Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Starfield-eko izarrak esploratzen hasi gara

Lehen pausoak eman ditugu Xbox-en eta Bethesda-ren 2023ko bideojoko handian. Microsoft-ekoen filtrazio erraldoiaz ere aritu gara, noski.

Zenbat denbora daramagun Starfieldi buruz irakurtzen eta entzuten. Bethesda Game Studios taldeak —azken TES eta Fallout jokoen egileak, beste hainbaten artean— bere titulu berria merkaturatu berri du. Game Erauntsian ez dugu denborarik galdu, eta bere unibertso zabala esploratzeari eta ezagutzeari ekin diogu.

2023ko jokorik nabarmenetakoa denez, zer aurkituko dugu bertan? Estudioaren aurreko joko handien oinarriak hartu eta girotzea aldatzen duen titulua dugu Starfield. Horrela, tirokatzen, esploratzen, hitz egiten eta gure motxilan objektu mordoa gordetzen ibiliko gara, aurretik Skyrim-en edo Fallout 4n egin modura. Fantasiazko erresumetan edo mundu apokaliptikoan egon ordez zientzia fikziozko etorkizunera begira jarriko gara, baina.

Ehundaka mundu agintzen ditu Bethesdakoen lanak… baina zer aurkituko ote dugu bakoitzean? Horri buruz ibili gara irratsaioan, baita Creation Engine 2 garapen motore eguneratuaren funtzionamenduaz ere.

Albistegian Xbox izan da gai nagusietako bat. Activision Blizzard bereganatu nahian jarraitzen du, eta azkenaldian Amerikako Estatu Batuetako FTC erakundearen epaian murgilduta dabil. Bertan Microsoftekoek aurkeztu dituzten txostenen artean publikoarentzako informazio benetan interesgarria argitaratu da: Xbox Series kontsolen modelo berriak, eguneratutako agintea, etorkizunerako asmoak eta gehiago irakur daitezke dokumentuotan.

Unity garapen motoreak bizitako liskarrak ere ekarri ditugu gurera. Garatzaileei instalatze kuota bat ezartzeko asmoa zeukaten, baina bideojokogileen komunitatea ez da horretarako prest agertu. Hori dela-eta, hainbat aldaketa, adierazpen eta hanka sartze egin dituzte tresna ezagunaren arduradunek, azkenean atzera egiteko, baina baldintzekin.

Istiluen laburpena egiteaz gain, motorearen etorkizunari buruz hausnartu dugu. Gainerako alternatibak ere errepasatu ditugu, agian egunotan aurkeztuko den aurkaria aipatuz; izan ere, Valve-tik Counter-Strike 2 kaleratzeko asmoa iragarri dute, eta berarekin Source 2 erreminta helduko litzateke.

Euskarazko joko berria aurkeztu dugu, bukatzeko, eta harro gainera! Steredenn: Binary Stars ikaragarria lokalizatu dugu Game Erauntsia Elkartetik. R-Type edo Gradius bezalako shoot ‘em up klasikoak roguelike mekanikekin uztartzen dituen bideojoko independente interesgarria da. Egindako itzulpenaz ofizialki goza dezakegu bideojokoan, gainera: Pixelnest taldearekin egindako elkarlanaren emaitza da.

Jaurlaritza Logoa