IRRATIA

‘Persona 5 Royal’ zoragarrian barneratu gara Tokio digitalean

PlayStation-ek Erresuma Batuan jasotako salaketa erraldoia ezagutu dugu. GameMaker garapen motorea doan erabil daiteke oraindik aurrera.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Rol joko japoniarren mundua zabala eta anitza da: zaldunen istorioak, anime borrokak, denboran egindako bidaiak, yakuzen gorabeherak edo espazioko odiseak bizi izan ditugu, besteak beste, genero honen aterpean.

Izen handiak eta entzutetsuak daude JRPGen, artean, noski. Guztiok ezagutzen ditugu Dragon Quest, Tales of zein Xenoblade frankiziak. Azken urteotan sekulako indarra hartu duen joko sortetako bat, ordea, ia ezezaguna izan da gure artean urte luzez.

Shin Megami Tensei saga 1987. urtean iritsi zen Japoniara Digital Devil Story: Megami Tensei abenturarekin. Mendebaldean, baina, Persona azpisagari esker lortu dute arrakasta Atlus eta Sega etxeek.

Personaren bosgarren atala ezagutu dugu azken irratsaioan; zehazki, Persona 5 Royal bertsioa. Tokio digitala ezagutzera eramango gaitu Bihotz Mamu Lapurren taldearekin: espirituen aurka borroka egiteaz gain, lagunak egitea eta gure nortasuna sendotzea dira jokoaren ardatzak.

Aste honetako albistegian PlayStationek Erresuma Batuan daukan erronka berria aipatu dugu; izan ere, EBko Konpetentzia Apelazioen Auzitegiak (CPO) PlayStationen bederatzi milioi erabiltzaileren salaketa bateratuari onespena eman dio. PS Store saltoki digitaleko baldintzak salatu dituzte Alex Neill kontsumitzaileen eskubideen adituak Sonyren aurka aurkeztutako helegitean.

Berri onak ere ekarri ditugu, behintzat: GameMaker garapen motore ezaguna dohainik eskaintzen hasi dira bideojoko ez komertzialentzat. Hasiberriei zuzendutako tresna izan arren, titulu profesionalak sortzeko ere balio dezake. Adibidez, Rivals of Aether ikaragarria erreminta honekin garatutakoa da.

Lehenengo Euskal Game Jama igaro da, baina azken egunotan partaideak beste zeregin batean ibili dira buru-belarri: bozkatzen. Astebetez jokorik interesgarrienei puntuak ematen aritu ondoren, bozkatuena ezagutu dugu. Arimen Gaua zoragarriak lortu ditu puntu gehien orokorrean, baina hiru kategoria nagusietako irabazleak ere kontuan hartzekoak dira.