Normaltasunera bidean BAT Basque Team zentroa ere

BAT Basque Teamek bere zentroko ateak ireki zituen duela aste gutxi. Dagoeneko kirolariak bertaratu ahal dira, baina beti ere segurtasun neurriak errespetatuz. Naiz Irratian izan dira Olatz Legarza BAT Basque Teameko koordinatzailea, Iker Sastre mahai tenis egokituko jokalaria, eta Ariane Ochoa surflaria. Beraiekin solastu gara bizi duten egoeraren inguruan.

Loading player...
Ion GARATE|01/06/2020

Normaltasun berri batera bidean hasi dira dagoeneko kirol instalakuntza batzuk irekitzen, eta horien artean dago BAT Basque Team zentroa, dagoeneko ateak ireki dituena.

Olatz Legzarza da BAT-eko koordinatzailea, «EiTBren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik sortzen den fundazio bat da, eta goi mailako euskal kirola bultzatzea eta sustatzea du helburu. Bestetik, gure jarduerarik garrantzitsuena urtez urte bekak banatzea da, eta azken urteetan kirol olinpikoan zentratzen ari gara bakarrik baliabideengatik». Basque Teameko koordinatzaileak gaineratu du «federazioekin ere elkarlana» bideratu dela azken ziklo honetan. «Nahiz eta goi mailakoak ez izan, talentuak dituzten kirolariak Basque Team markara hurbildu» nahi dituztela dio Legarzak.

Ariane Ochoa surflariak, aipatu du «zaila» izan dela aste hauetako egoera, «baina azkenean moldatu gara». Ochoak azaldu du gehien erabili duten teknika «bisuala» izan dela. «Bideoak ikusten egon gara: txapelketak, analisiak egin... eta gero uretan egiten ditugun mugimenduak etxean paretekin edo aurkitu ditugun baliabide ezberdinekin mugimendu horiek barneratzen ibili gara».

Iker Sastre mahai egokituko jokalariak etxean entrenatzea zaila izan dela dio eta kirolaz bestelako lanetan aritu dela.

Legarzak,  Basque Teamen aldetik hauxe nabarmendu du: «Guretzako, baina gehien bat kirolarientzako, eta batez ere joko olinpikoak prestatzen egon direnentzako, egoera zaila izan da». Gehitu nahi izan du saiatu direla bi hilabete hauetan, ahal den neurrian, erantzunak ematen. «Orain, errealitate berri honetan, ikusten ari gara nola moldatu zentroa irekitzeko eta kirol praktika nola bideratu ikusteko. 

Oinarrizko bete beharren harira Legarzak hauxe aipatu du: «Aldaketa ugari egin behar izan ditugu eta aforoak kontrolatu. Lau espazio ezberdin sortu ditugu: gimnasioen erabilera, kantxaren erabilera, jaurtiketen beste gune bat, eta mahai tenisaren gunea». Gaineratu du hiru txanda banatu dituztela kirolarientzat. «Kirolariak zein txandatan joan nahi duen eskatzen du eta gero guk hori antolatzen dugu».

Bestetik, Legarzak azaldu du konfinamenduan telelanean aritu direla lanean, «kirolariekin online topaketak antolatuz», besteak beste. «Sormena martxan egon da» dio Legarzak.

Sastrek, etxean mahai teniseko mahairik sartzen ez zitzaiola adierazi du, «aerobikoa eta pesekin ibili naiz lanean». Hala ere, azpimarratu du ez zaiola gaizki etorri geldialdi hau, Olinpiadetarako oso gogor entrenatzen aritu baita. Ochoak ere «egun txarrak» izan dituela aitortu du, baina orokorrean «nahiko positibo» egon dela. «Egunero helburuak jartzen egon naiz eta horrek asko lagundu dit».

Olinpiadetarako plazei dagokionez, Legarzak azaldu du ez dakitela plazak mantenduko diren edo ez. «Kirol batzuetan badirudi plazak mantenduko direla eta beste batzuetan ez, baina ofizialki momentuz ez dakigu ezer».

Bigarren fase honetan, Basque Teameko koordinatzaileak esan du «kirolariak beraien entrenatzaileekin» egon ahal izango dutela, hori dela aldaketarik nagusiena. «Behar bada ordutegi gehiago ere jarriko ditugu, izan ere, orain goizetan bakarrik dugu irekita», gehitu du.

Entrenatzen hasi eta lehen sentsazioak onak izan direla diote bi kirolariek. Sastrek esan du «pixkanaka-pixkanaka» ari dela erritmoa hartzen. Modu berean, Ochoak ere aipatu du «sentsazio nahiko onak» izaten ari dela. «Hasieran, agian, zertxobait baldar nenbilen, baina egunak pasa ahala hobeto sentitzen ari naiz» dio surflariak.

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia