«Mendi lasterketen munstro honek bizitza propioa hartu du»
Indibidualismoak indarra hartu du eta aldaketa hauek kirolean ere nabarmendu dira. Hori dela eta, elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako lasterketen aldeko manifestua sortu da: Etiketa Berdea. Gotzon Idirin sustatzailearekin izan gara.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Mendian gero eta araututako proba gehiago egiten dira eta, sorreratik hona, bilakaera bat izan dute. Azkarrago bizi gara eta, horrek, sarritan, norbanakoa gizarte edo komunitatearen aurretik jartzea ekarri du. Mendi lasterketetan ere hori nabaritzen hasia da, egoerak okerrera ez dezan egin 'Etiketa Berdea' manifestua sortu dute. Gelditu Makinak saioan landu dugu gaia Gotzon Idirin sustatzailearekin.
Zer da Etiketa Berdea manifestua? etiketa bat, marka bat, liga bat, adostasun bat…?
Batetik, hausnarketa bat egin dugu guri hainbeste gustatzen zaigun kirol honen norabidearen inguruan. ikusten dugu asko profesionalizatu dela eta mendizaletasunaren baloreak asko galdu direla, beraz, hausnartu nahi dugu ea nora goazen eta egokia ote den.
Bestetik, konpromisoa jorratu dugu. Jasangarritasun eta etika konpromiso bat da lasterketek onartu dutena. Kode etiko bat adostu dugu gure ustez lasterketa etiko batek bete beharko lituzkeen puntuak goraipatuz aholku eta marra gorri bidez. Etiketa Berdea izan nahi duen mendi-probak konpromisoa hartzen du puntu horiek beteko dituela.
Nork bultzatzen du etiketa berdea: korrikalariek, antolatzaileek, zaleek?
Denetik pixka bat. korrikalari eta antolatzaile ginen batzuon artean hasi ginen eta, apurka-apurka, ekarpenak jasoz osatu da manifestua. Nortzuk? gehienak lasterketetako eta martxetako antolatzaileak gara baina bagaude korrikalariak, zaleak, jende konprometitua, berdintasun arloan dabiltzanak eta beste.
Etiketa Berdea egiazkoa da edo zigilu metaforikoa da?
Gure esparrua mendia da eta bertan egiten diren lasterketetatik hasi ginen. Gerora, martxak ere geureganatu ziren, zeren, lasterketa eta martxen artean, egun, ez dago halako desberdintasunik. Esaterako, martxetan jada lehen dortsalak korrika hasten dira eta mendian sortzen den eragina oso antzekoa da. Bestalde, aurten mendiko eskiko proba bat gehitu zaigu eta zenbait txakur kros ere jarri dira gurekin harremanetan. Beraz, hainbat proba eta espezialitatek egiten dute bere Etiketa Berdea.
Ze baldintza bete behar ditu proba batek Etiketa Berdea izateko?
Gure dekalogoa irakurri, onartu eta konpromisoarekin aurrera egiteko neurriak hartzean, antolatzaileei etiketak banatzen dizkiegu eta ahaidetasuna sustatzen dugu lantaldean sartuz. Lantaldean sartzeak ez dakar kosturik, irabazi asmorik ez duen kontu altruista bat delako hau, oinordekoei mundu hobe bat uzteko aukera bat da. Asanblada funtzionamendua dugu, mendiko proba bakoitzak boz eta bozka bana du eta erabakiak denon artean hartzen ditugu.
Eta, jakina, kode etiko hau ez da zerbait estatikoa. Esaterako, hasieran konturatu ginen behar bada ultra batek edo kilometro bertikaleko proba batek ez dituztela ezaugarri berdinak eta bakoitzera egokitzeko modua izan behar genukeela.
Tokatu zaizue inork Etiketa Berdean sartzeko eskaria egin eta ezetza eman beharra?
Gure kezketako bat bazen moda bat bilakatzea. Azken batean, egun, berdea den guztia hobeto ikusia baitago. Guretzat ez da inportantea lasterketa kopurua, baizik eta lasterketek duten sinesgarritasuna. Tokatu izan zaigu dekalogoko punturen bat betetzen ez duen lasterketaren batek eskaria egitea eta, kasu horretan, hitz egin daiteke, soluzioak pentsatzen lagun dezakegu, zeren, garrantzitsuena konpromisoa da, eta ez dugu moda kontua izaterik nahi.
Lehia tarteko dagoenean parte hartzaileek utzikeria gehiagoz jokatzen al dute?
Mendi lasterketen munstro honek bizitza propioa hartu du eta oso-oso modan jarri da; sartu dira markak erruz, sartu da irudia… eta uste dugu mendizaletasunaren balore asko albora gelditu direla. Guk eskatzen duguna da ingurunea zaintzea; beste kirolarienganako elkartasuna faltan botatzen dugu. Gertatu izan da kirolari bat erortzea edo ondoezak jotzea eta beste bat besterik gabe pasatzea. Postuaren bila joatea da ohikoa orain.
Mendian dena ez da baleko, botilak, gelak eta plastikoak botatzeak ez du justifikaziorik eta mendian duen eragina are handiagoa da zeren kaltegarriak dira, haizeak eramaten ditu, edo animaliek jaten dituzte. Mendia hiria baino zaurgarriagoa da zentzu horretan.
Dekalogoak erreparatzen die ikusleei?
Proiektu integrala da eta ez dago antolatzaileei bakarrik zuzendua. Ikusleen aktibitatea ingurunearentzat kaltegarria izan daiteke beraz, kontuan hartzen dira. Adibidez, dekalogoan ikusleei lasterketak non ikustearen gomendioa egitea proposatzen da edo natura edo animaliak nola zaindu mezuak egotea hitzaldi teknikoetan.
Antolatzaileei, parte hartzaileei eta ikusleei begira, dekalogoak hiru oinarri ditu.
Lehenak dio natura zaintzea eta gure urrats ekologikoa gutxitzea izango dela helburu nagusia. Bigarrenak, korrikalari guztiek trataera berdina izango dutela. eta, Hirugarrenak, lasterketa etiko hauek elkarbizitza baikor bat bultzatuko dutela. horien barruan gomendioak eta neurri zehatzak daude, esaterako, etiketa berdedun proba bat Parke Natural batetik edo eremu zaurgarri batetik igaroko bada, gehienez, 500 dortsal banatu beharko lirateke. Edo, kontu guztiak itxi eta gero lasterketek irabaziak edukiko balituzkete, hauen %7 herriko naturagune edo inguruko PNaren onura ekarriko duen proiektu baterako bideratuko da. Nahiz eta lasterketak etikoak izan, beti dute eragina ingurunean eta, neurri batean, zorretan gaude. Normalean, ez da irabazi handirik izaten, baina, izatekotan, gomendio bat da sortutako kaltea apaltzeko neurriak hartzen laguntzea.
Ze aspirazio ditu Etiketa berdeak? goi mailako zirkuituetan sartu nahi zenukete?
Guk ez dugu aspiraziorik, guk nahi duguna da jendeak gogoeta egin dezala egungo ereduaren gainean. Egia da ez genuela uste hain urrun helduko ginenik; 45-50 proba daude eta astero astero gehitzen dira gehiago. Horrek erakusten du ez dela 3-4 pertsonaren ideia huts bat, baizik eta zalantza hori zabalduagoa dagoela.