«Oasi bat baino, errepikagarria den zerbait sortu nahi dugu Amillubi baserrian»»
Biolur elkarteak ondasun kolektibo bihurtu nahi du lurra eta, azken 30 urtetan egindako lanari mugarri bat gehitu dio: Amillubi baserria. Praktikatik erantzun nahi diete elikaduraren etorkizuneko erronkei eta, bide horretan, maiatzaren 11rako egun osoko egitaraua antolatu dute Amillubin.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
2023 bukaeran eman zen Amillubiren berri. Ordutik hona zer lan egin dira?
Gehienbat, diru bilketarekin gabiltza, zeren jabeekin sinatu genuen kontratuak epe batzuk markatzen dizkigu ordainketa egiteko eta horretan gabiltza buru-belarri.
Nork egin dezake diru ekarpena?
Norbanakoez gain, eragile, kolektibo edo estrukturetara ere jo dugu diru eske. Crowdfunfing kanpaina bat jarri genuen martxan maiatzaren 30erako helburu gisa duena 150.000 euro biltzea eta, jada, 106.000 inguru ditugu.
Larunbatean egun osoko egitaraua. Amillubira ate irekien modukoa izango da?
Orain arte barrura begirako lanetan aritu gara eta iruditzen zaigu interesgarria dela horrelako egun bat antolatzea jendea anima dadin bertaratzera eta proiektua ezagutzera, horrekin konektatzeko eta gure asmoak gizarteratzeko.
Amillubik, denera 9 ha ditu, 4 ha nekazal-lur eta gainerako 5ak baso. Nekazal-lurrak altxor bat dira lauak direlako, ordekan daudelako, eta, horrek, mekanizatzeko aukera eskaintzen digu. Gainera, uholde arriskurik gabeko meandroan kokatuta dago, alegia, ibai ertzean dago eta mendi urak-eta bertatik pasatzen dira euren sedimentu eta mineralekin batera eta, ondorioz, oso lur emankorrak dira.
Altxor bat dira, ez inguruan halakorik ez dagoelako, daudenak artifizializatuak daudelako baizik.
Azken 30 urtetan 8.000 futbol zelaien adinako azalera artifizializatu da; 5.500 ha nekazal lur galdu ditugu azken urteetan eta egungo joera ere hortik doa. Horregatik, urgentziazkoa iruditzen zaigu nekazal-lurrak nekazaritzarako babestea.
Jende asko inplikatu da proiektuan. Zu, adibidez, zerk motibatu zaitu?
Gehien erakarri ninduena izan zen lurraren defentsa eta elikadura burujabetza. Lurra ekoizpen bitarteko gisa ulertzen badugu, interesgarria eta estrategikoa da gure kontrolpean izatea eta egitura propioak eta bestelako harreman sozioekonomikoak sortzea. Amillubik hor egin nahi du bidea. Horrek bultzatuta sartu nintzen.
Lurrak nekazaritzarako izango direla bermatzeko erosketa kolektiboak egitea bada Lurzaindiaren estrategietako bat. Eredu horretatik zer jasotzen du Amillubik?
Lurzaindia inspirazio iturri dugu. Eurek esaten duten bezala, erosketa kolektiboak gako garrantzitsu dira lurraren defentsarako eta nekazariek lurrak izateko. Honakoa puntu interesgarria da, lehen aipatutako lurraren artifizializazio eta espekulazioaren aurrean, geroz eta zailagoa dugulako lurrak eskuratu eta nekazaritzara bideratzea.
Horrez gain, Lurzaindiak bide-lerro polita marraztu du nekazaritza herrikoi eta iraunkorraren aldera. Egun, eredu agroindustrialak agintzen duen honetan, nik uste, horrelako egitasmo eta dinamikak sortu eta ditugunak mantentzea garrantzitsua dela eta, horrez gain, landa eremuak bizitzea eta bizigarritzea ekoizlearen bizi baldintzak duintze aldera.
Biolurretik edo nekazaritzatik gertu ez dauden herritarrentzat zergarik da pozgarria halako proiektu bat?
Krisi ekosoziala eta nazioarteko egoera ikusita, Lobbyak ari dira beraien posizioa mantentzeko eta indartzeko ur-putziuak eta nekazal-lurrak erosten eta hori ez da xake taulan pentsatu gabe egiten den mugimendu bat. Egoera gehiago tenkatu daitekeela kontuan hartzen badugu, nik uste gehiengoarentzat interesgarria eta pozgarria dela egitura propioak izatea; eta hau uler dezakegu autodefentsarako forma bezala.
Bestalde, pozgarria da gure ekoizleak bizi- eta lan-baldintza duinetan jarduteko sarea indartzen ari garela jakitea. Askotan aipatzen dugu kontsumo eredua aldatu behar dugula baina ez diegu behar beste arreta jartzen ekoizle eta ekoizpenari. Uste dut ekoizleak falta zaizkigula eta ekoizleak izateko lana duindu behar dela eta erreleboa indartu.
Baserri bat ere badago. Zein izango da bere funtzioa? Etxebizitza? Biltegia?
Momentu honetan, segur aski, gehiago izango da biltegi funtzioa beteko duen espazio bat. Baita ere, planteatzen da makinaria amankomun bat edukitzea ekoizle bakoitzak berea erosi beharrik ez izateko, beraz, hori gordetzeko leku bat, formatzeko espazio bat eta sarea indartzeko gune bat bezala irudikatzen dugu oraingoz, baina, batek daki etorkizunean zeri erantzungo dion.
Aukera bat da etxalde gehiago eredu honetara gehitzea?
Amillubi elikadura burujabetzaranzko estrategian bitarteko bat besterik ez da, ez da azken helburua. Guk nahi dugu Amillubi errepikagarria izatea eta eredu hau beste txoko batzuetara zabal daitekeena izatea. Jendeak pentsa dezake oasi bat sortu nahi dugula baina, hortik urrun, errepikagarria den eta kutsatu daitezkeen dinamikak sortu nahi ditugu.