«Lurraren defentsarako borrokak etorkizuna defendatzeko borrokak dira»
Lurraren defentsan jarduten duten mugimenduak ezagutzeko eta sostengatzeko Europara brigada egin dute Askapenak eta Euskal Herria Bizirik-ek uztailaren bigarren hamabostaldian. Zehazki, Les Soulevements de la Terre sarea eta Val di Susa bailarako No TAV mugimenduarekin izan dira.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Lurraren aldeko antolakuntza ekologistak lekuan lekukoak izateaz gain, testuinguru global batean ulertzea komeni da, beraz, inguruko mugimenduen berri izan eta saretzeak zertarako balio duen izan dugu hizketagai EH Bizirik plataformaren parte den AHT-ren aurkako mugimenduko kide eta brigadan ibili den Iñigo Lezarekin.
Bi ingurutan ibili zarete, Poitou eskualdean eta Val de Susan. Zergatik?
Val de Susako mugimenduarekin lehendik harremana genuen eta ikusirik Le Suvlements de la Terre mugimendua hartzen ari den indarra, interesgarria iruditu zaigu gertuagotik ezagutzea. Ez da Askapenarekin antolatzen dugun lehen ekintza, elkartzen gaituena da beste mugimendu batzuetatik ikasi eta esperientziak trukatu nahi izatea.
Halako kanpaldiek balio dute harremanak sakontzeko eta beste leku batzuetako mugimenduak ezagutzeko. Gainera, borroka asko eta fase desberdinetan daudenez, balio du hausnartzeko fasearen arabera zer egiten den non, zerk funtzionatzen duen, zerk ez, zer aukera eta oztopo dauden, etab.
Lurraren aldeko mugimenduetako borroka asko dira zerbait ez eraikitzearen kontrakoak. Aldiz, aipatu duzu etorkizuna pentsatzeko mugimenduak direla.
Batez ere, borroka defentsiboak dira, lurraren defentsarako borrokak. Hala ere, argi dago ez badiogu buelta ematen sistemari behin eta berriz etorriko zaizkigula beste proiektu txikitzaile batzuekin. Sistema honi buelta emateko lan asko egin behar da eta horretarako hobe lehenago pentsatzea, ekitea eta aliantzak sortzea.
Zer da aste horietatik ekarri duzuena?
Ikusten dugu jende asko dagoela gu bezala pentsatzen duena eta horrek indarra ematen du. Hemen gertatzen diren arazo berdinak daude leku askotan. Bestalde, ikusten dugu hainbat lekutan oso ondo antolatuta dabiltzala eta hemen lurraren defentsarako sarea indartzeko dagoela.
Les Soulevements de la Terre Frantzian indar handia hartu duen mugimendua da. Esaterako, A69 autobidearen eraikuntza oztopatzeko antolatu dira, eta, ziurrenik, mobilizazio ezagunena iaz Sainte-Solinen, laborantza industrialaren mesedetara eraikiko zuten urtegi erraldoiaren aurka 30.000 lagun mobilizatu zituzten eta polizia oldartu zitzaien. Nola gainera! 200 bat zauritu, horietatik 40 larri eta 2 hil ala bizi. Ez da, berez, mugimendu erasokorra baina Frantzian errepresio galanta jaso dute.
Bai, gainera, hortik abiatuta, ilegalizatzeko saiakera bai izan zen. Mugimendu handia izan zen, elkartasun handia eta lortu zuten buelta eman eta ilegalizazioa bertan behera uztea.
Aurten, testuinguru horrekin eta hauteskunde giroan, kanpaldiaren antolatzaileek ez zuten konfrontazio bortitzik nahi poliziarekin, nahiz eta polizia jazarpen handia eta kontrol zorrotza ari zen egiten. Presio handia dago poliziaren partetik eta, gainera, tentsioa bilatzen dute berriz ere ilegalizatzeko prozedura abiatzeko aitzakia izateko. Hala ere, egiten diren ekintzetan jende dezente biltzen da eta mobilizazioen inguruan jende asko aritzen da txaloka. Hor ikusten da asmatu dutela herritarrekin kontaktatzen eta konplizitatea lortzen.
Konplizitate handia eta jende asko mobilizatzea lortu dute. Nola? Zabalpen komunikatiboagatik; sentsibilizazioagatik…
Nik uste, ikusita zer nolako krisia dagoen munduan, jendeak ikusten duela amildegira goazela eta buelta bat eman behar diogula bizitzari eta sistemari. Soulevements-ekoek asmatu dute borroka- eta komunikazio-moldeetan jendearekin bat egiten eta eurekin lerrokatzen.
Gerora Val de Susara jo zenuten, bertako AHTaren aurkako mugimenduarekin biltzera. Turin eta Lyon lotu asmoz, 92tik dago martxan mugimendu hau.
Italian ere indar handia dute, 30 urteko borroka eraginkorra dute. Urte horietan oso gutxi eraiki dute eta leku konkretuetan. Erabat militarizatutako eremuak dira, gainera, zeren bestela jendea bertaratu eta desarmatu egingo zuketeen.
Hauen militantziak ere polizia aurrean izan du.
Italian errepresioa beste era batekoa da. Esaterako, kanpaldiak egiten uzten dute, ez dago poliziarik baina, gero, jendea atxilotzen dute horietan parte hartzeagatik. Italian proposatzen ari dira lege berri bat dioena kamera batek norbait grabatzen duenean inteligentzia artifizialarekin identifikatu daitekeela nor den subjektuaren mugimenduetan oinarrituta eta hori nahiko arrazoi dela atxilotzeko.
Proiektu txikitzaileetan momentuko arazoa da zertan xahutzen den diru publikoa baina, perspektiba zabalago batetik, kinkan dagoena da nolako etorkizuna izango duen lurrak eta, ondorioz, gure bizitzek. Aurrerako perspektiba hori indartu behar litzake?
Bai, eta horregatik joan nahi genuen Frantziara eta Italiara. Halako proiektu txikitzaileek bilatzen dutena da jendea hirietan pilatzea, isolatuta egotea, lurraldea abandonatzea eta horrela, lurraldearen jabe konpainia handiak egitea. Perspektiba hori argi izan behar dugu buelta eman ahal izateko.
Gurera itzuliz, nola ikusten duzu Euskal herriko panorama eta bertako mugimendu ekologistak?
Mugimendu lokal asko daude saltzen diguten trantsizio energetiko honekin proiektu pila bat sortzen ari direlako. Horiek saretu asmoz sortu genuen Euskal Herria Bizirik sarea, lekuren batean arazoren bat sortuz gero, beste leku batzuetatik laguntzeko, esperientzia partekatzeko eta babesteko. Uste dut eredu ona dela eta sarea indartzen eta aliantzak sortzen jarraitu behar dugula egoera iraultzeko.
Lurraren Altxamenduaren bidetik, areagotzen joango den antolaketa eredua izan daiteke egitura zurrunik gabekoa eta ekintza zuzenean oinarritua?
Ba agian bai. Frantzian nahiko ondo doakie eta agian bada hemen egiteko modua. Badugu esperientzia eta baliteke bide bat izatea.
Beraz, anima dadila jendea lurraren defentsan parte hartzen, zeren, azkenean guztiok gara lurraren parte eta ez dago beste lekurik bizitzeko. Ea guztion artean lortzen dugun.