Zuzenean

Elkarrizketa
Onintze Garcia
Musikaria

«Zerbait ez bada ongi irteten, beti izango duzu damutzeko aukera edota aukera berriren bat»

Ez du lehenengo diskoa bakarka abiatutako bidean Onintze Garciak (Santutxu, Bilbo, 1986). Duela lau urte kaleratu zuen ‘Punto de partida’ deituriko lehen diskoa eta, iaz, urtea bukatzerako, ‘¿Por qué quedarme callada?’ izeneko lan laburra kaleratu zuen eta hura aurkezten izan da MusikHaria saioan. 

Audio_placeholder

«Zerbait ez bada ongi irteten, beti izango duzu damutzeko aukera edota aukera berriren bat»

Loading player...
Onintzeren ‘Dispara’ kantuaren bideokliperako kotxe amerikar klasiko bat erabili zuten.
Onintzeren ‘Dispara’ kantuaren bideokliperako kotxe amerikar klasiko bat erabili zuten. (Daniel SALIVERA)

Egun on Onintze, zer moduz?

Ongi, pozik hemen egotearren.

Diskoaren titulua zer da, askatasun oihu bat edo asko zenuela kontatzeko?

Bada bigarrena gehiago, garaiak dauden bezala daude, baina badut gauza asko kontatzeko, hortaz, «¿por qué quedarme callada?».

Izen handiko artistekin aritu diren ekoizleekin aritu zara, oraingoan Juan Guevararekin, Raphael, Rozalén edota Luis Fonsi bezalako artistekin aritu dena.

Ekoizle hauek denetarik egiteko gai dira eta horiek dira izen handiena duten artistak, baina nire estiloan asko ibili da. Kolonbiarra da izatez, baina Madrilen bizi da aspaldian.

Nondik sortzen da harremana?

Harremana Paco Salazar ezagutu nuenean sortzen da. Felipe Guevara, Juanen anaia, izan zen diskoa nahastu zuena, gaztelerazko radio formulako pop talde gehienen nahasketak hark eginak dira eta baita Grammy sariak eskuratutakoa ere. Bada Juanekin proba egin genuen, gustura geratu eta beste hiru grabatu genituen atzetik.

Atresmusica zigiluaren azpian ateratzen da lan hau, nondik sortzen da hau?

Seirenen azken garaian ilusioa galtzen edo hasi ginen eta nik banituen gordetako abestiak, gazteleraz idatziak eta lekua topatzen ez nienak. Jokin Lacallek, Seirenen taldekide zenak, eta ingurukoek ere esan zidaten kaleratzeko kantu hauek. Asko pentsatu ostean erabaki nuen ateratzea eta ‘La luz de la luna’ kantua eta Islandian grabatutako bideoklipa egin nituen, hori ‘Neox discover’ lehiaketara aurkeztu nuen, Atresmediarena, eta hiru garaileetako bat izan nintzenez, hor hasten da guztia.

Alde handia dago hemen gauzak nola egiten diren edota halako enpresa handi batean funtzionatzeko moduarekin?

Atresmedia handia da, baina Atresmusica ez da hain gauza handia. Gertuko harremana dut eta hortaz ez dakit makroenpresa bati buruz hitz egiteko esanguratsua den. Nik ez dut desberdintasun handirik ikusi harremanetan.

Baina akaso promoetan eta bai, ezta? Gaztela Mantxako telebistan ere izan zinen, adibidez.

Promozioa eramaten zutenek hainbat elkarrizketa lotu zizkidaten eta horietako bat Gaztela Mantxako telebistan Ramon Garcia mitikoarekin egindakoa izan zen.

Apustua egiten da, baina ez da erreza.

Ez da erreza eta esango nuke zailagoa ere badela. Ez dut hemengo gutxietsi nahi, hemen primerako gauzak egiten direlako. Baina gazteleraz abestean Hego Amerikako merkatua ere zabaltzen du eta artista pila bat daude, hortaz, tokia egitea zailagoa da zu askoz ere txikiagoa zarelako.

Bizi izan duzu Madrilera salto egitean hemen ahaztua izan zarenaren sentsazioa? La Bien Queridak hori esan zuen eta horregatik egiten dizut hain gordin galdera.

Zentzu batean bai, Seirenekin beste babes bat sentitzen nuelako. Ni hemen nago, baina beste plano batean edo sentitzen naiz, zure tokia beste bat dela ikusten duzu akaso.

‘Yo perdí primero’ kantua da irrati formuletara begira gehien zuzentzen den kantua?

Akaso, bai, denetarik dago, dena da popa baina akaso bai.

Ekoizpenean ongi moldatu zarete?

Bada bai, pozik. Gure lan egiteko moduan, abestiak gitarrarekin eta ahotsarekin soilik bidaltzen nizkion, biluzik. Erreferentziak partekatzen nizkion eta berak bere bidea erakusten ziden, dena sarean, eta bidaltzen zizkidan sorkuntzak eta adostasunetara iristen ginen. Berak grabatu du instrumentazioa eta nik ahotsak sartu ditut. Gitarra akustikoarekin sortzen nituen nik abestiak, baina etxean aurreprodukzioa ere egin dut, pistekin jolasean arituta eta ea zer egin nezakeen abesti bakoitzarekin probatuta. Baina ekoizle hauek beste puntu bat ematen diote, zuk nahi duzun hori zu iristen ez zaren tokiraino eramaten da.

Denak gitarratik abiatu dira?

Pianoa ere zertxobait jotzen dut, zuzenekoetan ausartu naiz. Ordubeteko kontzertua nik bakarrik emateko, jendeari gauza desberdinak eskaini behar nizkion eta gitarraz gainera pianoa ere eramaten dut. Dena dela, abestiak gitarratik sortuta daude.

Entzuten diren ahots denak zureak dira?

Jokin ere tartean izan da eta gizonezkoen ahotsak bereak dira. Abestiak egiten ere laguntzen dit eta eskertzen diot benetan, musikan jarraitzen du, beste toki batetik bada ere.

«Sé que estoy mejor callada» diozu, eta hori kontraesankorra da tituluarekin.

Kantuaren barne istorioa da, pilota besteen teilatuan jarri ordez norberarekin kritiko izan behar dela diot. Harreman baten bueltan dago kokatua, baina bizitzako esparru denetara zabaldu daiteke mezu hau. Abestietan zabalik uztea gustatzen zait interpretazioa, musikak baduelako magia hori.

2050 films eta Molihawkekoekin egin duzu bideoklipa. Non dago etxe puska hori?

Boadilla del Monten dago eta sekulako etxe puska da, gero gustatzen zaizun edo ez, beste kontu bat da. Eta euria egin zigun tamalez, lorategia ere sekulakoa zelako.

Espazio dotoreak eta zu dantzan. Noren ideia izan zen?

Dantzan-edo, kar-kar. Kantu honek gitarrarik gabe irtetea eskatzen zuen, pisua baxuak eta bonboak zutelako eta ni dena egiteko prest nago une honetan. Orain arte beldurrez eta nintzen, baina hobeto edo okerrago aurrera egiteko erabakia hartu dut eta horregatik ausartu naiz dantza egitera, bideogileek emandako gomendioekin-eta, ni ez naizelako dantzaria, inondik indora.

Bigarren kantua ‘7 vidas’ da, Aviciiren erreferentzia ikusten dut bertan.

Izan daiteke, baina ez da pentsatua izan. Gure asmoa elementu akustikoak eta elektronikoak nahastea zen eta hori zen gakoa. Nire buruan Shawn Mendes zegoen adibidez, ekoizpena asko gustatzen zaidalako. Juanek ere bere erreferentziak bazituen, baina nahi genuena zen kantuak akustikoan defendatzeko moduan geratzea.

Azkenaldian zer musikak kateatu zaitu?

Bada orain arte diskoak entzuten nituen kotxean, gidatzen, nire une gogokoena zen, baina kotxez aldatu nuen eta ez dauka CDrik eta orain irratia entzuten dut, baina ez da gauza bera. Hortaz, gauza bat edo bestea entzuten dut katearen arabera. Etxean ez dut denbora askorik diskoak lasai entzuteko, baina kontzertuetara joaten naiz. Baina, tira, azken astean Alex Ubagorekin partekatu dut oholtza eta haren abestiak entzun ditut gehien, horrela tokatu delako, eta denak dakizkidala konturatu naiz.

Akatsez ari zara kantu honetan, baina horiek biziberritzen gaituzte?

Mezua da bizitzan zerbait bilatu nahi baduzu, joateko horren bila. Zerbait ez bada ongi irteten, beti izango duzu damutzeko aukera edota aukera berriren bat. Ez geratu sekula egin izan bazenu zer gertatuko zenaren zalantzarekin.

TAOMekoekin egin duzu bideoklip hau.

TAOMeko Aitor izan da zuzendu duena, baina berak nahi duena egiten utzi dut.

Beste etxe dotore bat, erdi utzita dagoena. Mezuak eta bideoak kontrastea egiten dute.

Karrantzako Karpin abentura parkean dago, publikoarentzat itxita dagoena oraintxe, halako indianoen etxe bat da eta baimendu ziguten bertan egotea. Aurkeztu nuen lehen singlea izan zen eta aurreko diskoarekin zertxobait apurtzea nahi nuen, eta hurrengoekin ere efektu bera bilatu dut, eta datorrena ere ez dakit nora iritsiko naizen. Irekita nago oraintxe estilo eta moldaketa desberdinak probatzeko.

Zergatik egin dituzu lau eta ez gehiago?

Esan dizudan moduan, ni disko zalea naiz. Baina gaur egun industriak gauza asko denbora gutxian kaleratzea eskatzen du, hortaz, single moduan funtzionatzera bultzatzen zaitu horrek eta ez duzu diskoan bezala pentsatzen guztia. Abesti bakoitzak toki desberdin batetara eraman behar zaitu, ez da ezer kontzeptuala izaten halakoetan, eta horregatik atera dira lau abesti eta ez gehiago.

Zuk horren aurrean, diskoaren nostalgia alboratzea lortu duzu?

Uste dut lortu dudala artista bezala, ez entzule bezala. Baina ez du zertan horrela izan, bakoitzak jartzen ditu bere arauak eta ez da txarra ere. Ohitzea izaten da eta planak egiterakoan lana egiteko modua aldatzea da egin behar dena eta onartzea horrela egingo duzula lan.

Kantua idazterakoan ikus-entzuneko piezan ere pentsatzen duzu?

Egia esanda ez. Lehendabizi kantuak idazten ditut, musika sortu eta zuzenean jotzea da gustatzen zaidana. Bideoklipak albo-lan moduan ikusten ditut. Disko bat ateratzen duzunean ez bazara oso ezaguna, jendeak singleak entzuten ditu asko jota. Eta abesti denei mimo dena jartzen diegu, disko batean nahiz eta denak single bihurtu ez, baina oraingoan lauak izan dira single eta jendeak ikusteko aukera ere badu gisa horretara. Ikusgarritasun gehiago izan dezake.

Hirugarren kantua ‘Dispara’ da. Hemen agertzen da diskoaren izenburua, argi zeneukan hasieratik?

Ez ez, idatzi nuen unean bilaketan ibili nintzen eta letrak berriz irakurtzerakoan aukeratu nuen esaldi hau diskoaren izenbururako.

Bideoko kotxeak maitemintzen nau baina baita zure Gretsch gitarrak ere.

Oso gitarra polita da, fana naiz, beno, gitarren fana orokorrean. Baina estetikoki gehien gustatzen zaidana da eta bi bideoklipetan agertzen da.

Dena dela zuzenekoetan Telecasterra erabiltzen duzu.

Bakarrik jotzerakoan, Telecasterrak akustikokik gertuago duen soinua du eta horregatik aukeratu dut. Baina bandarekin Gretscha eta Rickenbacker bat erabiltzen nituen.

Zenbat dituzu?

Bada Rickenbackerra saldu egin nuen duela pare bat urte, penaz, baina zortzi-edo baditut. Gainera saldu nuen gitarra horrekin badut istorio bat, ze horren bila nenbilen baina ez nuen lortzen. Stratocaster bat erosi berritan, bigarren eskuko merkatuan hau ere, Bilbotar batek saltzen zuen Rickembickerra eta hura ere erosi nuen, bi gitarra astebetean.

Bideora itzuliz, harreman baten bukaera baino, hasiera dirudi.

Bideoklipean bizitako uneak gogoratzen dira eta bukaeran mutila bakarrik agertzen da, hor irudikatzen da harremanaren bukaera.

Bada nik apurtutako zintetan ikusi dut apurtze hori.

Begira, bada zorionak arteko bi neskei, nik baino buelta gehiago eman baitiozu zuk. Lehen aldia zen ekoiztetxe honekin lan egiten nuela eta asko ikasi nuela uste dut, ahal dudana eman nien eskatzen zidatenaren aurrean.

Azken kantua ‘Si ahora te vas’. Inoiz sentitu zara galduta bakardadean?

Ni ez naiz oso bakardade zalea eta noski gertatu zaidala hori. Baina benetan barne gatazka bat dago, deabrua eta aingerutxoaren arteko elkarrizketa. Guztiz ondo egon ez naizen uneak pasa ditut, antsietatea eta bestelakoak, ikasi dut horrekin bizitzen eta zorionez geroz eta gutxiago pasatzen zaizkit halakoak, baina hontaz ere hitz egin behar da. Oztopoak guk geuk jartzen dizkiogu askotan gure buruari, auto-esijentzia den edo zer den ez dakidan arren, eta oreka bilatzeari buruz ari da barne-elkarrizketa.

Esan didazu hala ere gitarrarekin badela halako anekdota bat bideoan.

Bai, eserita nahi zuen agertzea Aitorrek, baina zutik nahi nuen agertu eta azkenean zutika agertzen naiz.

Sabairik gabeko kotxea eta lagunak protagonista.

TAOMekoek mezuaren kontrapuntua lagunen bidaia batekin bilatu nahi izan zioten ni bakardadean eta ilunpetan agertzen nintzen uneari. Askotan esan izan didate lagunek erdi brometan eta noiz aterako nituen bideoklip batean, bada hor sortu zen aukera eta gero labur geratu zitzaien, gainera. Hortaz, beti dago aukera berriz ere kantu berrien bideoetan sartzeko eta, gainera, ni naiz lagun taldeko lotsatiena. Presta daitezela!

Bartzelonan, Bilbon, Irunen, Donostian, Aranda de Dueron, Madrilen, Iruñean… Zer moduz joan dira kontzertuak?

Oso ondo, bakarrik egiten ditudan lehen aldia delako. Onerako izan dela esango nuke, oso pozik geratu naiz jendearen erantzunarekin. Akustikoan ordubetez jendea aspertuko den beldurrez izaten naiz eta uste dut lortu dudala jendea ez aspertzea. Horrez gainera, esanda bezala, erantzuna oso ona izan da eta oso pozik nago. Kafe Antzokian bertigo pixka bat ere sentitu nuen, areto handia delako, baina gero pozik geratu nintzen. Hori bai, galdetzen badidazu ea bakarrik edota taldean nahiago ditudan jo kantuak, bada taldean nahiago dut, noski, baina akustikoan pausu bat eman dut eta pozik geratu naiz, eta hori sinisteak ere ematen du indarra. Orain uda osterako nabil gauzak lotzen, bakarka eta espazio txikietan udan ez dakidalako toki askorik baden.

Bada, Onintze, isilik geratzen ez zarena erakutsi diguzu. Etor daitezela gehiago!

Mila esker gonbidapenagatik!

Jaurlaritza Logoa