Pile taldea aurkeztu digu Izkander Fernadezek Donostiako kontzertuaren atarian
Ostegunean, martxoaren 16an, izango da Pile talde estatubatuarraren kontzertua. Haiek eta beste hiru talde gehiago ekarri dizkigu astero MusikHaria saioan egiten dugun hitzorduan musika aditu lemoaztarrak.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Mockers - Kontraesanaren laudoria
Aurreko astean eskatu zien baimena Mockers taldekoei Izkander Fernandezek ‘Argi egin’ EPtik kantu bat MusikHaria saioan estreinatzeko, «baina dena batera ostiralean kaleratzearen apustua egin zuen taldeak, hortaz gaurko tartean dator. 2014an ateratu zuten ‘Percute animals’ lehen diskoa eta nire blogerako elkarrizketatu nituen orduan, ingelesez abesten zuten garaian, eta 2019ko diskotik euskarara egin zuten salto eta hor mantendu dira. Beren eboluzioak ez du etenik eta erreferentzi pila bat entzun daitezke hiru kantu hauetan, gehienak gaur egunekoak eta interesgarria da benetan. Curro Úbedarekin egin dute lan berriz ere El Palmarren, Trafalgar estudioetan, Cadizen».
The Tubs - I don't know how it works
Talde baten lehen diskoa izateko The Tubs taldearekin sorpresa itzela hartu duela esan digu Izkanderrek: «Cardiffen, Galesen, sortu zuen eta kasualitatez iritsi zen urtarrilaren 27an ‘Dead meat’ diskoa. Niretzako interesgarriak diren erreferentziak dituzte, Hüsker Dü, R.E.M, The Cure, The Smits… melodia interesgarriak eta onak dituzte eta leku batetik bestera mugitzen dira. Azkar pasatzen da denbora haien musika entzuten. Bideoklipen inguruan esan eskasak direla, oraindik babes askorik ez duen taldearen adierazle, baina nik uste dut aurten nazioartean izango den debutik onena izango dela».
Shame - Adderall
«Otsailean kaleratu zuten ‘Food for worms’ diskoa eta esango nuke egin duten onena dela, nahiz eta hori zaila zen. Post-punk musikarekin hasten dira, Black Country New Road bezalako taldeekin lotura dute edota Idles eta Viagra Boys bezalako taldeekin ere bai, baina harago doaz. Laguntasunari buruzko kantua da, gaixotasunen baten inguruan doana, eta erlazioak eztanda egiten duen uneaz ari dira», esan digu Izkanderrek. Hortik abiatu eta diskoaren eta kantuaren azalaren inguruan ere egin ditugu hainbat irakurketa.
Pile - Loops
Donostiako DabaDaba aretoan izango da ostegun honetan, martxoaren 16an, Pile taldea. «Rick Maguiren bakarkako proiektua da izatez, Bostongoa, nahiz eta orain kolektibo moduan funtzionatzen dute. Diskorik esperimentalena atera dute aurten, naiz eta beti noise eta indie rockaren bueltan dabiltzan. Disko hau lasaiagoa da, baina esperimentazio dosi ederrekin. ‘All fiction’ disko hau osorik entzungo dugula esango nuke eta ea zer moduzkoa izaten den esperientzia. Tropical Fuck Storm talde australiarraren eragina du edota alderantziz, australiarrek Pilen eragina du, izan ere 2000. urtean sortutako proiektua da estatubatuarra», bukatu du Izkanderrek.