En direct
Antonio Arrizabalaga Zaragozan hobiratu zuten 1937an, gerran hil ostean, baina familiari ezer esan gabe eraman zuten ondoren Madrilera, Erorien Haranera. Senideak Udalarekin harremanetan jarri eta hala joan zen Zumarragako alkatea Antonioren hobia ikustera, Erorien Haranera: «Inpresioa egin zidan, inpaktantea da. Injustizia eta erreparazio falta familientzako. Pena asko sentitu nuen, horrelako zirrara bat gorputzean, daukan dimentsioagatik. Priorrak erakutsi zidan Antonio non zegoen, argazkiak ateratzeko aukera izan nuen eta gero familiari pasa nion informazio guztia».
Antonioren familia Zumarragako udalaren babesarekin ari da hura etxeratzeko tramiteak bideratzen: aurreko legealdian mozio bat onartu zuen udalak aho batez, Madrili eskatzeko Antonio Zumarragara ekar zezaten: «Familiak dio horrek asko lagundu diela. Gaur Franco handik ateratzea inlfexio puntu handia da beraientzat eta horrek emango du giltza, ibilbide honetan hasiak diren familientzako: orain ikusten dute zaila izango dutela oraindik ere, baina ez oso zaila, Antonioren gorpuzkiak Zumarragara ekartzea».
Diktadorearen deshobiratzearekin baikor agertu da alkatea, dioenez, familiak esperantza duelako etorkizunari begira: «Ibilbide berriko lehen pausua da hau. Franco bertan ez egoteak, ate asko zabalduko dituen esperantzarekin dago familia».
Francoren deshobiratze ekitaldian entzun diren ohiu frankistez eta frankismoari gorazarreaz, Serranok dio perspektiba hartzen jakin behar dela: «Gaurko ohiu horiek oso puntualak dira eta datorren astean ez dute oihartzunik izango. Gaurko benetako notizia da, erreparazioaren mesedetan, Franco iada ez dela egongo inoiz egon behar ez zuen lekuan».