Zein egoera bizi dute bideojokozale euskaldun zein beste hizkuntza gutxituen komunitateek?
Jokoteknia Bideo-jokoen IV. Euskal Jardunaldia burutu du Game Erauntsia Elkarteak, eta bertan ezagututakoari buruzko hausnarketa egin dugu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Euskal bideojokozaleen komunitatea izateko jaio zen Game Erauntsia 2014. urtean. Hainbat urtetako ibilbidean lortutakoak gogoratzeko aprobetxatu dugu Azkue Fundazioarekin batera Jokoteknia Bideo-jokoen IV. Euskal Jardunaldia egin ondoren.
Izan ere, ekimenaren hizpide nagusia hizkuntza gutxituak eta hauetan aurkitu daitezkeen bideo-jokoen komunitateak izan ziren: katalanak, galegoak, bretoierak, galesak eta irlanderak dituzten bidejokozale taldeak ezagutu, eta hauek lortutakoei buruz hausnartu genuen bertan.
Eztabaidarekin batera azkenaldian estreinatutako bideo-jokorik entzutetsuenari buruzko balorazioa eskaintzeko aprobetxatu dugu irratsaioan. Forza Horizon 5-i buruz ari gara: lasterketa jokoak milioika jokalari eraman ditu Mexiko birtualera 500 bat auto gidatzeko. Jokoarekin maiteminduta geratu garela esan beharra daukagu: atal grafiko liluragarriarekin batera jostagarritasun benetan dibertigarria eskaintzen du Playground Games-ek eta Microsoft-ek Xbox kontsoletarako zein PC-rako garatutako obra honek.
Euskaratutako bideo-jokoak ezagutzen jarraitzen dugu, gainera; horiek aurkeztu ditugu gure albistegian. Lehena, Ander Gonzalez bideo-jokozaleak euskarara itzulitako Everhood interesgarria da: Undertale bikainaren pausoak jarraitzen dituen RPG independente honek musikaz betetako borrokak proposatzen ditu. Bigarrena, Game Erauntsiako komunitateak ongi ezagutzen duen Ibai Oihangurenen eskutik dator; Oddworld: New ‘N’ Tasty puzzle jokoa euskaratu du zaleak. Azkenik, orain hilabete batzuk PlayStation kontsoletan kaleratutako The Five Covens PCra heldu dela jakinarazi dugu; rBorn Games estudio bilbotarraren lehen lana da. Euskaraz jokatu daitezkeen bideo-joko guztiak biltzen dituen zerrenda hazten doa!
Xboxek 20 urte bete ditu; hori ospatzeko zuzeneko berezia egin zuten arduradunek. Bi hamarkadako ibilbidea errepasatzeaz gain, opari bikaina eskaini zuten bertan: Halo Infinite ezustean kaleratu zuten. Multijokalaria bakarrik, hori bai, baina doan jokatu daiteke!
From Software garatzaile japoniarrak Elden Ring desiratuaren gameplay bideo luzea erakutsi du, baita beta itxia gauzatu ere; horri buruz hitz egin dugu saioan, esatariok irrikan gaude jokatzeko. Irrikan gaude, baita, Steam Deck eskuko PCa jasotzeko; halere, espero baino gehiago itxaron beharko dugu esku artean izateko: Valve-k 2022ko otsailera berandutu du gailua osagarrien eskasiagatik.
Saio osoa Youtube bidez ikus dezakezue: