«One Last Breath» eta «Rivalia: Dungeon Raiders» euskal bideo-jokoak PlayStation-en eskutik
Topera daude Euskal Herriko bideo-joko garatzaileak. 2022 urtean ’Rivalia: Dungeon Raiders’ eta ’One Last Breath’ bideo -jokoen aurrerapenak aurkeztu ditu PlayStationek. Azkenak euskarazko bertsioa izango du.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Bideo-jokoen industria gero eta indar gehiago hartzen dabil Euskal Herrian. Garatzaile euskaldunek eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzen dituzte beren jokoak kaleratzeko, esate baterako, PlayStation Talents egitasmoa. Horren aterpean dabiltza sortzen ’One Last Breath’ eta ’Rivalia: Dungeon Raiders jokoak’ bideo jokoak. Moonatic Studios nafarraren eta Fsix Games bizkaitarraren lanak dira, hurrenez hurren.
2022an argitaratuko diren bi joko hauen trailer berriak ikusteko aukera eduki dugu PlayStationek antolatutako The Moment aurkezpenean. Sony-ren kontsoletan zein beste hainbat plataformetan estreinatuko dira. ’One Last Breath’ puzzleak eta plataformak batzen dituen abentura ederra izango da, eta euskal bertsio bat izango du merkatuan.
2022an estreinatuko den beste Euskal Herriko ekoizpena ’Rivalia: Dungeon Raiders’ RPG elementuak roguelike jokoen mekanikekin bilduko ditu.
Gero eta bideo-joko gehiago euskaraz
2022 urtera itxoin gabe euskaraz jolasteko aukera badago orain. Game Erauntsiak beti du begi bat jarrita euskaratu diren azken bideo-jokoetan, eta zerrenda gero eta luzeagoa da. Euskratu diren azken 'Nuclear Corps' eta ’Snow of the Necromancer’ dira.
Lehena, Jokoga Interactive bilbotarrak eta Harrobia Ikastolak sortu dute, aurretik aipatutako PlayStation Talents ekimenaren aterpean. Arkade abentura honek akzio mordoa dakar estetika koloretsuarekin batera.
Bigarren, eta oso harro aurkezten dugun lana da, Game Erauntsia Elkartean euskaratu duten azken jokoa da. ’Snow of the Necromancer’ akziozko RPG abentura bikaina da. Grimorio of Games estudio katalanak kaleratu zuen urte hasieran PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan; guztietan joka daiteke gure hizkuntzan. Ez da, noski, Game Erauntsiak itzulitako lehen jokoa. Besteak eta askoz gehiago aurki daitezke elkartearen euskarazko bideo-jokoen zerrendan.
27 milioi erabiltzaile aldi berean
Beste behin ere 'Steam' aipatu behar dugu, eta ez dezala inork pentsa patrozinio gisa dugula plataforma hau. Argi dago bideo-jokoen industrian ordenagailuek gero eta pisu handiagoa daukatela, eta Steam plataformaren datuek hori erakusten dute. Azken urteotan jokalari kopuru aldetik hazkunde nabarmena jasan du PCak, eta oraingoz ez dauka gelditzeko itxurarik. Azken marka berria Steam saltokiak lortutakoa da: 27 milioi erabiltzaile eduki ditu aldiberean konektatuta.
Erabiltzaile aktiboen kopuruari begiratuta, 120,4 milioi dira hilean behin Steamera sartzen diren erabiltzaileak. Datu hau 2021 hasierakoa dela nabarmendu beharra dago, beraz zifra honek gora egin duela suposa daiteke.
Adi nostalgiko eta mangazaleeak! Dragoi Bolaren unibertsoan girotutako multijokalari asimetrikodun proiektua prestatzen dabiltza. PC-ko jokalariek beta itxian parte hartu ahalko dute abenduan. ’Dragon Ball: The Breakers’ proiektu bitxia da eta berritzailea, Dragoi Bolaren beste bideo-jokoengandik urruntzen den proposamena baita.
Nazioartera begira, Frantziar estatuko Arkane Studios garatzailea da Game Erauntsiko kideen gustukoenetakoa, eta bere azken lanari buruz aritu gara saioan: Deathloop. Immersive sim motako proiektu honek ’Dishonored’ eta ’Prey’ izugarrietan ikusitako oinarrizko mekanikak hartu, eta denboran bira bat ematen die. Izan ere, denbora da jokoaren ardatzetako bat: egun bakarra biziko dugu behin eta berriz; eta ziklo hori haustea izango da Colt protagonistaren helburu nagusia.
Bideo-joko independenteentzako txokoa ere eduki dugu. ’Teardown’ bereziaren ezaugarriak laburbildu ditugu: kokaleku desberdinetan gure eskura dauden baliabide guztiak erabilita misioak gainditzea izango da xedea. Lapurretak prestatu, eraikinak suntsitu eta bestelakoak egin beharko dira oraindik sarbide goiztiarrean dagoen proiektu interesgarri honetan.