En direct

Iker GURRUTXAGA

Korrontearen kontra, amuarrainak bezala, emankortasunaren bila

Musika lagun, batzuekin eta besteekin pasarte asko izan ditu Mikel Markezek bere ibilbidean. 80. hamarkadako punk taldeekin izandako harremanekin hasi, eta gaur egun, Kaliforniako euskal jatorriko emakume talde baten inguruan ere aritu zaigu MusikHarian. Hainbat kontu eta beste horrenbeste kantu, hori da errenteriarrak ekarri diguna.

Audio_placeholder

Korrontearen kontra, amuarrainak bezala, emankortasunaren bila

Loading player...
Mikel Markezek egun Esti alaba ere alboan du kantari
Mikel Markezek egun Esti alaba ere alboan du kantari

Mikel Markez (Errenteria, 1971) euskal kantagintzan halako xarma berezia izan duen horietakoa izan da. Euskal Herrian musika mugimendua bide batzuetatik zihoala agertu baitzen gazte betaurrekodun eta kizkurrez beteriko ile luzearekin, gitarra eskuan, bere emanaldi xumeak egitera.

«Errenterian astelehenetik igandera barrikadak eta ostiak etengabe egoteaz gainera, Euskal Rock Erradikalaren mugimendu hori guztia geneukan zen. 'Odio' eta 'Basura' bezalako taldeak genituen. Bertan zeuden Muguruzatarrak ere, eta Patxikuren kanpan egin zuten lehen kontzertua», kontatzen digu Mikel Markezek.

Berak, ordea, bestelako bide batzuk hartzeko bidearen arrazoia horrela gogoratzen du: «anaia zaharrenak Kubako Troba berria entzuten zuen, Silvio Rodriguez eta Pablo Milanés bezalako artistak eta, amonaren familian Lete, Iriondo eta Lertxundi entzuten ziren. Guzti horrek eraginda-edo, momentuko pronostikoen kontra, beste estetika bat aukeratu nuen nire kantugintzarako», aipatzen digu errenteriarrak.

Musika ibilbidean hainbat eta hainbat artistekin aritu da elkarlanean: Alaitz eta Maider, Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena, Amaia Zubiria... Baina haietako batekin, Joseba Tapiarekin izandako loturan, bada bitxikeria bat, «Euskal Herrian hainbeste dantzatu den 'galdurikan nago abestia' kantatzeaz gainera, niri egina da. Ni izan nintzen saunan erori eta burua ireki zuena. Tapiarekin nengoen sauna hartan, eta hortik sortu zen abestia. Nire ohore txikia da, kantuak egiteaz gainera kantu baten protagonista ere banaizela» kontatu digu irribarrez Markezek.

Musikaren munduan bideak ireki dituztenekiko halako miresmen puntu bat adierazi digu Markezek. Niko Etxarten kamiseta soinean jantzita egin du elkarrizketa eta aipatu digu Niko Etxart izugarri maite duen pertsona dela. «Lehen rock joerak ekarri zituzten hona. Orain errez esaten da, baina, ohituta ez zegoen gizarte hartan, egin zutenak sekulako meritua du. Baita kantu tradizionalarekin egin duen guztiak ere», nabarmendu du musikari gipuzkoarrak.

Baina aldi berean aipatu du Niko Etxartekin anaitasun bat izan duela. «Anai zaharra bezala izan da, pentsa, elkarrekin karnetak erre genituen, hori ere egin genuen. Nolabait ere jendeak ullertzeko zein den gure arteko harremana», kontatu digu Markezek.

Kantuekin osatu digun bidaia horretan, Hertzainak talde behin eta berriz agertu zaigu. Eta hautatu duen abestietako batean ere, Mekoleta kantuan, taldeak badu lotura. «Euskal Herriko artistok Josu Zabalaren bidez ezagutzen dugu Mekoleta eta hara joatea bidaia iniziatiko baten modukoa da. Zu joaten zara Mekoletara, eta ez dakizu noiz itzuliko zaren. Espazioa eta denbora gelditzen dira, bi egun pasa eta hilabete pasa denaren eta gauza asko gertatu diren sentsazioarekin itzultzen zara handik. Mekoleta, Euskal Herriko Itaka moduko bat da» adierazi du pozarren Mikel Markezek.

Pasarte askoz ere gehiago eta bitxikeria ugari partekatu ditu Mikel Markezek MusikHaria saioan. Guztiak musika dotorez jantzita, eta, nola ez, helarazi dizkigun kantuekin zerrenda bat osatu dugu. Jarri ditugunekin, eta jarri gabe geratu direnekin. Izan ere, zerrenda mardula osatu zigun guk handik nahi genuena hautatzeko. Hartara, hortxe daukazue, txukun-txukun, Spotifyko zerrenda.

Jaurlaritza Logoa