En direct

Iker GURRUTXAGA

Jazza, hain gertu eta hain urrun

Nazioarteko Jazzaren Eguna izan zen apirilaren 30ean, hartara, Ainara Ortega abeslari eta musikaria gonbidatu genuen 'Musikharia' saiora. Mundu hori, askotan arrotza egiten zaigun arren, hain urruti ez dagoela ulertarazi digu hernaniarrak.

Audio_placeholder

Jazza, hain gertu eta hain urrun

Loading player...
Ainara Ortega Jazz abeslaria
Ainara Ortega Jazz abeslaria

Izen handien ondoan aritu da kantari Ainara Ortega (Hernani, 1981) abeslaria. Aktore lanetan, telebista saio batean epaile edota tertuliatan ikusi izan dugun arren, ibilbide zabala egin du hain gutxi ezagutzen dugun mundu batean.

Amaia Zubiria, Niko Etxart, Pascal Gaigne, Iñaki Salvador, Angel Unzu, Petti, Mitxel Longaron... musikarientzat kantatu du, baita nazioarteko beste hainbatentzat ere. Donostiako Jazzaldian abestutakoa da, baina hiriko jazz eskenaren gainbehera nabarmena dela kontatu digu.

Ortegaren ustez, «Jazzaldia albo batera utziko bagenu, halako parke tematikoa baita, Donostian jazzak gainbehera izugarria izan du. Nik Musikenen ikasi nuenean, orduan, zen garai polita. Baina, esana omen da, jazzeko ikasketak burutzeko aukera dagoen hirietan, jazz panoramak behera egiten duela» gaineratu du abeslari hernaniarrak.

Euskal Herrian jazz asko egiten dela nabarmendu digu, baina baliabideak ez direla nahikoak, eta, horren ondorioz, beste batzuek duten zabalkunderik ez duela irizten dio Ainara Ortegak.

Baina uste baina anitzagoa da jazz mundua. Askotan daukagun aurreiritzitik kanpora, estilo ugari jorratzen dituzten jazzaren mantuaren azpian. «Jazza hip-hop edota funkytik, kale gorritik, gertuago ikusten dugu elitismotik baino. Estiloak oso anitzak dira, Musikenen esaterako, bossanova, funkya edo popa lantzen dira» nabarmentzen du Ortegak.

Baina askotan ez zaigu erraza egiten jazz musika ulertzea. Musika estilo jasoa delakoan-edo, publiko zabalari ez zaio hain erraz iristen. Hartara, musika mota hau nola entzun behar den galdetuta, zera esan digu Ortegak: «Jazz musikan jotzen ari diren bitartean musikarien arteko elkarrizketa bat dagoela irudikatu behar dugu. Hizlari nagusia aldatzen doa, eta horri jarri behar zaio atentzioa. Esaterako, saxofoi bat zerbait jotzen ari bada, atzetik akaso kontrabaxu batek hiru notarekin erantzuten dio» azaldu du abeslariak.

Irakasgaia jaso dugu, orain entzuleon esku dago jazz musika gehiago kontsumitzea.

Jaurlaritza Logoa