IRRATIA

A-bop-bop-a-loom-op a-lop-bop-boom!

Izenburu ez zaizue horren ezaguna egingo, akaso. Ba, paradoxikoa izan arren, hauxe omen da rock & roll klasikoaren letrarik nabarmenenetariko bat.

Elvis Presley (Elvis Presley)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


'A-bop-bop-a-loom-op a-lop-bop-boom!', horren ostean tutti-frutti baldin badator, imajinatzen dut askori argitxo bat piztuko zaizuela ezta? Jakin, irakurri berri duzuen hori omen dela rock & roll klasikoaren letrarik nabarmenetako bat. Ad Libitum saioan, rock & rollaren bilakaera oso orokor bat egingo dugu. Bidaia honetan lagundu nahi?

Oso zaila da nazioarteko kulturan horrenbesteko inpaktua eragin zuen genero musikal baten bilakaera ordubetean laburbiltzea. Artista, abesti eta korronte garrantzitsu asko kanpoan uzteko arriskua dago. Horregatik, gaurkoan nazioarteko rock and rollean zentratuko gara batik bat, eta liburu batean oinarrituko gara errepaso hori egiteko: Lenny Kaye musikari eta idazleak ateratako Lightning Striking: Ten transformative moments in rock and roll liburuan, hain zuzen.

Bertan, Cleveland hirian 1952. urtean antolatu zen jaialdi batek rock and rollaren Big Bang-a suposatu zuenetik gertatutako hamar momentu eraldatzaile aipatu eta azaltzen dira. Hamar momentu horiek errepasatuko ditugu, bakoitzean protagonista izan zen artistaren abesti bat ipiniz.

Tartean izango dira, nola ez, Elvis Presleyren Memphis, The Beatlesen Liverpool, San Franziskoko maitasunaren udara, Patti Smithen New York edota Grunge eszenaren Seattle. Bakoitzak eman zion rock and rollari gaur egun genero honek dituen geruza guztien baitako ezaugarriren bat: pianoa, gitarra elektrikoa, amorrua edota iluntasun malenkoniatsua. Egun gainbeheran egon arren, inoiz desagertuko ez den genero gazte eta errebeldea izango da beti.