Zuzenean

Lander Unzueta

Among Us bideo-jokoa guztiz euskaratzea lortu du komunitateak

Age of Empires-en estrategia eraberritua eta Mario Party-ren azken minijokoak aztertu ditugu. Euskararentzako txokoa ere egon da Game Erauntsiaren azken saioan: ’Among Us’ euskaratu dugu, eta Jokoteknia euskal bideojokozaleen jardunaldiak hartu ditugu hizpide.

Audio_placeholder

Among Us bideo-jokoa guztiz euskaratzea lortu du komunitateak

Loading player...
Among Us bideo-jokoa euskaraz | Arg. Game Erauntsia
Among Us bideo-jokoa euskaraz | Arg. Game Erauntsia

Estreinaldi esanguratsuak bizi dituzte bideo-jokoen munduko jarraitzaileek egunotan; Game Erauntsiakoek hainbat berritasunekin gozatzeko aukera eduki dugu, eta horiei buruz luze solasteko aprobetxatu dugu azken saioan. Alde batetik, estrategia generoko klasikorik handiena itzuli da PC-ra: Microsoft-ek Age of Empires frankiziaren laugarren atala kaleratu du Relic Entertainment estudioarekin.

Sagaren lehen jokoekin hasitakoa jarraitu dute denbora errealeko borrokak eskaintzeko; hortaz, beteranoek ongi ezagutzen dituzten jostagarritasun mekanikak eratu dituzte azken jokoan. Zortzi zibilizazio, lau kanpaina eta partida luzeak eskaintzen ditu nostalgiaz betetako obra honek. Nostalgia da baita baloratu dugun beste jokoak sortzen duena. Mario Party Superstars Nintendo-ren saga dibertigarriaren remake edo eraberritze erraldoia dela esan daiteke: aurreko ataletako 100 minijokorik onenak hartu eta sei taula desberdinetan jokatzeko aukera eskaintzen du.Ohi bezala, lau lagun ariko dira elkarrekin ahalik eta izar gehien biltzeko lehian asko gustatu zaigun bideo-jokoa eratzea lortuta. Iritziak alboratuta, bideo-jokoen azken berri garrantzitsuenen jarraipena egiteko ere aprobetxatu dugu, ohi bezala.

PlayStation-ekoek State of Play aurkezpena egin zuten, batez ere joko independenteei lehentasuna emanik; Xbox-ek, bestalde, Halo Infinite desiratuaren kanpaina eraberritua erakutsi zuen berriz, jokoa geroratu ondoren.

Berri pozgarriarekin gatoz Game Erauntsia Elkartetik. ’Among Us’ arrakastatsua guztiz euskaratzea lortu du komunitateak: PCko zein Android-eko bertsioan modu ez ofizialean euskaraz jokatu daiteke. Itzulpenaren fitxategiak eta euskaratzeko jarraitu beharreko pauso guztiak Game Erauntsiaren webgunean aurkitu daitezke, euskarazko bideo-jokoen zerrendarekin batera. Horrez gain, euskal bideojokozaleen komunitatearentzako urteko egunik garrantzitsuena bizi dugu. Jokoteknia euskal bideojokoen jardunaldiaren laugarren edizioa ospatu dugu; aurten hizkuntza gutxituak izan dira hitzaldien ardatza, bideo-jokoekin duten harremana azaleratuta. Informazio guztia Jokotekniaren webgunean irakurri daiteke.

Game Erauntsiaren azken saioa osorik ikus dezakezue jarraian:

Jaurlaritza Logoa