IRRATIA

[33] Bidasoa ibaiak albiste txarrak dakartza

Igandean, Bidasoa ibaia zeharkatu zuten bi mutilek Irungo erdigunetik zortzi kilometrotara, landa inguruan, burutu zuten saiakera. Jakina denez, horietako bat hil egin zen. Amaia Fontangek (Etorkinekin) argi du «geroz eta bide eta molde zailagoak hartuko dituztela», kontrol polizialetik ihesi.

« Personne dans la rue » revendique Etorkinekin. © Guillaume FAUVEAU

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Transkripzioa:

Ander:
Kaixo, Ander. Zer moduz?

Ioar:
Ondo esango nizuke, baina ez da hala.

Ander:
Zer duzu? Zerbait larria gertatu zaizu?

Ioar:
Ez al dituzu albisteak entzun? Beste etorkin batek bizia galdu du Bidasoa ibaian.

Ander:
Zer diozu?

Ioar:
Aditu duzuna, Ander. Latza da egoera. Mila oztopo gainditu ondoren..., basamortua, mafiak, Mediterraneoa..., hemen, gure etxe ondoan, etorkin afrikar bat hiltzear dago berriz, bihar edo etzi.

Ander:
Bidasoa, etsipenezko soa.

Ioar:
Etorkizuna amesten datoz gazteak beraien sorlekuetatik. Irundik Hendaiara ezin errepidez pasa eta, ezagutzen ez duten lekutik igarotzen saiatzean... heriotza!

Ander:
Lazgarria da kontatzen duzun hori.

Ioar:
Lazgarria da, bai, eta bortitza. Eta are gogorragoa hil egiten direla jakiten dugunean. Orduan bihurtzen dira albistea.

Ander:
Arrazoi duzu horretan. Orain arte bagenekien hemen zirela, baina, atxiloketa askorik egon ez denez, ez ginen ohartu ere egiten.

Ioar:
Irun eta Hendaia poliziaz josita daude.

Ander:
Eta zer egin behar dute orduan muga edo ibaia gainditu nahi dutenek?

AUDIOA-1 | AMAIA FONTANG

Ioar:
Ipar Euskal Herrian bada mugimendu bat Etorkinekin izenekoa.

Ander:
Bai, Harrera sarea ere ezaguna da Irunen. Berdin, Ongi Etorri Errefuxiatuak herri mugimenduak jende ugari mugitzen du.

Ioar:
Irunen, adibidez, tren geltokiaren inguruan egunero bada urrundik etorritako lagunen bat. Haiei laguntzera joaten dira boluntarioak.

Ander:
Eta zer egiten dute?

Ioar:
Jateko eta edateko beroak eskaintzen dizkiete, eta non lo egin bilatu. Harrera guneetara eramaten dituzte.

Ander:
Lapurdira pasatzea lortzen al dute?

Ioar:
Denetarik bada. Batzuk ordainduta pasatzen dira. Beste zenbait oinez saiatzen dira, Santiago zubitik. Bidasoa ibaia gurutzatzen ahalegintzen dira asko. Furgonetak ere badira. Eta batzuk, elkartasun sareek lagunduta.

Ander:
Gure herria beti izan da solidarioa.

Ioar:
Beti izango da norbait laguntzeko prest.

Ander:
Eta ez al dute horretan inor harrapatzen?

Ioar.
Izan dira atxiloketak eta polizia-etxetik pasatzeko deiak. Zergatik? Autoetan errefuxiatuak eta urrutitik datozen etorkinak eramateagatik. Pertsonen trafikoa leporatu nahi izaten diete.

Ander:
Pertsonen trafikoa... Hori larria da, ezta?

Ioar:
Poliziek badakite elkartasunagatik egiten dutela, baina beldurtu egin nahi dituzte.

Ander:
Eskerrak jende ausarta baden oraindik.


AUDIOA-2 | AMAIA FONTANG

Ander:
Eta pertsona migranteen eskubideak?

Ioar:
Berez libreki mugitzeko eskubidea izan behar genuke pertsona guztiek. Baina etorkinei ukatu egiten zaie. Ez ditugu Europan hartu nahi.

Ander:
Hortaz, Europan ez dago zirkulazio eskubiderik.

Ioar:
Europak eremu libre eta demokratikotzat du bere burua, baina Afrikatik eta egoera latzetatik datozen etorkinei sarrera galarazten die.

Ander:
Argi dago hor badela jendearen jazarpena.

Ioar:
Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko kideak “jende ehiza” deitzen dio egoera horri.

Ander:
Jendearen eskubideen kontra, etorkinak harrapatzen ari dira, etengabe, bateko eta besteko polizia ezberdinak. Etsipengarria da egoera, zinez.

Ioar:
Hala ere, bizitza arriskuan ezarriz, egoera latzei aurre eginez, gainditzen dituzte oztopo guztiak, eta askok lortzen du helburua.

Ander:
Bide oso luzea, zaila, konplikatua... berebiziko arriskuak hartuta.

Ioar:
Bistan dena. Irakurri duzu Amets Arzallusek idatzitako Miñan eleberria?

Ander:
Ez. Amets Arzallus ez al da bertsolaria?

Ioar:
Bai, bertsolaria da, eta idazle ona ere bai.

Ander:
Eta zer idatzi du?

Ioar:
Gineatik anaia txikiaren bila abiatu zen Ibrahima Balderen istorioak kontatzen ditu. Hunkigarria da liburua. Hala ere, nik esatea baino hobe duzu liburua irakurtzea.

Epilogoa - Beti Ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Aditzari lotzen zaion -T(Z)EAR atzizkia, denbora adierazteko.

Ioarrek esan du:
—«Etorkin afrikar bat hiltzear dago».
Heriotza gertatzeko puntuan dagoela adierazi du. Oraindik ez da gertatu, baina laster gertatuko da.

Ioar:
Akzioaren denbora oso hurbila adierazten dute esaldi hauek:

—Teknika berri bat asmatzear daude Eibarren.
—Ekaitza hastear zen, hegazkina abiatutakoan.
—Argia joan da, lana bukatzear neukanean.
—Epailea azken hitza esatear dago.

Hemen entzun dezakezue Amaia Fontangi egindako elkarrizketa osoa.