Bueltan da, pantaila handian, Pamela Anderson
Astero bezala ez du hutsik egin Aimar Erkiagak Bideokluba saioan. Hemen dituzue asteko bost gomendioak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Tres kilómetros al fin del mundo
Errumanian kokatutako 'Tres kilómetros al fin del mundo' filmean, Emanuel Pârvu zinemagileak nerabe baten barne bidaia emozionala eta ingurune atzerakoi baten aurkako talka aztertzen ditu. Filmak 2023ko Canneseko eta Valladolideko Zinemaldietan parte hartu zuen, Europar Zinemaren Galan saritua izan zen, eta Errumaniaren ordezkari izan da Oscarretarako lasterketan.
Adi protagonista gaztea Danubioko deltako herri txiki batean bizi da eta udako oporraldi lasaia igarotzen ari da gurasoekin. Baina gau bateko eraso homofobo bortitzak bere sexualitatearen inguruko zalantzak eta inguruko balio tradizionalekin dituen gatazkak lehen planoan jarriko ditu. Hortik aurrera, identitatearen eta askatasunaren bilaketa sakon bat hasiko du, familiaren eta komunitatearen presioen aurrean.
Errumaniar olatu berriaren testuinguruan kokatzen da Pârvuren lana, Cristian Mungiu edo Cristi Puiu bezalako zinemagileekin lotuta. Korronte honek gizarte-errealitate gordina, formaren soiltasuna eta emozio sakonak uztartzen ditu, eta zinema europar garaikidearen zutabeetako bat bihurtu da azken urteotan.
Filmaren estetika zainduak eta Danubioko paisaia natural ikusgarriek protagonistaren barne gatazkarekin bat egiten dute, eta trailerrean ikusten denez, kanpoko lasaitasunaren eta barneko suminduraren arteko tentsioa nabarmen azaleratzen da. Kritikaren aldetik harrera oso ona izan du, eta hainbat ahots aditu film hau Pârvuren lanik helduena eta hunkigarriena dela diote.
Tres kilómetros al fin del mundo bihartik aurrera ikusgai egongo da zinemetan.
The Last Show Girl
Pamela Anderson protagonista, Gia Coppola (Francis Ford Coppolaren iloba) zuzendari lanetan, 'The Last Showgirl' filmak Estatu Batuetako kontsumo-gizartearen alde iluna islatzen du. Filmak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen 2023an, eta Epaimahaiaren Sari Berezia jaso ondoren, gure zinema aretoetara iritsi da.
30 urtez kasino bateko dantzari izan ondoren, 50 urtetik gorako emakume protagonistak ikuskizunaren mundua utzi beharko du. Lanetik kaleratua izanik eta ama rola hartu beharrean, bizitza berreraikitzeko beharra izango du, askotariko zailtasunei aurre eginez: familiako tentsioak, zahartzaroaren arrakala, eta glamouraren atzean ezkutatzen den hutsunea.
Bideokluba saioko zinema aholkulariearen arabera, filmak Darren Aronofskiren 'The Wrestler' (El Luchador) ekartzen du gogora: zaharkituta geratu den show-business-eko figura baten gainbehera eta biluztasun emozionala aztertzen ditu. Kasu honetan, emakumezko bat jarri du erdigunean, ikus-entzunezko lanetan ohikoa ez den ikuspegitik.
Estetikoki, 35 mm-ko zinematografia zainduarekin filmatua dago, eta horrek kontraste deigarria sortzen du istorioaren dramatismoaren eta irudiaren edertasunaren artean. Hala ere, batzuek iritzia dute kontraste hori ez dela beti edukiarekin koherentea, eta istorioaren sakontasuna mugatua dela. Filmak klase apaleko emakume heldu baten istorioa jaso nahi badu ere, zuzendariaren begirada distantziatua sumatzen dela uste da zenbaitetan.
Dena den, aktore nagusien lanak goraipatuak izan dira: Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista bezalako izen handiak ageri dira filmeko rol ezberdinetan, maila sendo batean.
Eureka, Filmin
Asteko hirugarren gomendioa Lisandro Alonso zinemagile argentinarraren azken lana da: Eureka. Zinema esperimentalaren eta vanguardistaren alorrean erreferente bihurtu den egile honek, kolonialismoa, globalizazioa eta Estatu Batuen jatorrizko herri indiarrekiko eraso historikoak aztertzen ditu, western generoa baliatuz.
Istorioaren ardatzean Alaina dago, Pine Ridge-ko indiar erreserban polizia den emakumea. Bere iloba Sadie desagertuta dago, eta zain egon ondoren, Alainak zalantzan jarriko du bere bizitza eta nortasuna. Zuri-beltzeko western klasikoetatik aldenduz, espazio eta denboran zehar bidaiatuko du, Hego Amerikako oihanetaraino iritsiz. Bertan, beste pertsona batzuen ametsak entzuten hasiko da, eta ikus-entzunezko esperientzia poetiko eta aldakorrean murgilduko da.
Aimar Erkiagak kontatu digu, filma 2023an Canneseko Premiere sailean estreinatu zela, eta Bartzelona, Xixón eta Sevillako zinema-jaialdietan lehiatu ondoren, FILMIN plataforman ikusgai egongo dela bihartik aurrera.
Erkiagaren ustez Lisandro Alonso da XXI. mendeko zinema garaikidearen izen garrantzitsuenetako bat: «Bere aurreko lanak –La Libertad, Liverpool, Jauja– autore zinema geldotsu eta kontenplatiboaren adibide argiak dira. Bere lana, sarritan, Paul Schraderrek 'Slow Cinema' izendatutako korrontearen barruan kokatzen da: erritmo geldoa, irudiaren kontenplazioa eta esanahi geruzatsuak lehenesten dituen zinemagintza mota».
Erkiagak nabarmendu du 'Eureka' film aberatsa eta konplexua dela. Westernaren iruditegi klasikotik abiatuta, gaur egungo indiar komunitateen egunerokotasunera eramaten duela ikuslea, eta hortik naturaren bihotzera, basora, istorioa metafora eta sinboloz betetako azken fasera eramaten duela.
Jurado Nº2, Movistar +
Laugarren gomendio gisa, Clint Eastwood estatubatuar aktore eta zuzendari ospetsuaren azken filma proposatu digu Aimar Erkiagak: Jurado Número 2. Epaiketa bat eta justizia morala ditu ardatz filmak, eta nahiz eta karteldegian isilpean pasa, interes handiko proposamena da Erkiagaren aburuz. 94 urte dituela, Eastwoodek bere 39. filma zuzendu du, oraindik ere aktibo eta zinemazale askorentzat erreferente izanik.
Filmak familia baten aita den gizonezko baten istorioa kontatzen du. Gizon hori epaimahaikide izendatuko dute goi-mailako hilketa baten epaiketan. Prozesuan zehar, dilema moral larri bati egin beharko dio aurre: bere iraganeko ekintzek zerikusia izan dezakete kasuarekin, eta berak hartutako erabakiak erabakigarriak izango dira ustezko hiltzailea kondenatzeko edo askatzeko.
Egia eta justizia gai nagusien inguruan hausnartzen du filmak: beti ote dira egia eta legea bateragarriak? Justizia erabakietan oinarritu behar da ala gertaeretan? Galdera horiek protagonistaren barne gatazkaren bidez garatzen dira, istorioa pixkanaka tentsioz betetako kiribil batean bilakatuz.
Filma jada ikusgai dago Movistar+ plataforman.
Blossoms Shangai, Filmin (telesaila)
Blossoms Shanghai telesailak Ah Bao izeneko pertsonaia misteriotsuaren istorioa kontatzen du, Shanghaiko neon argien artean, 1960ko hamarkadatik XXI. mendearen hasierara arte. Erreforma ekonomikoak aprobetxatuta, eta bere osaba eskarmentuduna, lagun berritzailea eta Kanpo Merkataritza Bulegoko andereñoaren babesa lagun, Ah Bao negozio-munduan nabarmentzen da eta "Bao jauna" bihurtzen da. Hala ere, bere ibilbidea eta bizitza kolokan jarriko ditu Lisboa Handia izeneko jatetxe bat irekitzen duen emakume misteriotsu batek.
Telesaila 30 kapituluk osatzen dute, bakoitza 45 minutukoa. Proiektua Wong Kar Waik zuzentzen du, In the Mood for Love, Chunking Express, 2046 edo Happy Together bezalako film klasikoen egileak, eta mundu mailako ospea lortu duen zinemagileak.
Nahiz eta egilearen lanek guztiz ez duten unibertsaltasunez konektatzen ikusle guztiekin, Wong Kar Wai hainbat zinemazaleren eta adituen zuzendari gustukoenetako bat da. Bere zinemaren eragina ukaezina da, eta Cannes, Berlin, Valladolid edo Venezia bezalako jaialdietan jasotako sari eta aipamenek hori berresten dute.
Blossoms Shanghai telesailak herrialdean gertatutako aldaketa sozioekonomikoak aztertzen ditu eta zinemagileak hamarkadetan eraikitako unibertso pertsonalaren luzapen gisa aurkezten da. Istorioa 50 urteko epean kokatzen da, eta 30 kapituluetan garatzen da.
Azkenik, jakin badakigu telesailaren lehen 15 atalak ikusgai izango direla datorren astelehenetik aurrera Filmin plataforman. Gainerako 15 kapituluak urte amaieran estreinatuko dira.