‘Diablo’-ren berpizkundeaz gozatu dugu
Blizzard-en ARPG abenturaren beta probatzeari ekin diogu. Bi bideojoko handiren atzerapenen berri izan dugu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Diablo frankizia ezagunaren laugarren atala 2023ko bideojokoetako bat izango da. Horixe da askok espero dutena, baina ezingo dugu ekainaren 6ra arte baieztatu; halere, Blizzardekoen titulu berriko beta irekia igaro da jada, eta bertan ikusitakoez mintzatu gara Game Erauntsian.
Ohiko ARPG mekanikak, ehundaka konbinazio eratzen dituzten dozenaka ahalmen eta baliabide, mundu iluna zein gogorra eta milaka etsai akatzeko tresnak dira Diablo IV-k eskainiko dizkigunak. Egia esan, jokatutakoa ikaragarri gustatu zaigula aitortu beharra dago: estreinaldira begira jarri gara bideojokoen sagarik maitatuenetakoaren itzulera ikusteko.
Albiste txarrak ere jaso ditugu, zoritxarrez. Bi bideojoko handi geroratu direla jakin dugu. Alde batetik, Hollow Knight: Silksong desiratua daukagu. Ekaina baino lehen kaleratzea aurreikusita zegoen Team Cherry estudio australiarraren lana, baina oraindik itxaron egin beharko dugula dirudi. Berriak ukitu positiboa dauka, behintzat: uste baino joko handiagoa garatzen dabiltza.
Beste aldetik, Switch kontsolako Hogwarts Legacy azaroan merkaturatuko da azkenik. Uztailean estreinatzeko asmoa zuten Warner Bros Games-ekoek, baina arazoekin dabiltzala ezagutu dugu.
Udako aurkezpenak aipatzen gabiltza azken saioetan, eta oraingoan ekimen benetan interesgarriak egongo direla ezagutu dugu. Lehenengo eta behin, PlayStation Showcase handia maiatazaren 24an egingo da; bigarrenik, Wholesome Direct-ek joko atseginak bilduko ditu ekainaren 11n; hirugarrenik, Devolver Digital argitaletxeak titulu independenteen aurkezpena iragarri du ekainerako. Gu berotuta gabiltza jadanik.
Bukatzeko, gailuen zein bideojokoen iragarpenak ikusi ditugu: Asus ROG Ally eskuko ordenagailua ekainaren 13an estreinatuko da, adibidez. Eraztunen Jaunaren doako MMO titulua prestatzen ari da Amazon —oraindik luzerako doan proiektua da, hori bai—. Azkena, eta, interesgarriena, Mortal Kombat berria da: MK1 izenarekin, irailaren 19an helduko da borroka odoltsuekin.