Zuzenean
«Erakutsi behar da hemen nekazaritzan aritzea duina dela eta baduela bizitzeko besteko etekina»
Lurre Hurre elkarteak landa garapena eta migranteekiko arreta uztartzen dituen formakuntza proiektu bat da, Bermeon eta Muruetan kokatua. Nekazaritzak eskaintzen dituen aukerak eta egiturazko mugak izan ditugu aipagai Josu Ojinagarekin boluntarioarekin.
«Erakutsi behar da hemen nekazaritzan aritzea duina dela eta baduela bizitzeko besteko etekina»
2020an sortutako elkartea da Lurre Hurre. Konfinamendua baino lehen, zenbait solasaldi egin zituzten Bermeo eta inguruetako egoera partekatu asmoz. Egoera desberdinetan zegoen jendea elkartu zenez gero, itxialdian proiektuaren diseinuari ekin zioten eta itxialdi ondoren soloetako lanari. Ez da, ordea, nekazaritzara soilik bideratutako elkartea.
Landa garapena eta integrazio soziala ardatz, 5 helburu jakin dituzue. Zertan egiten dute bat?
Elkarteak harrera lanak burutzen ditu. Alde batetik, nekazaritza formakuntza eskaintzen da eta, bestetik, etxebizitza eta laguntza paper kontuetan. Elizak utzitako etxe batean bizi dira, gaur egun 6 pertsona eta beste bi egunero hurbiltzen direnak Bermeotik.
Baldintza bakarra da diru-laguntzarik ez jasotzea. Hori horrela izanik, bertan egoteak ez dauka epemugarik. Denak atzerritarrak dira, afrikarrak gehienak -senegaldarrak batez ere nahiz eta bestelakorik ere baden-, gazte samarrak. Erakundeen edo beste elkarte batzuen bidez iristen dira asko, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta gisakoetatik.
Proiektuak jende gehiagok ere hartzen du parte, boluntarioek, adibidez.
Boluntarioen lana ezinbestekoa da. Hori da proiektuaren ahuleziarik handiena. Jendea konpromisoetatik urruntzen ari da eta, gainera, kosta egiten da puntuala ez den langile boluntarioa lortzen. Ez da gure eta gu bezalako elkarteetan bakarrik, talde handietan ere badago krisialdia eta arazo benetan larria da.
Lurre Hurretik diozuenez, elikadura katearen oinarri izan diren lur-zoruak, gaur egun, guztiz abandonatuta daude nekazal-lanetarako. Horiek berreskuratzeak zer lan egitea esan nahi du?
Bermeo arrantzale fama badu ere, Baserri eta auzo gehien dituen Bizkaiko bigarren herria da. Izan da nekazaritzari lotutako tradizio oso indartsua gaur egunean desagertzen ari dena, lehen nekazaritzako lurrak erabileraz beltz edo marroi zeuden eta, orain, berde, belarrak janda. Hor badago lan esparru bat eta, uste dugu, borondate politikoa badago eta gauzak ongi egiten badira atzerritik datozen pertsonak ere oso egokiak izan daitezkeela erreleboa hartzeko eta hain garrantzitsuak diren nekazaritza lanak egiteko.
Lurrak lortzea zer nolako lana izan da?
Gureak lortzea nahiko lan arina eta erraza izan zen. Ikustea lehen abandonatua zegoena orain nola hazi den ikustea, euren jabeentzako ere, gauza polita da. Uste dugu akordio batzuetara helduz gero badagoela zer egin eta nondik hasi.
Nekazaritzak zer aukera eskaini ditzake? Zer muga ditu?
Nik uste aukera handiak direla. Soloak baditugu nonahi, asko eta aske nekazaritza lanetatik eta gainera egunero elikatzen gara eta hurbileko produktuak izatea nahi dugu, gainera.
Zailtasunak dira erritmoarenak. Erakunde publikoetan laguntzetarako eta horiek burutzeko dituzten erritmoak oso-oso motelak dira eta sektoreko premiek erritmo arinagoa eskatzen dute. Hor talka bat dago eta arazo handi bat.
Egunero nekazaritzan aritzen denak bere zailtasun izugarriak ditu, egun, are konplikatuagoa aldaketa klimatikoarekin. Laguntza beharra dago, ez bakarrik ekonomikoak, baita teknikoak ere. Egunero lanean ari denak laguntzak behar ditu eta ez dira gauzatzen behar den erritmoan. Nekatu eta desesperatu egiten zara. Agian da ez daukagulako oraindik kontzientzia seriorik, zeren, inork ez du zalantzan jartzen osasuna publikoa izan behar dela, hezkuntza publikoa behar dela… eta, egunero jaten dugunak ez al du izan behar borondate publikoagoa? inportantzia nabarmenagoa? hori ez al da lagundu behar beste era batetara? Ahulezia bat dago hiriko mundua eta nekazaritza mundua oso oso urrun daudelako politika aldetik ere.
Europako estatu askori buruzko ikerketa batek erakutsi du kontinentea elikatzen duten milioika langile etorkinek arazo ugari dituztela: lan-baldintza oso gogorrak, lanaldi luzeak, eta enplegatzaileak esplotatzaileak dira askotan. Sektorearekiko zer kezka dituzue?
Hemengo gazteak, migrazioan hasi aurretik, nekazaritzari eta lehen sektoreari lotutakoak dira. Handik nekazaritzari iheska datoz pobreziarekin lotzen dutelako, beraz, hona etortzean ez dute beren etorkizuna sektore horrekin lotzen, beste asmo batzuk izan ohi dituzte. Kontua da beste asmo horiek oso konplikatuak direla dakarten espediente akademikoak ez direlako hemen homologatuak.
Ikuspuntu aldaketa serioa behar da. Erakutsi behar da hemen nekazaritzan aritzeak baduela bizitzeko besteko etekina eta lan duina dela. Horretarako, politika aktiboak behar dira eta ez dira jartzen. Aldaketa izateko, apustu serioak egin behar dira. Inportantea bada egunero jaten duguna eta ingurugiroa ondo zaintzearena, aktibazioa beharko da eta gakoa da horrek energia, dirua eta aurreikuspena eskatzen duela.
Nekazaritzan lan egiten duten asko ari dira lan-baldintzak eguneratzen. Txanponaren beste aldea izan daiteke sasoikako langileen egoera. Joan den uztailean, Frantziako Gobernuak dekretu bat onartu zuen haien asteko atseden-eguna uztan bertan behera uzteko. Nekazaritza duintzen ari da? ala baldintza orokorrak okerrera doaz?
Okertzen ari dela ez dago zalantzarik. Zergatik? Erritmo problema. Egon diren manifestaldi eta lehen sektoreko borroken ostean egindako promesak ez dira oraindik gauzatu eta ez dago horren berririk.
Lehengo baserri ereduetatik asko aldatu da, egun beste modu bateko ustiapenak egin behar dira eta egokitzapenak egin lana duin eta motibagarria izan dadin. Kooperatiba txikiak sortzea, hurbileko produktuen salmenta, salmenta egonkorrak, oporraldiak… Landu daitezkeen potentzia handiko hamaika esparru daude.
Zer anbizio ditu Lurre Hurre proiektuak? Zer ikustea gustatuko litzaizueke?
Paperak lortuz etorkizuna nekazaritzatik bideratu ahal izatea. Hori sekulako arrakasta izango litzateke. Aurki dezatela gustuko lekua.