IRRATIA

«Osasun publikoa ez da pribatizazioaren bidez bermatzen»

Ezker Anitza-IUk zuzendaritza berria du jada, Iñigo Martinezek gidaritza utzi ondoren. Barne hauteskundeetan botoen %65 inguru lortu ostean, Arantza Gonzalez izendatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzaile politiko nagusi. 

Arantza Gonzalez, NAIZ Irratiko estudioetan. (Naiz Irratia)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusi izendatu dute Arantza Gonzalez eta gogotsu agertu da erronka berriari aurre egiteko, militanteen konfiantza eskertuz. Gonzalezek adierazi du zuzendaritza berriak babes zabala jaso duela, eta alderdia prest dagoela bere politika «errotik ezkerretik» egiten jarraitzeko.

Osasun Itunaren inguruan galdetuta, argi azaldu du Sumar koalizioak zergatik egin duen atzera akordio horretatik: «Gure helburua osasun publikoa bermatzea da, eta hori ezinezkoa da eredu pribatizatzaile baten bidez». Sindikatu nagusiek ere uko egin diote itunari, eta Ezker Anitzak ez du aldaketarik ikusten Osakidetzaren egungo egoeran.

Bestalde, ustelkeriaren aurkako jarrera irmoa erakutsi du: «Ustelkeriak demokraziari kalte handia egiten dio, eta horregatik 35 neurri jarri ditugu mahai gainean». Azpimarratu duenez, iruzur fiskala ere gizarte osoari egiten zaion iruzurra da. «Urtero enpresa berdinak agertzen dira zerrendetan, eta horri amaiera eman behar zaio».

Industria sektoreari dagokionez, sektore estrategikoen publifikazioa proposatu du Ezker Anitzak: energia, telekomunikazioak eta bankuak esku publikoetan egon behar dutela dio, «benetako autonomia ekonomikoa izateko».

Kritiko agertu da Eusko Jaurlaritzaren jokabidearekin ere, industria planak kontsultora pribatuen bidez bideratu dituelako: «Sektore publikoan eta unibertsitate publikoetan gaitasun nahikoa dago lan horiek egiteko».

NATOren inguruan ere jarrera argia erakutsi du Gonzalezek: «Bakearen aldekoak gara eta NATO soberan dago. Estatu Batuen interesen menpe dagoen aliantza militar bat da, eta ez da bateragarria bakearen politikekin».