«Zientziaren eskuetan jarri naiz eta oso gogorra izan da prozesu hori guztia»
Kimika izan zuen bidaide ‘Sinápsis’ diskoan Maialen Gurbindok (Atarrabia, 1999) Chica Sobresaltoren aurreko diskoan. Oraingoan mistikoago jarri da eta taroteko kartekin ibili da jolasean ‘Oráculo’ diskoa egiterakoan. Diskoa eta liburuxka kaleratu ditu eta Azpeitian aurkeztuko ditu maiatzaren 26an.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Zer moduz zaude?
Ongi, ez zait gustatzen hain azkar bizitzea eta guztia hain polita denean gutxiago. Nahiago nuke hau dena hiru hilabetetan gertatuko balitz baina astebetean ari da gertatzen, eta oso eskertuta nago, baina pixka bat eroa izaten ari da.
Erokeria hori martxan dago, Totemen abiatu baitzen bira.
Ostras, bada, intentso samarra izango naiz, baina niretzako kontzerturik garrantzitsuena izan zen. Oholtza nik kontrolatzen nuela sentitu nuen eta ez oholtzak ni. Pauso bat izan da nire bizitzan, ez dakit zer gertatu zen. Lan asko egin dugu eta bandarekin konfiantza osoa dut eta sentitu nuen lasaitasun hori oso polita izan zen, txo.
Diskoarekin datorren liburuxkan bada kontrakorik, esaten baituzu ahal duzun guztia egin duzula zure bizitza beste batek gidatu zezan. Baina dikotomia horrekin zabiltza jolasean, barne borroka moduko bat aurkezten duzu besteek egitearen eta zuk egiteko nahiaren artekoa.
Bai bai, baina goizean nola jaikitzen naizenaren arabera pertsona bat edo beste bat naiz eta psikologoarekin pila bat hitz egin dut honi buruz. Berak esan zidan egunaren arabera dauden Maialen ugari horietatik batek hartzen zuela timoia eta lasai egoteko horrekin, denak naizela eta ez dudala zertan nire buruarekin borrokan egon beharrik. Hortaz, batzuetan besteei egiteko esaten diet baina agintzea ere gustatzen zait.
Diskoa zabaltzen duen kantuan jolas polita dago ahotsarekin eta pianoa jotzeko moduarekin lortzen duzulako perkusioa ordeztea. Oso ideia polita.
Ze ondo, esker mila! Jendeak zion oso arraroa zela diskoa irekitzeko abesti hau aukeratzea. Etxean sortu nuen dena eta gero estudioan berriz grabatu eta entzutean niri ere kosta egin zitzaidan hau etxean sortu nuela sinistea. Gainera dena utzi nahi dudala esaten hasten naiz, kotxearekin istripu bat izan eta funtzionario batean errenkarnatzea… Esaten nion nire buruari alde guztietatik kritikatuko nindutela eta ez zuela zentzurik, baina horrela sentitzen nuen eta horrela egin nahi nuen. Gainera, Regina Spektor eta Fiona Apple asko entzun ditut eta haiek ere halakoak egiten dituzte pianoarekin eta nik ere nahi nuen halako sarrera bat.
Ahotsak zuk grabatuak dira hortaz?
Bai, oso jolas polita da. Gorkak esaten zidan hau dena arraro samarra zela, baina eskatu nion nahi nuena egiten uzteko abesti honetan. Ekoizpenean gero isiltzen naiz askotan e? Akaso nik esaten dut gitarra bat modu batean nahi dudala eta esaten didate nire ideia ez dela egokitzen kantura, hortaz, halakoetan isilik geratzen naiz.
Abestira itzuliz, duen barne istorioa bitxia da. Oholtza gainean artistak entzungailuetatik ondo entzutearen edo gaizki entzutearen arteko aldeak noraino eragiten duen kontatzen baituzu.
Beti ditut paranoia pila bat in-earrekin eta bazen abesti bat sintearen frekuentziak entzuten ez nituena. Baina egun horretan, kontzertu hartan, tonua hartzea ezinezkoa egiten zitzaidan. Olaiari mozteko keinua egin nion eta alde egin nuen oholtzatik. Hortaz, berak abestu zuen eta kanpotik eszenari begira geratu nintzen eta ez nintzela beharrezkoa konturatu, nahi nuenean egin nezakeen gauza bera eta ez zen ezertxo ere gertatuko. Hortaz, hori bizitzara aplikatu daiteke eta ez garela hain garrantzitsuak konturatu nintzen. Metafora hori ikusi nuen hor eta oso erreala iruditu zitzaidan.
Kantuek etorkizuna iragarri dezaketela sinisten duzula diozu, ‘Oráculo’ izenburua bera ere hortik dator, ezta?
Bai. Abestiak egiten ditudanean uste dut beste pertsonaia bat naizela eta pertsonaia horrek badaki zer gertatuko zaion Maialeni. Adibidez, nik sentitzen dut erlazio batean zerbait dagoela baina nire buruak ez du hori ikusi nahi edo ez dago prest, baina abesti batean idatzi duzu hori eta kontziente ez zinen horretan idatzitakoa gerora entzutean jabetzen zara bazenekiela.
Liburuxkan diozu ‘La torre’ dela guztiaren hasiera. Ekoizleak berriz ere Santos eta Fluren izan direla badakigu, ekoizpenean lan handia dago eginda, estudio orduak ondo baliatu dituzue.
Bai, noski baietz. Lehenengo demo bat egin genuen Gorkaren etxean, beno, berak egin zuen. Bada, Santosek Gorkaren ordenagailutik bere ordenagailura pasa zuen egindako lana zuzenean. Gorkaren aurpegia harridurakoa zen, izan ere Santos eta Flurenek zurea den zerbait hartzea, ez da ohikoa. Hortaz, oso pozik dago eta oso gurea den kantua sentitzen dugu. Baina bai, estudioko lana handia izan da, abesti batzuk oso sinple eraman genituen eta denok elkarrekin joz ukatu genuen.
Letrari begira, M-30aren erreferentzia ez dut ulertu.
Oraindik ez didate galdetu eta grazia egiten dit. Madrilgo M-30 errepidean bada tunel bat oso luzea dena eta oso konplikatuta egiten zaidana eta, gainera. estaldura galtzen da. Hortaz, GPSa zakutik hartzera joaten da eta ni hor, bakarrik, txakurra lagun dudala, estaldurarik gabe, maleta eta gitarra soilik nituela eta tunel horretan sartuta. Madril guztia inguratzen du tunel horrek eta behin eta berriz irteeraz nahasten nintzen, bi ordu eman nituen hor sartuta eta negarrez eta sekulako antsietatearekin nengoen. Ez neukan ez aire giroturik, ez mugikorreko bateria kargatzeko aukerarik… Sekulako drama izan zen hori niretzat eta horregatik egiten diot erreferentzia.
Dena dela, ‘La Torre’ taroteko karta batetik abiatzen da eta tarotak diskoan badu garrantzia.
Horrelako sormen jolas bat egiten ari nintzen gurasoen etxean, Iruñean, eta kartak ikusi nituen eta horiekin sormenera lantzen hasi nintzen. Izan ere esan zidaten konposatzera esertzeaz gainera sormena ere landu behar nuela eta nik erronka hori onartu nuen. Bada jolas hori azkenean disko bihurtu da.
Talent showak eta halakoak aipatzen dituzu eta liburuxkan hainbat bizipen ere badaude horien inguruan.
Bada erokeria bat izaten zen hori. Beti ezetz esaten zidaten halakoetan, pentsa karaoke batean ere ez nintzen aukeratua izan. Auskalo zenbat casting egiten ditudan eta bapatean baietz esan zidaten Operación Triunfon. Sartzen zara barrura, dena oso arraroa da, oso pozik zaude baina pandemia etorri zen… Dena erortzen ikusi nuen une batez. Guztia lurreratzen nago oraindik, horren inguruan terapia egin dut, zientziaren eskutan jarri naiz eta oso gogorra izan da prozesu hori guztia.
Aldi berean aipatzen duzu ez dakizula zure buruarentzat edo besteentzat idazten ote duzun.
Nire buruarentzat, prozesu hau egiten hasi nintzenean nahi gabe hasi nintzen kanpora begira abestiak egiten. Horregatik hasten dut ‘La estrella’ esaldi horrekin.
Ia 60 orrialdeko liburuxka bat da, dibertigarria eta arin irakurtzekoa. Baina hau irakurtzean ez zait argi geratzen ea ideia bat etortzen zaizun lehendabizi eta horren inguruan eraikitzen duzun guztia edota kantuak sortzen dituzun eta gero erantsi gainerakoa.
Kaotikoa da dena nahiz eta niretzat zentzua duen guztiak. Auskalo zenbat proiektu izaten ditut zabalik eta zeozeri buruz idatzi nahi dudanetan, proiektu berri bat zabaltzen dut eta hor idazten dut. Gero, pianoan eseri eta ariketak egiterakoan ideia bat etortzen bazait, izan armonia bat edo dena delakoa, bada egokien doakion proiektu hori zabaltzen dut eta esaldiekin melodiak sortzen ditut.
Lehen aipatu duzu ‘El desorden’ kantua. Gizarteari kritika bat egiten da hor baina baita autokritika dexente ere.
Bai, biak. Ni gizarte honen parte naiz, kapitalismoaren parte naiz, hortaz hau ezin zen egin gizartea kritikatuz eta ni hortik kanpora kokatuta.
Musikalki, berriz ere pianoa modu perkutiboan jota dago, ukitu britainiarra du…
Bai, asko gustatzen zaigu Queens Of The Stone Age eta badute abesti bat ‘Make it Wit Chu’ deitzen dena eta Gorkari esan nion abesti hori egin nahi nuela. Berak egina zegoela esan zidan, baina nik berriro egin nahi nuela esan nion eta egin dugu.
Begano izateari egiten diozu erreferentzia askotan liburuxkan eta prozesu honetan garrantzia handia izan duen gaia dela dirudi. Aspalditik zara begano?
Begetarianoa duela bost urtetatik eta beganoa naizela urte eta erdi edo horrelako zerbait izango da. Azkenean sentitzen dut nire bizitzaren parte oso garrantzitsua dela, janaria ere oso garrantzitsua den bezalaxe. Arazoak eduki izan ditut eta kozinatzea niretzako terapia da beganoa izatea terapia den bezalaxe. Hortaz, oso garrantzitsua da nire bizitzan zati hau.
Liburuxkan aipatzen duzu, gainera, ulertzen duzula bakoitzak aske izateko eskubide osoa duela, baina ahalko bazenu denak begano izatera pasako zenituzkeela.
Ahalko banu pelikulako gaiztoaren planean jarri, mundu guztiari burua ireki eta txip bat sartuko nieke begano izan daitezen. Egin ahalko banu, egingo nuke.
Musikaren industrian oso txiki sentitzen zarela aipatzen duzu, baina ‘Poquita cosa’ abestian aipatzen diren sentimenduak eta zer sortzen dira, industriak horrela sentitzera bultzatzen duelako edota batek handinahiak irensten duelako?
Bien arteko nahasketa bat dela esango nuke. Ni ez naiz industria horren parte sentitzen. Nire lagunekin nago, nire etxean, nire taldearekin abestiak egiten eta kitto. Eta joan behar badut auskalo zer ekitaldira eta abar, bada nik nire ildotik jarraitzen dut. Pertsona zoragarriak daude mundu honetan eta pertsona nahikoa meh ere badaude. Hortaz jakin behar da ikusten norekin bai eta norekin ez. Abestiak egiten ditugu, artistak gara, baina ez gara inor baino gehiago. Mundu guztiak egiten du lan eta lan bat ez da bestea baino garrantzitsuagoa, hortaz, absurdo samarrak dira gauza batzuk.
Bukatzeko, zuzenekoekin esan dugu Totemen hasi zinetela eta aste honetan bertan, ostiralean, maiatzaren 26an, berriz ere Euskal Herrian izango zaitugu, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.
Bai, hor egongo gara eta gogotsu gaude. Emanaldia aldatu egin da eta uste dut taldeak heldutasun handia duela egun. Oso ondo entzuten delakoan nago, soinu indartsua lortu dugula eta horrekin oso pozik nago. Gainera, asko gustatzen zait etortzen direnekin egotea, argazkiak egitea edo zerbait sinatzea nahi badute sinatzea. Beraz, bertan ikusiko gara!