Zuzenean

Peli Lekuona

Amaia Fontang (Etorkinekin): «Geroz eta bide zailagoak hartuko dituzte etorkinek»

Amaia Fontang, Etorkinekin kolektiboko kidearentzat migrazio politiken «ondorio latza» da igandeko Irungo heriotza. Bide seguruak sortu beharrean, herrialdeek «harresiak» sortzen dituztela salatu du. Indarrean den osasun ziurtagiria arazo bilakatuko da migranteak «blokeatuak» geldituko direlako.

Audio_placeholder

Amaia Fontang (Etorkinekin): «Geroz eta bide zailagoak hartuko dituzte etorkinek»

Loading player...
Mobilizazioa maiatzean mugan, Bidasoan aurreko heriotza gertatu ondoren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Mobilizazioa maiatzean mugan, Bidasoan aurreko heriotza gertatu ondoren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Igandean, Bidasoa ibaia zeharkatu zuten bi mutilek Irungo erdigunetik zortzi kilometrotara, landa inguruan, burutu zuten saiakera. Jakina denez, horietako bat hil egin zen. Amaia Fontangek (Etorkinekin) argi du «geroz eta bide eta molde zailagoak hartuko dituztela», kontrol polizialetik ihesi.

Muga pasata ere, migranteen egoera ez da xamurra. «Jende ehiza» burutzen da Elkarrekin kolektiboko kidearen esanetan. Hiru egunez kontrolak aztertzen egon dira eta baieztatu dute egiaztapenak «itxuraren araberakoak» direla, «bakarrik beltzak dira kontrolatuak».

Kontrolen atzean motibazio politikoa dagoela adierazi du Fontangek NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan. «Badakigu laster hauteskunde presidentzialak izango direla. Macronek eskuineko eta eskuin-muturreko boz emaileak bereganatu nahi ditu. Beraz, gogortzen du bere politika. Badakigu departamentuetan prefetek izan dituztela kontsignak».

Osasun ziurtagiria, oztopo berria

Indarrean den osasun ziurtagiria migranteentzako oztopo berri bilakatuko da. Derrigorrezkoa izango da garraio ertain eta luzeetan ziurtagiria zein pasaportea aurkeztea. Neurri berriaren ondorioz, arazoa aurreikusten du Fontangek «Baionarat, Pausa Zentrorat, etorriko diren migranteak blokatuak geldituko dira. Susmoa dugu laster Hendaia eta Baiona artean bilduko direla ehunka migrante».

«Jendea ari da metatzen mugan, pasatu nahian. Pasatzen direnean, ilegalki Hegoaldera igorriak dira berriz. Autobus geltokietan gero eta gehiago kontrolatuak dira», zehaztu du Fontangek. «Eta hau guztia jendea hiltzea da», laburbildu du. Asilo eskubidea oso gutxitan aplikatzen dela ekarri du gogora, eta kanporatzeak, aldiz, gero eta azkarrago egiten direla.

 

 

Jaurlaritza Logoa