IRRATIA
Elkarrizketa
Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida
Su Ta Gar taldeko kideak

«‘Alarma’ disko berri honetan gure ibilbideko pasarterik potenteenak daude»

Sei urte pasa dira azken diskoa kaleratu zutenetik, baina hemen dira pandemia garaian landutako ‘Alarma’ izena daraman lan berriarekin. 1987az geroztik musika historiaren ondare diren abesti ezagun asko utzi dituzte, eta orain forma onean datoz. Kontzertuak martxoa-apirila-maiatzan iritsiko dira.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Hilaren 10ean alarma piztu zen sare sozialetan. Azken 35 urteetan Euskal Herrian erreferentea den musika talde batek albiste handi bat eman behar zuen hurrengo egunean eta Twitterren bakarrik dituen 7.000 jarraitzaileak urduri jarri ziren. NAIZ Irratia aukeratu zuen berria zabaltzeko: Su Ta Gar taldeak “Alarma” izena daraman estudioko hamabigarren diskoa kaleratu du.

11 abesti indartsuz osaturiko lan berria entzuteko lehen pribilegiatuak NAIZ eta GARAko harpidedunak izango dira, hilaren 27ra arte. Gero, Eibarko taldeko eta NAIZeko webguneetako dendetan salgai egongo da, abenduaren 6an plataforma digitaletan eta, azkenik, Durangoko Azokako altxorretako bat izango da.

Alarma piztu zenuten, ‘Alarma’ datorrelako.

Aitor Gorosabel: Bai, hori da. Diskoa zabaltzen duen “Alarma egoera” kanta alarma egoerari eta pandemiari buruz sortutako kanta bat da. Xabiri bururatu zitzaion diskoaren izena, hizkuntza guztietan ulergarria dena. Eta indarra dauka, garaiarekin bat dator.

Diskoak sarrera indartsua du, 1999a arteko Su Ta Gar-en lan bakoitzeko elementuak entzun daitezke.

A.G.: Beti gustatu izan zaigu disko baten kanta bakoitzak izaera propioa izatea, ez edukitzea antzekotasun gehiegi. Badago jendea bere estiloa duena, eta nik hori miresten dut, kanta ezberdinak izanda, estilo finko bat dutelako. Guri hori pixka bat kostatzen zaigu, eraginak izan ditugulako horien guztiengandik: AC/DC, Metallica, Iron Maiden, Judas Priest… Disko honetan badaude kantuak trash, hard rock eta beste mota bateko abestiak gogorarazi ditzaketenak.

Gitarra soloetan «tappinga» oso nabarmena da berriro, zuen adierazgarrietako bat.

A.G.: Egiten dugu ikasi duguna. Metalaren oinarriak dira eta jaso ditugunak. Hor badaude gauza batzuk mantendu nahi ditugunak. Hori da egiten dakiguna, igual beste gauza batzuk egiten ez dakigu.

«Egiten dugu ikasi duguna. [Tappingak] Metalaren oinarriak dira eta jaso ditugunak. Hor badaude gauza batzuk mantendu nahi ditugunak, zeren egia da ere hori dela egiten dakiguna»

Kanturen batean soinu gaurkotuago bat entzuten dela esan daiteke, melodiari enfasi moduko bat emanez.

Xabi Bastida: Aitorrek abestiak sortzeko orduan, ez dakit zein punturaino burua presionatu zuen, azken diskotik hona urte asko pasatu zirelako. Hor egon da sentsazioa abesti guztietan ezin zirela egon bi konpas hor egotearren edo betetzearren. Diskoak egundoko zukua du, eta abestiak kanpoan geratu dira. Oraingoan metal oso gogorra dago, gure ibilbideko pasarterik potenteenak edo indartsuenak hor daude. Aniztasun hori aurkitu nahian ibili gara. Soinu mailan, ezin duzu bi disko ezberdinetan soinu bera atera. Modernoagoa den? Burbuila batean gaude; hor ibili gara hain sartuta, orain belarriak zabaldu behar baititugu jendeak zer esaten duen entzuteko.

Lorentzo Recordsen grabatzeko hautua egin duzue berriz ere. Argi dago hango soinua gustuko duzuela.

A.G.: Aitor Ariño gure zuzeneko teknikaria da. Urte asko daramatzagu berarekin lanean, badaki oso ondo zer nahi dugun, eta Eibartik oso gertu dago. Hamar minututan zaude estudioan eta oso erosoa da, etxean edukitzea bezala.

Xabi Bastida eta Aitor Gorosabel, Su Ta Gar taldeko kideak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eta lasaitasuna ere bai. Sei urte konposatzen daramatzazun unean, estutu egiten da burua, ezta?

A.G.: Bai, noski. Nire kasuan, entzumena galtzen noan heinean, musika ez dut berdin sentitzen. Musika entzuteko zaletasuna badaukat eta jartzen dut musika, baina ez garai hartan bezain sutsu. Disko berri hau entzuten duzu eta beste kontzeptu bat da. Idazteko orduan, lehen sutsuagoa nintzen; agian garaiak ere ezberdinak ziren, politikoki ez zuzena izatea agian errazagoa zen. Orain kontu gehiagorekin ibili behar zara arlo askotan. Ni saiatzen naiz nire burua ahalik eta askeen mantentzen, bai musika egiterako orduan eta bai idazterako orduan, beti inor faltatu gabe eta norberaren buruaren aurka egin gabe.

Balada ezin zen falta; kasu honetan, “Infinitoan”. Beste erregistro baten bila ibili al zara abesteko garaian?

A.G.: Gure artean esaten genuen Doctor Deseo dirudiela. Eta badago beste pasarte bat Gariren antza duena. Erregistroa da kantak eskatu didana. Hau da konfinatuta egon ginenean idazten hasi nintzen kanta bat; estribilloa geroago atera nuen. Konfinamenduan nirea zen paranoikoa, zoratzeko punturaino, gitarra une oro hartzen bainuen. Honelako bukle batean sartzen zarenean, ezin momentu hoberik topatu disko berria ateratzeko. Bukle bat da, baina toki ezberdinetatik zoaz, bidaia luzeak egiten dituzu eta ez dakizu oso ondo nora heldu nahi duzun. Momentu batean gauza bat ateratzen duzu, gero zalantzak sortzen zaizkizu diskoan tokia izango ote duen. Guri gustatzen zaigu.

Autozentsuraren bat egon al da zuen baitan?

X.B.: Ez, ez. Aitorri entzutean, gogoratzen dut lokaleko hilabete horietan askotan berak esaten zidala: ‘Inspirazio faltarekin nabil’. Eta nik entzuten nion egunero gauza berri batekin… Eskerrak! [barreak]. Aukeraketa egiteko orduan, disko oso gogorra da, abesti gehienak hortik doazelako. Baina abesti hau kutuna dugu. Nik badakit pandemia garaian zenbat ordu ibili naizen gauetan kaskoekin entzuten, super pozik, gitarrarekin arreglo batzuk topatu nahian, bueltaka.

“ALARMA” - Su Ta Gar

Ekoizlea: Jo Ta Ke ekoizpenak, 2022
Salmenta: Primizian GARA eta NAIZekin
Nola: Harpidedunek e-mailari erantzunez / Naiz Denda (denda.naiz.eus)
Prezio berezia: 14 euro (bidalketa gasturik gabe)
Noiz: Azaroaren 18tik 27ra

Hiru abestitan hitzak Iker Rocandiorenak dira, memoria historikoa hiru ataletan banatu dutenak.

A.G.: Pasada bat izan da. “Eskertza” kantua da Matxitxakoko bataila Gerra Zibilean, non errepublikazaleen aldeko ‘Bou Nabarra’ eta ‘Gipuzkoa’ itsasontziek aurre egin zioten frankisten korazatu itzel bati. Bataila oso epikoa izan zen. Beste bat da “Nafarroa 1617”.
X.B.: Frantziar agintariak eskatzen diete frantsesak bihur daitezen, Euskal Herria utzita; baina beti euskaldunak sentitu zirela erantzun zieten. Gainera, Ikerrek liburutegi artxibo historikoan eskuizkribu bat lortu zuen. Zuberoako lagun batzuei eman eta euskarara itzuli zuten. Haiek eskerrak eman zizkiguten, historian hori gertatu zela ikasi zutelako.

Atzerriko hizkuntza bat ere badago beste kantuan.

A.G.: Bai, “Angra do Heroismo” abestian kontatzen da, XVI. mendean espainiarrek Portugal inbaditu zutenean, Azoreetako hirugarren irlak, Terceira deitzen denak, bi urtez eutsi zuela konkistatua izan gabe; eta espainiar armada etorri zenean, nola nekazariek zezenak menditik behera bota zituzten, eta nola bidali zituzten.

Gazteria ere presente izan duzue. Kimu berriek sendotzen al dute aurretik usteltzen hasteko arriskuan dagoena?

A.G.: Ez dakit hori nahita eginda dagoen, baina gure idazteko era da. Guk idatzitakoak dira gure bizipenak; ikusi duguna, aurrekoengandik jaso duguna. “Horixe naiz” laugarren kantak hori dena laburtzen du. Herriak eman dizuna, azkenean zuk ere itzuli behar diozula. “Enborra” abestia ere transmisioaren inguruan doa.

Xabi Bastida ere animatu da kantu baten hitzak idaztera.

X.B.: “Erraietan betirako” heavy metalarekiko maitasun kanta bat da. Hitzak izan baino lehen, sentitzen genuen riffak oso heavyak edo trash zirela. Horrek motibatu ninduen, lehen kontzertuez gogoratuz, 14-15 urterekin.

Aitor, zuk kantu bat lehen pertsonan idatzi duzu.

A.G.: Inspiratzen naiz pixka bat euskararekin; edota egin ez duten zerbait egozten dioten eta espetxe zigorra bete beharko duten lagun batzuekin. Entzuten dudan bakoitzean negargura sartzen zait, zeren Gerra Zibileko desagertuak aurkitzen ibiltzen direnek gorpu bat aurkitu zuten behin, eta, DNA proba eginda, 90 urteko emakume baten aita zela uste dut. Bere herriko udaletxeak nola ematen dizkion gorpuzkiak eta nola hasten den bera negarrez. Honelako gauzetan inspiratuta dago.

«Diskoa exijentea da. Instrumentu bakoitzaz jo behar duguna melodikoa eta indartsua izateaz gain, jotzeko orduan niri agian exijentzia gehien suposatzen didana izango da»

Zuek oso forman zaudete. Non dago sekretua?

X.B.: Diskoa exijentea da. Instrumentu bakoitzaz jo behar duguna melodikoa eta indartsua izateaz gain, jotzeko orduan niri agian exijentzia gehien suposatzen didana izango da. Ez dut uste horren bila sortuak izan direnik abestiak, baina hori dakarte.

Amaitzeko, eskertzen atala nahiko hunkigarria da.

X.B.: Erabaki genuen ezer ez ipintzea. Hala ere, Julen Ribas diseinatzaileak, letrak irakurri baina musika aditu ez zuenak esan zigun: ‘Badakizue zenbat mezu ari zareten esaten eta jendeak zenbat gogo duen disko hau entzuteko?’. Berak eragindakoak dira eskertzak. Batzuetan kanpotik laguntzen dizute belarriak zabaltzen.