«Kutsadura ezkutatu eta inor ohartu gabe itsasora jaurti nahi dute»
Arkaitzerreka kutsatu zuten hodiko urak, Monpaseko hustubidera bideratu nahi ditu GHK-k, Gurasosek jakinarazi duenez. Aurretik Loiolako araztegitik igaroko litzateke ur hori eta gaur gaurkoz azpiegitura horrek ez daukala horretarako gaitasunik nabarmendu du Naiz Irratian Joseba Belaustegik.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak osteguneko batzarrean landu beharreko puntu nagusiaren berri eman du Gurasosek; Arkaitzerrekan dokumentatutako bi isurketa toxikoen ondoren, Zubietako erraustegiaren arduradunek instalazioaren azpitik igarotzen diren urak Añarbeko kolektorera bideratu nahi dituzte orain, eta hortik Ulia mendiko Monpaseko hustubidera, Donostiako Loiola auzoko Hondakin Uren Araztegitik igaro ondoren. «Kutsadura ezkutatu eta inor ohartu gabe itsasora jaurti nahi dute», salatu du Joseba Belaustegi Gurasos plataformako kideak.
Zentzu horretan ohartarazi duenez, Loiolako araztegia «ez dago prestatuta kutsadura horren aurka lan egiteko». Proiektua gizaki zein ingurumenarentzat suposatuko lukeen arriskuez ohartarazi du.