Zuzenean

Palestinar kostaldea helmuga, Mediterraneoko zehaztu gabeko punturen batean dago une honetan Gazarako Mugimendu Globalak antolatutako Sumud Flotilla. Azken orduetan eta berriz ere eguraldi txarra tarteko, itsasontzi xumeenek porturantz egin behar izan dute, aurrerago bideari berrekiteko helburuz. Ontzidiaren zatirik handienak ordea, bere bidearekin jarraitzen du.
Espedizio horretan, Gazarako Mugimendu Globaleko lau euskal herritar doaz. «Helburuetako bat da nazioarteko gobernuei presioa sartzea», azaldu dio Naiz Irratiari, Itziar izeneko ekintzaileak, «Israeli behingoz exijitzeko genozidio honekin amaitzea», gaineratu du.
Bartzelonatik 300dik gora kide irten ziren joan den igandean, hiru aste barru Gazako kostaldera heltzeko asmoz. Hala ere, egun hauetan 11 ontzik itzuli behar izan dute Kataluniako hiriburura eguraldi txarra dela eta. Honakoa esan du Itziarrek: «Atzo ekaitza nahiko bortitza pairatu genuen. Barkoan goazen askok ez daukagu itsasoan esperientzia handirik, edo bat ere ez, eta jende askorentzat oso konplikatua suertatu zen lehenengo bidai tarte hori eta erabaki zen batzuk bueltatzea, baina berriz ere abiaraziko dira».
Itsasontziak goraino beteta doaz laguntza humanitarioarekin. Gosete betean, elikagaiak eta premiazko medikamentuak garraiatzen dituzte bereziki. Salaketa publikoaz harago eta arriskuez jakitun izanda, tinko eutsiko diote Gazarekiko blokeoa apurtzeko helburuari.
Terrorismoaren mehatxua
Benjamin Netanyahuren Gobernuko ministro ultrasionistenak jada jomugan jarri du ontzidi baketsua. Terroristatzat tratatzeko eskatu du Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroak. Horrek kondenarik gabe eta bermerik gabe espetxeratuak izatea ekarriko luke.
Ez diote ordea beldurrik Estatu Sionistari Sumud ontzidikoek, nazioarteko legedia eskutan, Israel delako ekintza terroristak burutzen dituena, euskal ekintzaileak gogorarazi duenez, «azpimarratzekoa da flotillak egingo duen bidea nazioarteko uretan egingo dela, hau da, nazioarteko legedia uneoro beteko dugula. Israelek esku hartzen badu flotillaren aurka bera egongo da beste behin ere nazioarteko legedia urratzen».


