‘Mientras vivas brilla’, Amaia Mirandak baikortasunez beteta egindako diskoa
2017an kaleratu zuen lehen disko laburra Amaia Mirandak (Bilbo, 1993). Biluztasunaren goreneko adierazpena zela esan genuen 2022ko ‘Cuando se nos mueran los amores’ kaleratu zuenean eta bide beretik dator ‘Mientras vivas brilla’ lan berria. Aurkezpen biran murgilduta dabil orain.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Gitarra eta ahotsarekin abesti on bat defendatzeko nahikoa dela esaten du musikari askok. Bada, horixe da Amaia Mirandak diskoak sortzerakoan egiten duena. Soiltasun horretan gitarra bat eta mikrofonoa lagun dituela grabatzen ditu abestiak eta hamabi izan dira ‘Mientras vivas brilla’ diskoan gorde dituenak.
Argentinan erositako gitarra zahar bat erabili du lan honetan. «Amaiarekin biran nintzela, atseden egun horietako batean, gutxi izaten ditugun arren, gitarra bat ikusi nuen denda batean eta maitemindu egin nintzen. Hurrengo atseden egunean, dendara itzuli nintzen gitarra erostera», kontatu digu Mirandak. ‘Sta. Fe 1480’ kantuaren izenburua hortik dator, Buenos Airesko kale horretako zenbaki horretan baitago gitarra erosi zuen denda.
‘Epitafio de Seikilos’ kantuaren bi aldaera sartu ditu disko honetan. Osorik erregistratuta gordetzen den kanturik zaharrena da hau, greziar jatorria duena. «Bertan esaten du ‘Mientra vivas brilla’ eta horregatik izena du diskoak horrela», azaldu digu Mirandak.
Gaur Pragan
Luze eta zabal azaldu zizkigun diskoaren nondik norakoak musikari bizkaitarrak eta diskoaren aurkezpenekin ere hasia da dagoeneko. Gorka Urbizuren zuzeneko bandan ere badabil eta horrekin uztartu behar ditu orain bere emanaldiak. Hala, gaur, maiatzak 14, Pragan izango da Iberian Waves zikloan eta, ostiralean, hilak 17, Vic-en, Herrialde Katalanetan, Jazzcavan.
Gero berriz ere Euskal Herrira etorriko da Urbizurekin Biarritzko Atabalen kontzertuak eskaintzeko, baina hurrengo ostiralean, maiatzak 24, Bartzelonako Fundación Miró-n izango da diskoa aurkezten. Atzetik, ekainaren 5ean Madrilgo Off Latinan eta 7an Cabrilsgo La Frabrican izango da.
Biluztasunaren dotoreziaz gozatu nahi duenak, hor izango du aukerarik, eta, bestela, diskoa Vida Records zigiluaren webgunean eskuratu daiteke.