IRRATIA

«Ezin zen disko bat atera eta taldea desegin eta hurrengo diskoak antzeko izenburua izango du»

Annton Goikoetxea, Christian Rodriguez eta Josu Ximun Billelabeitia dira Lukiek talde mungiarra osatzen dutenak. Duela hiru urte kaleratu zuten ‘#1’ debuteko lana eta zeresana eman zuen, orain, 2021a bukatzear zela, ‘#2’ deiturikoa aurkeztu dute. Josu Ximun Billelabeitia izan da MusikHaria saioan.

Arrasateko gaztetxeko ‘Kooltour ostegunak’ programaren barruan aurkeztu zuten azken lana Lukiek taldekoek. (Peru ATXA)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Egun on, Josu! Edo Ximun, edo Josu Ximun… nola deitu behar zaizu?

Berdin zait, aukeratzeko dago, aldaera pila bat dagoz.

‘#1’ diskoak zeresana eman ostean, bigarrenaren izena zer da, sinpletasunagatik, marka bat sortzearren…

Traolaren sinboloa lehenengo diskoaren diseinuan atera zen eta norbaitek diskoa titulatzerakoan errata egin zuen, hau da, izatez zenbakiak bakarrik joan behar zuen eta akatsa egin zuenak traola gehitu zion. Garai hartan esan genuen hori horrela izanda bigarren lan bat atera beharko genuela, ezin zela disko bat atera eta taldea desegin, eta, ziurrenik, hirugarrenak ere bide beretik izango duela izenburua.

Diskoa irekitzen duen kantuaren izenburuarekin, ’SnK’ hitzarekin, ez dakit zer esan nahi izan ote duzuen.

Frikadatxo bat da. Shingeki no Kyojin artistaren ‘Attack on Titan’ animeari egiten dio erreferentzia. Letra egiten hasi nintzenean ez nuen hori buruan, baina gero antzekotasun asko topatu nizkion. Baina batzuetan abestia titulatzerakoan, berez duen pisua arintzen saiatzen naiz, batez ere hitzak intentsitate altukoak badira. Horrez gainera, banaiz manga eta anime zalea.

Amildegi ertzean bizitzearen kontua, azkenaldian ondo ikasia dugun zerbait da, ezta?

Garai hauetan, gainera pila bat. Baina kantua akaso lehenago sortutakoa da, baina pandemia garai honetan pare-parean daukagu. Kultura munduan egunero nola gabiltzan zer gertatuko denaren esperoan.

Azken lan hau egiterakoan soinua berritzen saiatu zarete?

Bai, noski, baina egia da kantu batzuk aurreko diskoari jarraikortasuna ematen dietela. ‘SnK’ hau horren adibide da, akaso aurreko abestiekin lotura gehien duena da. Baina gure neurrian beti saiatzen gara gauza berriak ekartzen, ez zaigulako gustatzen gure musika estilo batean zentratzen. Kantu batek akaso Nirvanaren kutsua duela nabaritzen badugu, hurrengoan hortik irteten saiatzen gara, beste elementuren bat edo gure puntua sartzen. Disko honetan, lehen abestiak akaso normatiboagoak dira, baina aurrera doazen heinean, abestiak esperimentalagoak dira, gehixeago desfasatzen gara; bai egitura aldetik edota baita doinu aldetik ere.

‘SnK’ abestia entzutean, ‘Don Gomes’ entzun zuenari ekarriko dio abesti hori burura. Single izatearena, hortik joan da?

Justu singleak diskoaren hasieran kokatzea, ez da aurrekoarekin lotzea bilatu. Diskoaren ordena ondo pentsatzea gustatzen zait, baina ‘SnK’ abestiaren lehen gitarrak bidaia baten abiapuntu bezala hartzen ditut eta amaierako kantuak argi zeuden zeintzuk izango ziren.

‘Sorginorratz’ abestiak duen atmosfera zabala eta sintetizadoreen protagonismoa, aipatzekoak dira.

Hor ez dago sinterik! Shoegaze estiloko efektuak daude sartuta, baina bai daudela gitarra geruza pila bat. Reverbeak, distortsioak… modu berezian erabilita daude. Esaterako, reverb efektua distortsioaren aurretik jarrita dago eta horrek atzetik datorren efektuari konpresioa egiten dio eta… beno, gitarra-jotzaileon erokeriak.

Gitarrak aipatuta, zeintzuk erabili dituzu diskorako?

Hiru gitarra erabili ditut disko honetarako, batez ere bi, eta horietako bat ez da nirea. El Tigre estudioan Xabi Egiarekin grabatu dugu, Jon Agirrezabalaren estudioa, eta berak badauka Stratocaster klasiko bat, lehenengo diskoan ere erabili nuena eta disko honetarako ere eskatu nion. Garbitxoenak direnak horrekin daude grabatuta eta zikinagoak direnak nire Gibson SG batekin. Horrez gainera, soinu arraroenak eta grabatzeko Danelectro bat erabili dut eta 12 sokako Danelectro bat ere bai, akaso igartzen ez den arren.

Berri ere abestiari helduta, zein da ezkutuan duen mezua?

Oso kanta surrealista da, ilun samarra, helikopteroak ere uste dut aipatzen direla… Beno, helikopteroena da nire amamak eta nire amamaren ahizpak hala deitzen zielako sorgin-orratzei. Baina gisa honetako kantei ez zait gustatzen esanahia ematea, magia guztia apurtzen dela uste dudalako. Kantuen hitzak musikan, ez da guk ezagutzen dugun hizkuntza, beste zerbait izan behar da. Artea askotan ezin da hitzekin azaldu, beste hizkuntza bat delako, hortaz, hemen nik uste dut letrak beste mundu batean sartzen direla. Egia da kasu batzuetan letrak errazago iristen direla, baina kasu honetan gustatzen zait hitzak atmosfera guzti horrekin bat eginda egotea eta bakoitzak hartu dezala bere esanahia, ez zait gustatzen nire esanahiarekin besteena baldintzatzea.

Diskoa erdibitzen duen kantua nolabait ere ‘Klonoak’ dela esan dezakegu. Bertan erabiltzen duzun ahots efektu berezia, aurretik ere entzuna dugu.

Lukieken lehenengo diskoan zein Belakorekin erabili dut kantatzeko modu hau. ‘Nondik zatozie’ eta ‘Arazo bakarra’ abestietan badago hori.

Kontua da ingelesa eta euskara nahasten direla eta ez dela oso argi ulertzen zein hizkuntzatan ari zaren zati horretan.

«Lo, ze gozo, ze gozo» esaten dut une horretan. Ametsei buruzko kanta bat denez, REM momentu hori da hor kontatzen dena, loaren bidaian ametsen mundura pasatzeko zubia gurutzatzen duzun unean.

«Tren bat urtetear itsutasunaren bidaian» aipatzen duzu hor. Itsutasunean maizegi ibiltzen gara, ezta?

Gure errealitatetik plazebo moduan isolatu eta beste errealitate paralelo batetara, beste paradigma batetara, bidaiatzeko modu bat dela esan nahi dut hor.

Geroago datorren ‘Solo baten zoro bat’ abestian, tronpetaren interpretazioak zorotasun horretara eramaten gaitu.

Kar, kar, kar. Nik esango nuke beste abestiekin zerikusirik ez duen kantua dela. Gustatzen zait disko luzeetan halako abesti batekin topo egitea. Gainera, hasieratik sortu zen, disko honetan lehenengotarikoa izan zen sortzen eta zuzenean denbora daramagu jotzen. Oso harro gaude honen emaitzarekin, desberdina delako. Asier Caldasek jotzen du tronpeta, hasiera baten harekin Amorante nahi genuen izatea ondoan, baina lanpetuta zegoen. Biak estudioan sartu eta tronpetarekin nahi zutena egiten jarri nahi genituen, ez zuten ezer zehazki jo beharrik, dibertitzeko unea zen. Ez dago nondik heldu izatez, nik gitarrarekin interbalo bat jotzen dut tarte batez eta disonantzia bat dago momentu guztian, Anttonek Lako eskala batean ematen ditu bere notak, baina ia nota guztiak jota… Orduan, tronpetari esan genion edozer gauza jotzeko, zoratuta. Radiohead taldearen ‘The National Anthem’ hartu genuen erreferentzia moduan hau sortzerakoan eta tronboiak ere badaude tartean. Zuzenean, berriz, gitarrak hartuko du pisu gehiago tronpetaren faltan. Hori bai, ahal bada, kontzertu berezietan eramaten saiatuko gara.

‘Ipuin-ha’ kantuan Cris Lizarragaren kolaborazioa izan duzue. Abesti honek ‘post’ etiketa garbia du, izan post-rock edota post-punk, kantuaren egiturari erreparatzen badiogu behintzat.

Kanta hau nik entseguan aurkeztu nuenean, grabazioan entzuten den kasetean grabatutako demo antzeko hori entzun zuten taldekideek. Intro horrek akorde normal batzuk ditu, melodia normal batekin, koroak egiteko aproposa izan daitekeena. Baina entsegura heldu eta bateria eta baxua sartzean abesti nahiko normala izango zela iruditzen zitzaidan eta horrekin apurtu nahi izan genuen. Hortaz, hasieratik egitura bera ere berezia da, ahotsa hasieran eta amaieran ditu, esaterako. Tartean dagoen guztia, berriz, psikodeliko samarra izatea nahi genuen, baina guretzat bideo-joko bat bezalako zeozer da. Hasieran oso zaila egiten zitzaigun denoi batera jotzea, 5/4ko erritmoa dauka, mozketak eta aldaketak egin… Hortaz, guretzat, bideo-joko baten pantaila zail bat bezala da.

Kantua bera anime pelikula batean sartu daiteke.

Ipuin bat da eta hiru zatitan banatu dugu diskoan. Cris lehenengo diskoan ere etorri zen estudiora eta zati batean ahotsa grabatzeko esan genion ‘Eta gero zuek kantan’, baina japonieraz abesteko esan genion, asmatutako japonieran. Bada, oraingo honetan gauza bera egin dugu, esan genion berdin zuela zein zen kantua, baina zerbait egin behar zuela. Nik tranpa txiki bat egin nuen, kanta honekin egoteko gu justu eta abestiaren erdian sorginaren papera eman eta haren barrutik abesteko eskatu genion. Gero egin zituen hiru hartualdiak elkarren artean nahastu eta gauza xelebre batzuk egin ostean horrela geratu da.

Entzuten ari ginen bitartean momentu hura burura etorri zaizula iruditu zait.

Bai, total. Orain entseatzen gabiltzanean ez dago ahots hori… Musikari askoren gaitza da abesti bat grabatu ostean gehiago ez entzutearena, hainbeste denbora estudioan eta hainbeste buelta, nekatu egiten garelako. Baina orain, tartea utzita, gustura entzuten ditut ostera abestiak.

Estudioan sartzen zarenean, zer zara, hasieratik bukaeraraino dena kontrolpean eraman behar duen horietakoa?

Estudioan nago beti eta batzuetan nahasketetan ere parte hartu dut, baina azken boladan teknikariei beren lana egiten uzten diet. Gauzak proposatzen beti, baina kaka eman gabe. Galdera asko egiten dizkiet, nik ere ikasi nahi izaten dudalako. Musikari moduan ere ikasten duzu teknikariekin komunikatzeko eta konposatzeko eran ere eragin dit horrek. Iñigo Irazokirekin lan egin dugunean, adibidez, badakit gauza batzuk nola egiten dituen eta konposatzerakoan bere lan egiteko modua presente izan dut ahalik eta zuku gehien ateratzeko.

Masterra Estanis Elorzak egin dizue Doctor Masterren, aurrekoa Ultramarinos Costa Bravako Victor Garcíak. Alderik badago?

Onartu behar dizut hori ez dudala ulertzen. Belakorekin ere Abbey Roaden izan ginen eta oso ondo, turismorako. Esan nahi dut, nahasketa on bat bai, horrek balio dit niri, gero masterizazioan gertatzen dena, magia beltza da. Nik kotxean erabiltzen ditudan diskoak, ez dira masterrak izaten, azken nahasketak baizik, bai Belakoren kasuan eta baita Lukieken kasuan ere. Nik estudioan entzun dudan moduan entzun nahi izaten dut, gero ez dakit zer egiten duten masterrean.

Musika frantsesaren eraginak ere nabaritu ditugu zuen diskoan, baina zuk horietatik edan al duzu?

Bada ez, nik batez ere musika anglosaxoiaren eragina dut, bai estatubatuarra eta baita britainiarra ere. Rock klasikoa, Europako elektronika… Frantziako kulturarekin, ordea, ez dut lotura askorik egia esanda. Geroz eta musika gutxiago entzuten dut, konposatzen nagoelako eta orduan gutxi entzuten dut. Diskoak, ordea, musika arabiarra ekarri dezakete gogora, hango kulturako eskala batzuk erabiltzen ditugulako. Arabiarra esatea ere gehiegi orokortzea da, haiek ere pila bat eskala mota dituztelako. ‘Obabatxuek’ kanta, adibidez, amaka abesten zigun sehaska kanta bat da eta amamak ere bai, eta beti harritu izan dit ekialde hurbileko edota mundu arabiarreko kutsu hori duela.

Abesti horrek Mauriziaren ‘Txikitxutetik’ kantua ekarri dit niri gogora, albokaren tonalitatea ere mugatua delako izango da.

Izan daiteke, eta akaso hor ere eragin arabiarra egon daiteke.

Dena dela, amak eta amamak abesten zizueten kantua dela aipatu duzu. Diskoan abesten duena nor da?

Ama da. Tranpa egin nion, aspalditik grabatuta neukalako abestia mugikorrean. Mourn taldeko gitarra-jotzaileak, Carla Pérezek, pandemia hasieran kontatu zidan sehaska kanten munduan zebilela sartuta eta gure amak hau abesten zigula gogoratu nintzen, oso ederra iruditzen zaidana eta amari eskatu nion ea kantatuko zidan, letra ez nuelako osorik gogoratzen. Bada ordutik gordeta eduki dut eta orain diskoan sartu egin dut. Kantu hori musikatzen hasi nintzen eta diskoa egin genuenean taldekook grabatzea erabaki genuen. Behin grabatuta, ipini genion eta harriduraz hartu zuen.

Azken singlean, ‘Eroan zaitue’ deiturikoan, punka, surfa, halako gauzak etortzen dira burura, baina gero gitarraren distortsio eta zikintasun horrek, sekulako kontrastea egiten diote.

Kantu honek bi zati ditu, erdiraino gitarra garbiak, apur bat ‘Itoiz’-eroa edo dauka, funky estiloko baxu linea batekin… eta gero dena apurtzen da distortsioarekin. Gure betiko soinura-edo doana, nahiz eta dagoeneko ez dakidan zer den gure betiko soinua. Kantu hau taldea hasi genuenekoa da eta gero bidean geratu zen, ‘Sorginorratz’ abestiarekin batera. Lehenengo diskorako ez genuen oso garbi eduki, baina orain buelta batzuk eman dizkiogu eta hau atera da eta gustura gaude.

Mezuan kartzela ikusi dut nik, hortik doa?

Bai bai, erabat. Eta bertakoa da gainera.

Diskoa ixten duen ‘Tzar’ kantuaren estrofetan, zuk, gitarrarekin halako reggae erritmoan jotzen duzu, bitxia egin zait, baina oso jostaria. Nola bururatu zitzaizun?

Bada ez dakit, ze kantua izatez oso rockeroa da. Txantxa moduan ere hartu dugu guk, izan ere batzuetan eskala oso heavyetan-edo mugitu gara, nahiz eta gurekin bat ez datozen. Baina pila bat disfrutatzen dugu jotzerako garaian eta estrofak hasiera batean normal jotzen hasi nintzen, baina bateriaren kontran jotzen hasi nintzen, eta gitarra bai reggae moduan geratu dela baina beste guztia oso rockeroa da. Eta polita geratu da.

Kontzertuen kartel mardula atera duzue diskoarekin batera.

Disko bat aterata, musikari guztiok nahi duguna da zuzenean jotzea eta ea jendeak gustuko duen ikustea. Momentura arte ongi joan da dena eta igartzen da bideoklipak dituzten abestiak jendeak ezagutzen dituela, abesten dituela, eta lehenengo diskoarekin hori gertatu zen. Disko atera aurretik dezente jo genuen baina behin diskoa atera eta gero beste giro bat zegoen kontzertuetan. Orain kontua da ahalik eta gehien jotzea, ze badakizu, beste proiektu batzuetan ere bagabiltza eta Belakorekin hasten denean, honi ezin diot eutsi. Eta nik nahi dudana da egurra, ez dut asteburu bat bera ere libre eduki.

Askok esango zizun hori ere, Lukiek jolaserako proiektu bezala daukazula. Baina lan honekin guztiz kontrakoa erakutsi duzu eta hirugarrena ere aipatu duzu.

Belako da eta beti izango da nire betiko proiektua, Belakorekin hazi naiz eta bizitzaren herena bertan pasa dut eta nire kuttuna izango da. Baina orain Lukiekek hartu duen pisua gustatzen zait eta harro nago, ez neukalako konfiantzarik abesten eta euskaraz abesten hasi nintzelako. Garrantzitsua da niretzat beste proiektu bat edukitzea, guztiz euskaraz eta bertako zirkuitua ez ahazte inongo momentutan. Pila bat disfrutatzen dut edozein herritako gaztetxera joan eta bertan jotzen. Ziurrenik hirugarren disko bat ere etorriko da, kantuak badaude, gordeta baditudalako bai Belakorentzat zein Lukiekentzat. Sormena eta inspirazioa ez dira agortu eta hori dagoen bitartean lan egingo dugu. Oteitzak esaten zuen «inspirazioak lanean harrapa zaitzala», bada nik diot «inspirazioa baduzu, hortaz, lanera».

‘Fluoreszenteak’ single moduan agertu zen eta zentzua ematen dio lan guztiari. Azalean fluoreszentzia hori badagoelako, bideoklipak ere pisua duelako… Gainera bideoklipa etxeko hirugarren artistak egin dizue ezta?

Diskoak duen guztia dauka bideoklip horrek, puntu surrealista dauka, gauean girotuta, argiak… Ez da disko kontzeptual bat, baina gaua, izarrak, lo, ametsak… asko aipatzen dira eta kantu horretan, bideoklipean, estetika hori ikusten da. Zuzeneko guztietan ezingo dugu estetika hori eraman, baina berezienetan saiatuko gara. Lide Mikele gure etxeko hirugarrena da eta artista hutsa dela esan dezakegu.

Diskoa momentuz Ático Stereoren webgunean eskuratu daiteke momentuz, ez beste inon. Zigilu berria.

Hori da, Christian arduratzen da pixka bat gai honetaz eta badakit laster aterako dela plataforma digitaletan ere, baina ez zehazki noiz. Christianek berak sortu zuen zigilua eta dagoeneko lau talde daude bertan eta pozik gaude.