En direct

Iker GURRUTXAGA

Gari Arroyo: «Satanismoa nazio eraikuntzaren atal garrantzitsuetako bat izan daiteke»

Harroputzaren itxura du askorentzat, maitagarria da bere ustez. Joaten den tokian arrastoa uzten du, hizketarako duen modu berezia lagun. Azkenaldian musikan baino telebistan edo irratian gehiago entzun dugun arren, bateria astinduz edota berak idatzitako letrak abestuz ere badabil Gari Arroyo. Alderik pertsonalena azaleratzen saiatu gara MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Gari Arroyo: «Satanismoa nazio eraikuntzaren atal garrantzitsuetako bat izan daiteke»

Loading player...
Gorpuzkingz taldean aurpegia estalita agertu izan da Gari Arroyo.
Gorpuzkingz taldean aurpegia estalita agertu izan da Gari Arroyo.

'Gorpuzkingz' taldean trapu batekin eta betaurreko beltzekin ezkutatuta ezagutu genuen 'Zakil Onil' goitizenarekin. Baina, gerora, aurpegia bistan agertu da batean eta bestean Gari Arroyo (Hondarribia, 1985). Egun 'GPK' eta 'Horzdun' taldeetan dihardu eta haietako kontuak ekarri dizkigu MusikHaria saiora.

Gari Arroyoren lehen taldea 'Kabul' izan zen. «Afganistan puri-purian zegoen garaian, AEBk tropak bidali eta bonbardatu zutenean jarri genion taldeari izena», kontatu digu Arroyok. Afganistan aipatuta, hango irudietan maiz ikusten zen kalaxnikovaren inguruan galdetu diogu, askotan ikusi izan dugulako Arroyoren iruditerian ere: «lagunak eta etxera iristen direnean izututa geratzen dira paretan zintzilik ditudan armak ikustean. Beti izan dut halako miresmen bat armen inguruan, txikitatik. Hegoafrikan izan nintzenean ere armen erabilera ikastaro bat egin nuen. Baina miresmen estetikoa da batez ere. Antzerako zerbait gertatzen zait Sobietar Batasunarekin ere, denok nahiko genuke haiek itzultzea», azpimarratu du hondarribiarrak.

'Aker Odol' izan zen bere musika ibilbideko bigarren geldialdia. Taldearen leloa «independentzia eta satanismoa» zen eta bere egiten du aldarri hori: «nazio eraikuntzaren atal garrantzitsuetako bat izan daiteke eta, orduan ere, hori aldarrikatzen aitzindariak izan ginen. Gizakion askatasun guztiak lortzeko erlijioak suntsitu behar dira eta horretarako zein hobe Satanas baino» nabarmendu du Arroyok.

Alemanian izandako egonaldian musika industrialarekin lotura zuzena izan zuen Arroyok. Metalaren eta elektronikaren esparru berriak ezagutzeko aukera izan zuen bertan, tartean zerrendatu dituen hainbat musika estilo, «horregatik bukatu nuen bertan» aipatu du Arroyok. GPKrekin kontzertuak ematekoak ziren apirilean, baina bertan behera geratu zaizkie.

Euskara irakaslea ere bada, hori baita bere ofizioa. «Klasera sartzen direnean, ikasleak harrituta geratzen dira. Baina zeinen maitagarria naizen ikusten dutenean, guztia aldatzen da» kontatu digu Arroyok. GPKko hitz guztiak bereak dira, «baina euskara irakaslea izanagatik ere bestelako kontua da GPKn egiten dudana, 'euskara mathematikoa' erabiltzen dut horretarako. Dena hankaz gora jartzen du».

Psilocybeneako kide ere bada Arroyo. Gaur egun 70 inguru kide dira eta guztia aldatzen joan da. Hondarribiko Udalari lokala eskatu zieten garaian 'DUT', 'Sorotan Bele', 'Beti Mugan' edota 'Lif' bezalako taldeek. Lehen hiru lokal zituzten eta Psilocybeneari esker denak batera daude orain. Kontzertu areto garrantzitsua den arren, sorkuntza ere garrantzitsua da. Eta eremu autogestionatua dela ere nabarmendu du Arroyok. Esan digunagatik, «zorionez emakume asko sartu dira azkenaldian eta aurretik zirudien zakil festa izateari utzi dio» . Dena dela, hondarribiarrak aitortu digu ez dela maiz joaten bertara, «gurasoentzako diruditen kontzertuak egiten direlako bertan. Ostiral gauean haurrak aiton-amonekin utzi, alkandora lisatu, kontzertua entzun, hiru garagardo edan eta etxera. Hori ez doa nirekin, baina apurka-apurka aldatzen ari da» aipatu du musikariak.

Horzdunekin metalaren bideari eutsiko diola argi duen arren, ikusi beharko dugu GPK nondik bideratzen den: ea Gorpuzkingz izaten jarraituko duten edota Gaueko Party Kingz izango den aurrerantzean. Trap munduan edo Technoaren bueltan. Bitartean, Gari Arroyoren zerrendaz goza dezakezue.

Jaurlaritza Logoa