehetasun bat aipatzea ahaztu zitzaigun: diskoaren hitzaurrera UNESCO etxeko zuzendariak idatzi duela. «Arte desberdinak elkartzeak eta garapen iraunkorreko helburuetan oinarritu izanak, UNESCO etxeak baietz ematea ekarri zuen. Haiek gure bidaide izatea ederra izan da» gaineratu du Calsorrek.

Aurrera begira, ordea, kritiko samar agertu da musikaria. «Donostian gauzak egiten ari dira baina hemendik aurrerakoa ikusi beharko da. Daukagun egoera birplanteatzeko garaia delakoan nago, ikusteko kulturak zer nolako papera izango duen aurrera begira, bai online edota baita jendaurreko emanaldietan ere, ez baitakigu egoerak zenbat iraungo duen eta kultura azken katebegia izaten ari da guzti honetan» salatu du donostiarrak.

Artista askorekin bat egiten du eta «erakundeen eta artisten arteko elkarlana falta» dela esan digu. «Europan esaterako industria indartzeko ekimenak egiten ari dira erakundeetatik. Hemen, berriz, talentu asko dago eta horri irtenbidea emateko aukera askorik ez daukagu. Ohiko kontzertuez gainera, 'BIME' bezalako jaialdiak garrantzitsuak dira. Groningenen, Holandan, esaterako, artista berriak ikusarazteko azoka bat egiten dute. Azoka horretan industria osoko kideen arteko hartu-emanak sustatzen dira eta hain ezagunak ez direnak bat gehiago bezala hartzen dituzte. Halako aukera gehiago behar genituzke hemen ere», azpimarratzen du Calsorrek.

Bere lana egiteko inspirazio iturri edo eraginak izan dituenak erakutsiko ditu 'Beste Bat' saioetan. «Oso gustura ari naiz saioak egiten. Izan ere, jendeari kuttunak ditudan kantuak erakusteko eta aurkezteko aukera ematen dit. Neo-soul, R&B edota Jazz ukitua duten doinuak izango dira orokorrean, hain komertzialak ez diren artistenak», bukatu du musikariak.

Dagoeneko bi ondu ditu eta beste bi etorriko dira aurrerago. Aukera ona musikari baten barrutik pasatzen dena ongi ulertzeko June Calsorrek emango diguna.

Jaurlaritza Logoa