Rocka eta musika beltza ekaineko bigarren ‘Zarata’ tartean
Oportoko Primavera Soundeko ajearekin iritsi zaigu aste honetan Iker Bárbara kazetari bilbotarra ‘Zarata’ tartera. Nekatuta baina pozik agertu da lau egunez Portugalen bizitakoarekin. Nekeak neke, asteroko uzta ekarri digu MusikHaria saiora, eta ez nolanahikoa, gainera.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Bele - Zerua irabazi
Primavera Sounden Rosalia ikusi berritan, haren zale deklaratu batekin hasi du tartea Iker Bárbarak: «Emakume rockero bat halako proiektu batean ikustea harrigarria izan da. Ez nekien Lide Hernando bakarka hastekoa zenik eta sorpresa itzela hartu dut. Mezua jaso nuenean, intimoagoa zen zerbait espero nuen, baina rock edota folk mundutik. Baina ez, guztiz pop estiloan, musika beltzaren eraginarekin eta sekulakoa izan da. Bideoklipa ere ikusi dut eta baditu Britney Spears eta Madonnaren estetikatik zerbait eta baita gaur egungo ukitutxoa ere, oso ona da».
Muzak - Gezur mila
‘Irabaziak eta galerak’ EPa kaleratu duten urte berean single berria atera du Muzak taldeak: «Sare sozialetan egoteak sortzen duenaren inguruan hitz egiten du abestiak. Artistek batzuetan bere bizitza pertsonala gehiegi erakusten dutela uste dut eta hor izaten ditut nire zalantzak. Musikari askok bere lana aurkeztu ordez, eguneroko moduan erabiltzen ditu sare sozialak eta horrek jarraitzaileak emango dizkiete eta horrek saltzen du askotan, eta horrela da, baina nik ez dut hain argi ikusten. Haritz Harreguyrekin grabatu dute oraingoan eta EPko estiloari jarraipena eman diote, badirudi beren estiloa zein den argi dutela, gitarrak eta melodiek duten presentziarekin. Rock progresiboaren eragina nabarmena da».
Niña Coyote eta Chico Tornado - Pozoia
«Single berriarekin datoz, betiko riff astun eta gogorrekin, masterrak dira horretan. Primaver Sounden egon berri dira, Bartzelonan eta jendetza handiaren aurrean jo zuten bertan. Trebezia dute elkarren arteko konexio horretan eta soinu astunekin ez direlako batere aspergarriak, eta egiten duten musikan bide horretara joatea erreza da. Baina ez, hauek oso dibertigarriak dira. Harritz Harreguyrekin izan dira hauek ere, Higain estudioan, otsailean grabatuta. Ez dira kanpora joan grabatzera ez ezer, hortaz, single baten itxura hartzen diot honi eta ez disko baten aurrerapen kantu moduan», esan digu Iker Bárbarak.
La Basu x Masta Quba x P. Jaguar - True
«Bideoklipa ikusi dut eta Mexiko, Herrialde Katalanen eta Euskal Herriaren arteko elkarlana dagoela esango nuke hemen, Ibai DJaren laguntzarekin. Izugarria da La Basuk egiten duen lana eta indar handia dago, eskertu beharra dago Hip Hop eszenan egiten duen lana eta euskaraz gainera, baita egiten dituen kolaborazioetan ere, gure hizkuntza zabalduz», bukatu du kazetari bilbotarrak.