IRRATIA

Euskal Herrian diskoa aurkeztu ostean, Madril eta Zaragozan izango da Ohil taldea

‘Akorde beste orbain’ lan gordina kaleratu du duela hilabete batzuk Ohil talde bizkaitarrak. Zortzi kantu dituen diskoa energikoa da oso, melodikotasuna eta dinamika handikoa. NAIZ Irratiko MusikHaria saioan aurkeztu dute.

Erik Berganza, Mario Fernandez eta Ibai Arrizabalaga ‘Ibaiko’ dira Ohil taldea osatzen dutenak. (OHIL)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Talde berria da baina ez dira hasiberriak Ohil taldeko kideak. Iheskide, Arakil, Abereh edota Bazka taldeetan ikusi ditugulako Ibai Arrizabalaga bateria-jotzailea, Erika Berganza gitarra-jotzailea eta Mario Fernandez baxu-jotzailea. Power trioa dira eta hiru estudiotan grabatu dute debuteko ‘Akorde beste orbain’ diskoa: Haritz Harreguyrenean, Mikel Kazalisen Fidelenean eta Amaraun Arte Fabrikan. 

Zortzi abestiz osatzen da lana eta melodikotasuna eta izaera dinamikoa duten abestiak direla esan dezakegu. Kritika soziala nabarmena da, izan klase politikotik abiatuta edota eguneroko ohiko egoeretan fokua jarrita. Hardcore melodikoa, skate-punk delakoa, emo ukituak baina iluntasuna ere badu diskoak. 

Zuzenekoak Euskal Herrian abiatu bazituzten ere, kanpora irtengo dira orain. Azaroaren 29an Madrilen eta 30ean Zaragozan izango baitira, gero berriz ere Euskal Herrian aurkezten jarraitzeko. Abenduaren 13an Gasteizko Orbain elkartean eta urtarrilean 24ean Bilbon eta 25ean Bermeoko Kapillan. 

Bitartean NAIZ Irratiko MusikHaria saioan diskoan sakondu genuenekoa entzuteko aukera duzue goiko aldean eta baita diskoa bera osorik ere plataforma digitaletan. Edizio fisikoa, berriz, beren bandcamp orrialdean eskuratu daiteke.