IRRATIA

«Ez daukagu zalantzarik leherkari horiek Israelek bidali zizkigula opari gisa»

Oztopo eta mehatxu guztien gainetik, Gazako Zerrendara heltzeko asmoari eusten dio Sumud Flotillak. Itziar izeneko eskifaiako kidearen arabera, «helburua da 2007tik luzatzen den setio ilegal hori apurtzea eta mugetan blokeatuta laguntza humanitarioari bide ematea». 

Tunisiako neskato bat, Sumud ontzidia bertatik atera zen unean. (Gazarako Mugimendu Globala)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Siziliako uhartearen inguruan zegoen Sumud Flotillako euskal ekintzaileak garraiatzen dituen ontzietako bat elkarrizketa hau egin den unean. Aurki batuko dira Mediterraneo itsasoan Ipar Afrika eta Italiatik abiatutako beste itsasontzi solidario batzuekin. Hasieran izandako arazo tekniko eta meteorologikoen ostean, Gazarako Mugimendu Globalak antolatutako ontzidiaren aurkako mehatxuak eta erasoak izan dira protagonistak azken egunetan. Gutxienez bi izan dira ekintzaileek salatu eta bideoetan jaso dituzten erasoak, irailaren 9 eta 10ean. Ezustekorik ordea, ez zuten hartu jakin badakitelako aurrean duten arerioa. «Ez daukagu zalantzarik leherkari horiek Israelek bidali zizkigula opari gisa», azaldu du Itziar izeneko euskal ordezkariak; «ia gauero izaten ditugu droneak buruen gainetik bueltaka», gaineratu du. 

Tuniseko portuan «eraso egin zioten ontzietako batetik gertu» zegoela azaldu du NAIZ Irratian, eta gertakari «harrigarria» izan arren, berretsi nahi izan du beraien aurkako operazioa «ez dela deus Gazan duela bi urtetik hona bizitzen ari direnarekin. Horregatik nahi genuen aipatu Israel arreta desbideratzen ari zela, flotillari eraso eginez». 

Beste ontzidi batzuek aurrera eraman eta kale egin zuten saiakera horiek guztiak gogoan nabigatuko dute Gazarantz, Zerrendan hain premiazko diren elikagai eta sendagaiekin. Zailtasunez kontziente dira, baina hasierako asmoei tinko eutsiko diete. Global Sumud Flotillako euskal kideak dioenez, «helburua da 2007tik luzatzen den setio ilegal hori apurtzea eta mugetan blokeatuta laguntza humanitarioari bide ematea». 

Bien bitartean, kaleetan ere presioa mantentzeko deia zabaldu du Gazarako Mugimendu Globalak. Mundu mailako mobilizazioak deitu dituzte, hilaren 18an, estatu eta enpresek Israelgo Estatuarekin dituzten harremanak salatzeko. Hurrengo hitzorduak Euskal Herrian Bilbon, Gasteizen eta Iruñean jarri dituzte arratsaldeko 19:00etan eta herrika ere zenbait protesta antolatzea espero da. Iruñean kontzentrazioa egingo dute Nafarroako Jauregiaren aurrean. Bilbon eta Gasteizen, berriz, manifestazioak daude deituta, Jesusen Bihotza plazatik eta Bilbo plazatik abiatuta, hurrenez hurren. Egun berean baina eguerdian, Gasteizen Eusko Legebiltzarra giza kate zaratatsu batekin inguratzera deitu dute, 13:00etan.