Zuzenean
Gerra Zibilean, tropa frankistek frentera eraman zuten Lucas, Ekhiñe Atorrasagastik kontatu duenez: «Derrigortuta eraman zuten osaba Lucas. 13 anai-arreba jaio ziren eta errepublikaren alde zeuden frentean gizon gehienak. Etxean geratzen zen gizon bakarra zen Lucas eta 1936ko abuztuaren 2an derrigortuta erreklutatu zituzten. Teruel aldera bidali zuten eta Levanteko batailan galdu zuen bizia».
Atorrasagastiren amonak lortu zuen Lucasen hezurrak Terueletik Tolosara eramatea, eta duela urte gutxi jakin zuen familiak gorpuzkia ez zegoela iada euren herrian, Erorien Haranean baizik: «Inork ez zigun baimenik eskatu, inork ez zigun ezer jakinarazi, baina badirudi 1962an eraman zutela. Gure osabarekin batera, beste asko eraman zituzten. Erorien Harana betetzeko lana egin zuten».
Orain, osaba Lucas etxeratzeko tramiteak abian ditu Atorrasagastiren familiak, baina erakundeen babes falta salatu du: «Araba, Bizkai eta Gipuzkoan memoria historikoaren legerik ez dagoenez, familiek zuzenean egin behar izaten ditugu halako tramiteak, beraz ez nau harritzen gaurdaino bost euskaldunen hezurrak baino erreklamatu ez izana».
Diktadorearen deshobiratzearen inguruan sortutako espektakularizazioa salatu du, halaber, Atorrasagastik: «Ekitaldian ‘viva Franco’ entzuten dudanean hotzikarak sentitzen ditut gorputzean puntatik puntara. Beste 2.000 euskaldun daude hor, eta badirudi Francoren hezurrak hortik ateratzea sekulako garaipena dela».