Zuzenean
Kezka eta beldurra, bisitarik gabe geratu diren presoekiko
Koronabirusaren krisiak bisitarik gabe utzi ditu euskal preso politikoak. «Lehen ez genuen aski eta beldur bat gehiago orain», kezkaz bizi dute senideek espetxeetan birusak izan lezakeen garapena, bereziki adinean gora doazenen kasuan. Telefonoa dute orain lotura hari bakar. Hala ere, animoz mintzo dira senideak, «hau ere egingo dugu!»
Kezka eta beldurra, bisitarik gabe geratu diren presoekiko
«Senide gisa kezka bat gehiago, ez genuen aski eta begira, kezka eta beldur bat gehiago orain». Joana Haranburu Xistor Haranburu euskal preso politikoaren alabaren hitzak dira. Koronabirusaren krisia lehertu zenetik senide gisa oso kezkatuta daude. Oihana Paroten aita eta osaba, Unai Parot eta Jon Kepa Parot, biak daude kartzelan. Bisitarik gabe, «momentuz telefonoa, eskerrak baditugula deiak», dio Oihanak. Asier Oiarzabal presoaren sei urteko alaba Ihintzari azaldu dio jada amak, Ainhoak, «denbora asko pasako dela elkarrekin egon ahal izan arte». Kostatzen ari zaio aita ezingo duela ikusi onartzea eta galderak egiten dizkio amari: «Ezin dugu joan? Bakarrik egongo da? Eta kororabirusa harrapatzen badu?».
Kezka, horixe da une honetan euskal preso politikoen senideen artean nagusi dena. Koronabirusaren krisiak jendartean kezka eta ezinegona ekarri baditu, espetxeei begiratuta biderkatu egiten dira sentipen horiek. Joana Haranburuk dio zortea dutela aitak egunero duelako telefonoz deitzeko aukera. «Ezin ikusi, baina momentuz berri freskoak ditugu egunero». Lannemezango kartzelan dago Xistor Haranburu eta alabaren esanetan gaur gaurkoz kartzelako baldintzak ez dira aldatu eta «momentuz ez du ematen kartzelan koronabirus kasurik dagoenik». Birusa espetxera sartuko balitz «katastrofea» litzatekeela dio. «Ospitaleetan maskarak ez dira, pentsa kartzeletan». Zentzu honetan, gaixo dauden presoak era berezian ditu gogoan. «Kezkatuta eta beldurtuta», Joanaren «esperantza» da birusa «kartzelaren ateetan gelditzea».
Oihana Paroten aita, Unai Parot, Andaluzian dute preso, Puerto III espetxean. Une honetan, Joana bezala, Oihana ere telefonoari so dago. «Momentuz aitak askotan deitzen gaitu ni eta ahizpa». Aita kezkatuta dago, euskaldunak ez diren presoak bisitarik gabe «piska bat» erotuko ote diren, haserretu eta espetxeko arduradunek preso guztiak isolamendura bidaltzea erabakiko ote duten beldur. Datozen asteetan, egoera hau luzatzen denean, «ondorio larriagoak» egon daitezkeela uste du.
Asier Oiarzabal presoaren bikoteari zail egiten zaio «egoera berri eta berezi honi hitzak jartzea». Ainhoak eta Asierrek, biek azaldu diote 6 urteko alabari «denbora asko» pasako dela elkarrekin berriro egon ahal izan arte eta Ihintzari kostatzen ari zaio hori onartzea. Baita Ainhoa eta Asierri ere, noski. «Guri ere, gogorra da, buruak lasai mantentzen saiatu baina urduritasunez bizi dugu egoera». Gainerako presoak ere gogoan ditu Ainhoak. «Asirekin badaude adina daukaten presoak baita gaixo daudenak. Nere buruak dio, ze ostia egiten dute hor barruan, etxean beharrean?».
Bikotearekin egunero hitz egiten du Ainhoak eta dio presoak kanpora begira daudela. «Kezka du ea nola daramagun egoera bakarrik eta umeekin, inpotentzia du, egun osoa pasatzen du nola gauden pentsatzen». Eta etxetik, presoa lasaitzen saiatzen dira. «Gu animoak eman eta lasaitasuna transmititzen saiatzen gara bera ere lasaiago egoteko». Izan ere, «espetxe barruan ere tentsioa nabari da».
Itxialdian gauden honetan, jende askok esan omen dio egunotan Ainhoari «asko gogoratzen dela presoetaz» eta galdetu diote «nola egiten duten hainbeste urtez zulo horretan egoteko». Bada, guzti hau bukatzen denean gogoratu beharko dugu, Ainhoaren esanetan, «gurea bukatu dela» baina presoek urtetako itxialdian jarraitzen dutela. Bitartean, «egunak kontatzen jarraituko degu elkar besarkatzeko eta familai osoa batera egoteko. Hau ere egingo dugu!».