En direct
Urteak dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Euskal Herriko etxeetan txoko bat irabazi zutela. Eta orain, inoiz baino gehiago, familia askotan ezinbesteko lagun, makulu bilakatu dira etxeko txikienen orduei kolorea jartzerakoan. Naiz irratian txanponaren beste aldeari erreparatu nahi izan diogu: ez dugu zalantzarik Pirritx , Porrotx eta Marimotots primeran moldatuko direla, baina jakin nahi izan dugu Aiora, Joxe Mari eta Mertxe, zer moduz dauden.
Aiora Zulaikak azaldu digunez, oraindik aklimatazio fasean dago bera, etorri dena eta datorrena ulertu eta barneratu nahiean. Argi du ordea, honek guztiak zerbaitetarako balio behar duela, besteak beste, daramagun bizimoduaz hausnartu eta gure bizitzei eman nahi diegun norabidea marrazten hasteko.
Hiruek botatzen dute faltan bata bestaren gertutasuna lan egiterako garaian, Mertxe Rodriguezek esan digu asko ari zaiola kostatzen bere lankideekin pantaila bitartez elkartzea. Beste modurik ezean ordea, horretan jartzen ahalegintzen ari dela.
Joxe Mari Agirretxek, desinformazio sentsazioak sortzen duen ezinegona eta kezka izan ditu aipagai, besteak beste, eta gure etxeetan, etxeko txikienen alde emozionala zaintzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Beraien egunerokoari dagokionez, emanaldiak bertan behera utzita, sare sozialen bidez egunean hiru aldiz etxeko txikienengana iristen saiatzen dira proposamen desberdinak luzatuz. Horretaz gain, datorren denboraldiari begira ere ari dira lanean. Heriotzaren gaia landuko du Pirritx, Porrotx eta Marimototsen hurrengo ikuskizunak. Heriotza bai, baina bizitzaren alderdi ederrenak agerrarazteko asmoarekin.
Gure etxeetako itxialdian gauden honetan, bestelako itxialdiak pairatzen dituztenak ere gogoan izan ditu Joxe Mari Agirretxek, euskal presoak esaterako.