IRRATIA
Elkarrizketa
Joseba Ezkurdia
Lau eta erdiko finalista

«Gero eta zailagoa da partidak irabazi eta goran egotea»

Ez zuen modurik onenean hasi txapelketa, baina buelta eman eta finalean da berriz Joseba Ezkurdia. Gazteen bultzada nabarmendu du eta finalera begira «indartuta» dagoela dio. 

Joseba Ezkurdia Labriten, garaipena amorruz ospatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Aurtengo Lau eta erdiko txapelketa porrot batekin hasi zuen Joseba Ezkurdiak, baina azkenean kaiolako finalean izango da Jokin Altunarekin batera. Hirugarrena du, aurreko biak berak irabazi zituen. 

Nola sentitzen zara? 
Gustura, gogotsu eguna iristeko, ia zer ateratzen den, ilusioarekin eta gogo askorekin nago eta ia partida on bat egiten dugun.

Atzetik aurrerakoa egin duzu txapelketan, nola iritsiko zara finalera? 
Ongi iristen naiz fisikoki, eta buruz ere ongi. Txapelketa gogorra izan da buruarentzako, lehen partida galduta bigarren eta hirugarrena irabazi beharra nituen derrigor eta tentsio handiko partidak izan dirak, finalak txapelketa hasieratik bertatik. Orain, ordea, ondo iristen naiz, berrindartuta eta gustura.

Izen berriak indarrez datoz...
Txapelketa hasieran esan nuen beti dagoela pilotari bat 'de rebelación' esan ohi dena, aurten Elordi izan da hori. Gazteek asko jokatzen dute pilotan, gauzak oso ondo egiten ari dira eta egunetik egunera zailagoa da partidak irabazi eta goian egotea. Azkenean norabidea zuzendu eta lortu dugu, final honetan sartuta oso gustora nago.

Altuna ongi ezagutzen duzun aurkaria da, hirugarren finala duzu eta aurreko bietan Altuna bera izan zenuen aurkari, bietan txapela zuretzat izan zen. Horrek konfiantza ematen dizu?
Laguntzen du bai, morala ematen du. Partida oso zaila dut baina badakit nirea ondo egiten badut aukerak ditudala irabazteko. Zentratuko naiz nire lana ondo egiten, partida ona ia egiten dudan, lehiakor izatea dut helburu eta ia Jokin nire terrenora ekartzen dudan eta sufriarazten diodan.

Zure bi txapelak Nafarroa Arenan izan ziren eta Bizkaia frontoian izango da orain finala, Jokinek han irabazi ditu hiru txapela. Honek badu eraginik?
Ez diot buelta handirik eman. Niretzat Iruñekoa frontoi hobea da jokatzeko, Jokinentzat Bilbokoa da hobea; frontoi geldoagoa, zailagoa da abiadurarekin mina egitea... baina ez da frontoi txarra txapela irabazteko.

Nola ikusten duzu Jokin?
Oso oso ongi, bi erakustaldi egitetik dator finalera, Elordiren aurka izugarrizko maila eman zuen, gauzak oso erraz eginez, txispa bereziarekin. Badakit partida gogorra izango dela, erritmo handikoa. Detaileak ahalik eta hobekien zaintzen saiatuko gara, disfrutatzeko gogoz eta ilusioz nago.