Ainara Rodriguez
Entrevue
Janire Lazkano
Zaldibar Argitu plataformako kidea

«Gu otsailaren 6tik gaude alarma egoeran; gaitz bat bestearen gainera etorri zaigu»

Erraz esaten da, baina honezkero bi hilabete joan dira Zaldibarko zabortegiaren luizia gertatu zenetik. Galdera asko erantzuteke, eta errealitate gordina, bakarra: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzek desagertuta segitzen dute. Zaldibar Argitu plataformak erantzun eske jarraitzen du.

Audio_placeholder

«Gu otsailaren 6tik gaude alarma egoeran; gaitz bat bestearen gainera etorri zaigu»

Loading player...
Janire Lazkano. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Janire Lazkano. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Bi hilabete joan dira Zaldibarko zabortegia erori zenetik. Zerbaitetan aldatu da egoera ordutik?

Egoerak berdinetan jarraitzen du. Hasieran 11 puntuko testu bat adostu genuen plataformako kideek, eta ikusten duguna da aldarrikapen horiek bere horretan segitzen dutela. Ez da bakar bat ere bete: oraindik ez dituzte Joaquin eta Alberto erreskatatu; ez dute argitu zer den zabortegian gertatu dena; oraindik ere ez dakigu zehaztasunez zer den zabortegian dagoena; amiantoa dagoela badakigu, baina hortik aurrera ezer ez.

Zaborraren karakterizazioa egitea da eskatzen duguna, baina oraindik ez dute publiko egin; han dagoen zaborraren etorkizunaren inguruan herritarren partaidetza eskatzen genuen, baina bi hilabeteetan ez dute herritarrekin ezertarako kontatu; langileen segurtasuna eskatzen jarraitzen dugu; airearen, uraren eta lurraren kalitatearen neurketak sistematikoki egitea eskatzen genuen, agentzia independiente eta publiko baten bitartez, baina hori ere ez dute bete; Jaurlaritzak bere ardura hartu dezala eskatzen dugu eta Iñaki Arriola sailburuak dimisioa eman dezala; erantzukizun zehatzak zeintzuk diren argitzea eskatzen jarraitzen dugu, baita hondakinen kudeaketan jauzi bat eman dezatela ere.     

Egun bereziak bizi ditugu koronabirusa dela eta. Zertan eragin du horrek Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen bilatze lanetan?

Konfinamendua dela eta, ezin dugu bertatik bertara jarraipen zehatzik egin. Hasiera batean beldurra zabaldu zen ia erreskate lanak alarma egoeragatik bertan behera geratuko ote ziren. Baina, antza denez, jarraitzen dute bilatze lan horiek egunean hainbat orduz. Dron batzuk ere erosi dituztela jakin dugu. Baina esan behar dugu guk ez daukagula komunikabideetatik edota Irekian zintzilikatzen dituzten txostenetan jasotzen duten informazioa besterik. 

Duela gutxira arte airearen edota uraren kalitateagatik kezka oso zabaldua zegoen inguruko herrietan. Zer nolakoa da orain egoera?

Zabortegia sutan ikustearekin batera, kezka itzela zabaldu zen. Gure osasunarekin jolasten ari zirela ikusten genuen. Baina ez iraganean bakarrik, jolasten jarraitzen dutela ikusten dugu; izan ere, zabortegiko irudiak heltzen zaizkigu lurrun, ke, bapore, hauts edo dena delakoa ikusten dela. Eurek esaten dute ez dela sua, ni ez naiz sartuko hori baloratzen, baina bertako bizilagunek diote oso usain txarra egoten dela egun batzuetan. Ez dakit zein neurketa ari diren egiten, baina nik pertsonalki ez dut sinestuko emaitzak onak direnik. Bertako langileak ere kexu dira bapore toxikoen artean lanean dabiltzalako eta ez dutelako babes elementu nahikorik. 

Gainera, martxoaren 5ean Ermuako Udalak gomendatu zuen iturriko urik ez edateko eta egun batzuk beranduago, martxoaren 9an, URA Agentziak nabarmendu zuen nikel, selenio, amonio eta merkurio mailak irten zirela uraren azterketetan. Beraz, ez dugu sinesten gaur egun guztia ondo dagoenik. 

Azpimarratu behar dugu ez dugula batere informaziorik. Irekian zintzilikatzen dituzte txostenak, baina aditua izan behar zara horiek ulertzeko. Alde horretatik, herritarrei informazioa zuzenean ematea exijitzen dugu. 

Indarrean segitzen al dute neurri edo gomendio horiek?

Ermuako kasu zehatzaren inguruan ez dut informaziorik. Bestelako gomendioak, kirola ez egitearena eta leihoak istearen inguruan badakit bertan behera utzi zituztela sua itzaltzea lortu zuten egun horretan.    

Egungo egoerak Zaldibarren gertatutakoaren fokoa zertxobait desbideratzea ekarri du; kontua da auziak hor segitzen duela. Bi hilabete bete diren honetan, zeintzuk dira une honetan lehentasunak?

Bi gaitz etorri zaizkigu bata bestearen atzetik gainera: guk uste dugu alarma egoeran gaudela otsailaren 6tik. Koronabirusak hartu duen dimentsioa ikusirik, uste dugu zaila dela horri aurre egitea. Baina jarraitzen dugu pentsatzen Zaldibarren gertatutakoa batzuen diru-goseak eta besteen interesek eragin dutela, eta ekidin zitekeen kontu bat zela. Eta nahiko modu errazean, gainera: hondakinen kudeaketa eredua aldatzen, publikoa, zuzena eta zentzuzkoa bilakatuz. 

Lehentasunen artean, nola ez, Joaquin eta Alberto aurkitzea da lehena. Baita Zaldibarkoa ez errepikatzeko bermeak hartzea ere. Herritarrok lasai bizitzeko eta informatuak egoteko eskubidea dugu. Erantzukizunak hartu egin behar dira, orain arte agintariek ez dutelako halakorik egin.   

Egoera guztia salatzeko protesta ekintzak deitu dituzue apirilaren 6rako, eta noski, testuinguruak behartuta, modu berezi batean izango dira.

Hain juxtu, hau guztia hasi zenean, martxoaren 12an, paro eguna deituta genuen; goizeko ekintzak burutu genituen, baina arratsaldeko mobilizazio bateratua bertan behera utzi genuen herritarren osasunak benetan arduratzen gintuelako. 

Bitarte honetan, saiatu gara sare sozialetatik gaia jorratzen, eta egin ditugu hainbat kazerolada ere balkoietatik. Baina astelehen honetan bi hilabete betetzen direla ikusirik, zerbait berezia antolatu nahi izan dugu. Horregatik, arratsaldean balkoiak eta leihoak aldarrikapenez betetzeko deia egin dugu eta 20:00etan bost minutuko burrunbada egingo dugu, amaitzerakoan Alberto eta Joakinen oroimenez kandela bana piztearekin batera. 

Deialdia Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu, beraz guztiok animatzen ditugu parte-hartzera.