En direct

Amaia ZURUTUZA | Ion GARATE

'Marixol askatu': «Konponbiderako garaia da eta ez kartzelak betetzekoa»

Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute, lehen epaiketaren atarian. Espainiaratu zutenetik ia urtebete igaro dela, Marixol Iparragirre uztailaren 8an eta 9an epaituko dute lehen aldiz Auzitegi Nazionalean, 1995eko auzi batengatik. Bere aurka dagoen froga bakarra ‘Anboto’ sinadura duen paper bat dela salatu dute gertukoek. NAIZ irratian izan da Marixol askatu ekimeneko kide eta Marixol Iparragirreren senide ere baden Larraitz Iparragirre.

Audio_placeholder

'Marixol askatu': «Konponbiderako garaia da eta ez kartzelak betetzekoa»

Loading player...
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute Bulebarrean egin duten agerraldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute Bulebarrean egin duten agerraldian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Marixol Iparragirre eskoriatzarra iazko irailaren hasieran Espainiaratu zuten frantziar agintariek eta Auzitegi Nazionaletik igaro ondoren preso sartu zuten. Ia urtebete geroago, uztailaren 8 eta 9an izango du lehen epaiketa, 1995eko auzi batengatik. Espainiar salbuespeneko epaitegian bere aurka dituen hamabi kasuetako bat da eta onartu zioten azken euroagindua auzi horretan oinarritzen da. 

Hasiera batean lehen epaiketa urrirako aurreikusita zegoen, baina ekainaren 15ean epaiketa uztailaren 20an izango zela jakinarazi zioten. Bi egun beranduago, ordea, data berriro aurreratu eta uztailaren 8-9rako finkatu zuten, defentsa prestatzeko denbora murriztuz. 

Iparragirreren egoera salatzeko sortu dute 'Marixol askatu' ekimena, bertako kidea eta Marixol Iparragirreren senidea da Larraitz Iparragirre, «konponbiderako garaia» dela nabarmendu du «eta ez kartzelak betetzekoa». Auzigaia ere zalantzan jarri dute herri ekimen honetatik, «epaitzen dena da Anboto sinadura duen idatzi bat dagoela, eta euren tesian Anboto Marixol dela, beraz eskutitz horretan diona Marixolek berak diola diote». 

Marixol Iparragirre ostegun gauean trasladatu zuten Soto del Realera eta «nahiko baldintza gogorretan» eduki dutela dio Larraitz Iparragirrek. «Baldintza gogorretan egon da isolamenduan sartuta eta oso urduri zegoen prentsaurrekoa ematen ari ginen bitartean», dio Iparragirrek. 

Ez da bere aurka zabalik duen auzi bakarra. «Beste hamabi kausa dauzka garai hartakoak, eta poliki-poliki joango gara ikusten nola antolatzen diren auziak», adierazi du Iparragirrek. Salatu dute gainera, gainerako kasuetan komisaldegian «torturapean» lortutako testigantzetan oinarritutako auziak direla

Mobilizaziorako deia

'Marixol askatu' ekimenak, aste honetan, asteazken eta ostegunean, Eskoriatzan elkarretaratzeak deituko dituztela esan du Larraitz Iparragirrek, «poliki-poliki jarraituko dugu lantzen Marixolen askatasun eskaria, eta ea denen artean lortzen dugun».

Marixol Iparragirreren senide izanik, egoera «frustrazioz» bizi duela dio, «badirudi pareta baten kontra ari garela behin eta berriro, ez dakigu zein puntutaraino iraungo duen honek. Euskal gizartearen gehiengoak etxean izateko eskaria egiten du eta ez da inongo pausorik ematen». «Bitartean lan egin beharko dugu», azpimarratu du.

Jaurlaritza Logoa