IRRATIA

«Zinea ikasi nahi dutenentzako material didaktikoa izan daiteke liburu hau ere»

Nekaezina da Paul Urkijo zine zuzendaria. 'Irati filmaren artea' liburua aurkeztu duen aste berean eman du jakitera bere hurrengo proiektua: 'Gaua'. XVII. mendean eta sorgin ehiza betean kokatutako film fantastikoa.

Paul Urkijo 'Irati filmaren artea' liburuan. (Gorka Rubio )

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Paul Urkijo zuzendariaren 'Irati' filma dela bi urte estreinatu bazen ere, oraindik, oihartzunak iristen dira, izan sari moduan edo liburu moduan.  200 orrialdetik goiti dituen 'Irati filmaren artea'  liburua kaleratu berri du zuzendari arabarrak Elkar argitaletxearekin, bertan pelikulako sekretu ugari konpartitu nahi izan ditu: nola errodatu ziren eszena ikusgarrienak, zein izan diren erabilitako efektu bereziak, amarru digitalak, nola diseinatu ziren arropak, bitxiak, herrixkak... Ezer ez baita ausazkoa Irati filmean.

«Nik beti erosi izan ditut horrelako liburuak», aitortu du Paul Urkijo zuzendariak NAIZ irratiko Bideokluba saioan. 'Eraztunen Jauna' filmak badu berea, baita Guillermo del Toro zuzendari mexikarraren hainbat filmek ere, eta liburu horien oso zaletzat du bere burua Urkijok, «nik arte ederrak ikasi nuen eta hortik datorkit marrazteko grina. Baina, material paralelo guzti horrekin  hezi naiz eta asko ikasi dut zinemagintzaz horrela. Liburu hau ere zinea ikasi nahi dutenentzako material didaktikoa izan daitekeela uste dut».

Ez da erreza 'Irati' filma egiteko Paul Urkijok bere buruari paratu zion erronka, Euskal Herriko mundu mitologikoan murgildu baitzen. Beraz, nola lurreratu pertsonaia mitologiko bat? Edo,  nola irudikatu Mari jainkosa? «Orain, liburuari esker, bigarren ikustalditik aurrera filmeko geruza ezberdinekin jabetuko da ikuslea», azaldu du Urkijok. Dudarik gabe, oso eskuzabala izan da Paul Urkijo, filmeko sekretu ugari konpartitzen baititu liburu honetan. Orreagako bataila nola errodatu zen azaltzen du urratsez-urrats.  Azaltze ditu ere Mariren agerpenean erabili zituzten trikimailu eta efektu digitalak: «Jende asko beldur zen Mariren agerpenarekin, baina jendeak flipatu egin du Mari ama jainkosa erdi maitagarri erdi beldurgarriarekin...».

Ezbairik gabe, mugarri izan da euskal zinearen historia laburrean : orain arteko ekoizpenik handiena izan da, 4,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Euskarazko film baten estreinaldi onenaren langa, berea da, eta badu beste lorpen bat ere: oraingoz Irati da euskarazko film ikusiena zinema aretoetan.

'Gaua' Paul Urkijoren film berria
Hain zuzen, 'Irati filmaren artea' jendaurrean aurkeztu duen aste berean emandu jakitera zuzendari arabarrak bere hurrengo proiektua. Datu gutxi eman ditu jakitera, baina jakin badakigu 'Gaua' duela izena bere hirugarren filmak. Irati filmeko aurrekontu antzekoa izango duela, lan talde tekniko berarekin jarraituko duela lanean eta iluntasuneko izaki mitologikoetan murgilduko dela ikustea. Errodajea urtarrilean izango da eta Irusoin eta Filmak ekoiztetxeak daude tartean.

XVII. mendean, sorgin-ehiza betean, Kattalinek atzean utziko du baserria gauaren erdian, senarrarengandik ihesi. Basoaren belztasunean galduta, haren atzetik dabilen presentzia sentitzen hasiko da. Bere bidean hiru emakume maitagarrirekin egingo du topo eta, arropa garbitzen duten bitartean, herriko beldur eta esamesen ipuinak kontatuko dizkiote elkarri. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.