Zuzenean
‘Rogue’ ingelesetik dator: espero ez dena, ustekabean harrapatzen zaituena, ezkutukoa, zitala, maltzurra, pikaroa…Termino honetatik jaio dira roguelike genero bideojokoak. Egia esan, gaur egun esanahi horietatik nabarmen urrundu daitezke, baina oinarri hori mantentzen jarriatzen dute tituluok. Bideojokoen munduko generorik berezienetakoa —eta, gaur egun, jokatuenetakoa— izanik, saio berezia prestatzea erabaki dugu.
Zer ikusi ohi dugu roguelike obretan? Heriotza eta abentura amaiezinak eta errepikakorrak izaten dira gakoak; ez zentzu txarrean, ordea. Partida galtzerakoan, arruntena jokoa berriz hasieratik ekin behar izatea da. Hala ere, horrek ez du aurrera egin gabe geratuko garenik esan nahi.
1980. urtean kaleratutako Rogue bideojoko klasikoak abiatu zuen generoa. Hala eta guztiz ere, hainbat urtez desagertuta egon dela esan behar dugu: horren berpizkundeaz arduratu dira ‘The Binding of Isaac’, ‘Rogue Legacy’ edo ‘Spelunky’ bezalako maisulanak.
Partidetan lortutako onuretako batzuk behin betiko desblokeatzea izan ohi da jokoon zutabeetako bat. Adibidez, Housemarque estudio finlandiarrak orain gutxi kaleratutako ‘Returnal’ ikaragarrian armak, objektuak eta abileziak lortzen joango gara Atropos planeta arriskutsuan. Selene protagonista hiltzerakoan berriz hasi beharko gara Helios espazio ontziaren ondotik, baina are urrunago heltzea errazagoa egingo zaigu —edo ez— hurrengo partidetan.
Roguelike abenturen beste berezitasunetako bat ausazkotasuna da: obra askotan zeharkatuko ditugun guneak aldatuz joango dira bizi bakoitzean. Horrela, gelen antolaketa anitzak ikus ditzakegu: horixe bera ikusten dugu ‘Enter the Gungeon’ bikainean. Armen ziega zitala itxuraldatu egiten da partida bakoitzean, eta gune ezagunak identifikatzen ikusiko dugun arren, irteera leku desberdinean egongo da abentura zerotik hasten dugun bakoitzean. Ez hori bakarrik: gauza bera gertatzen da etsaiekin. Aurkituko dugunaren etengabeko ezezagutza horrek aurrera egiteko grina pizten du, behin eta berriro akatuko gaituzten arren.
Akziozko lanak izan ohi dira nagusi roguelike lanen artean, baina FTL: Faster Than Light eta Into the Breach-en moduko estrategia jokoak, karta abenturak edo lasterketak har ditzake genero berezi honek. Ezagutu ezazu gurekin!