Zuzenean

NAIZ IRRATIA

'Zaborrezko munstroa', Zaldibarko auzia argitu dadin kultur sortzaileen ekarpena

Zaldibar Argitu plataformaren eskutik, 'Zaborrezko munstroa' kanta eta bideoklipa argitaratu dituzte. «Herriak erantzunak, erantzukizunak, behar ditu» dio kantuak bere errepikan. Txakur Gorriak egin ditu hitzak eta Miren Narbaizak eta Kokeinek musika; hainbat musikariren kolaborazioa ere izan dute, gainera. 

'Zaborrezko munstroa' kantua zabaldu du Zaldibar Argitu plataformak; zabortegian gertatutako guztiaren inguruan erantzunak eskatzeko ekimen berri bat da, kultur mundutik datorrena, kasu honetan. 

Herri plataformak sustatuta, Txakur Gorria kolektiboak jarri ditu hitzak eta Miren Narbaizak eta Kokeinek musika. Ahotsetan Narbaiza eta Kokeineko Zaloaz gain, Su Ta Garreko Aitor Gorosabel, Maite Arrotajauregi (Mursego) eta Txakur Gorriako Malen ere izan dira. Koroetan, David Karba eta Jokin Bergara aritu dira eta irudian Unax Blanco, Natalie Hickey eta Yanire Sagredo.   

Astelehenean beteko dira bi hilabete istriputik. Honen harira burrunbada deitu du herri plataformak 20.30erako. Gainera, gaur publiko egin duten kantua balkoi eta leihoetatik jartzeko deia ere egin dute. 

Kantuaren hitzek Zaldibarko ezbeharraren inguruan izandakoak gogorarazten ditu, agintarien aldetik egon den informazio falta eta zaborren kudeaketa eredua ere salatzen du. Hauek hitzak: 

Zaborrezko munstroa

Zaborrezko munstroak
oka egin digu,
gauak dira suzkoak
gezurra ari du.

Nondik dator usaina?
Zenbat hitz karratu…
Ez da arriskurik baina,
leihoak zarratu.

Herriak erantzunak,
erantzukizunak
behar ditu
Zaldibar argitu!

Gorbata mugimendu
aberats poseak,
miseria sortzen du
botere goseak.

Sortu dugun pozoia
datorkigu bueltan,
ez da kabitzen lohia
alfonbra azpietan.

Herriak Joaquin, Alberto
gertuko, etxeko
behar ditu
Zaldibar argitu!

Bizitza omen zen handiena
baina agian ez guztiena.

Herriak erantzunak,
erantzukizunak,
Joaquin, Alberto
gertuko, etxeko
behar ditu
Zaldibar argitu!

Jaurlaritza Logoa