IRRATIA

[24] Errigora: Euskara eta elikadura subirautza.

Oliba olioa, piperrak, zainzuriak, kardoak ala potxak, horiek dira besteak beste udaberriko kanpainaren baitan Errigora ekimen herritarrak eskaintzen dituen produktuak. Peru Aranburu NAIZ irratian izan da azken kanpaina aurkezten.

Errigorako kideak iragan martxoan, aurtengo kanpaina aurkeztu zutenean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Transkripzioa:

Ander:
Arratsalde on, Ioar.

Ioar:
Berdin, Ander. Zer moduz zaude?

Ander:
Oso ondo. Nahi baduzu, afaltzera gonbidatuko zaitut gaur.

Ioar:
Afaltzera? Zer daukagu ospatzeko?

Ander:
Deus ez. Baina Errigora-ko saskia jaso berri dudanez, jateko ugari daukat etxean.

Ioar:
Zuen soziedadean, zein ordutan?

Ander:
Arratsaldean lan txanda daukat, baina nahi baduzu hantxe bertan gera gaitezke 20:00etan.

Ioar:
Ederto. Eta zer prestatuko duzu afaltzeko?

Ander:
Errigora-ko saskian gauza asko eta onak ekartzen dizkigute urtero. Orburu batzuk nahi dituzu? Ardo ekologikoa ere badaukat. Eta oso onak daude zainzuriak.

Ioar:
Nik ere eraman behar nuke zerbait.

Ander:
Gaurkoa utzi osorik nire kontu. Gero gerokoak.

Ioar:
Plazera da zu bezalako lagunak izatea, Ander.

Ander:
Noizean behin horrelako ospakizunak egiteko tarteak hartu behar ditugu.

Ioar:
Auzolanaren alde!

Ander:
Bai horixe! Auzolan handi bat da Errigora. Eta onena da, gure mahaira kalitate bikaineko jakiak iristen zaizkigula.

AUDIOA-1 | PERU ARANBAURU

Ioar:
Auzolana aipatu dugu. Aurreko mendeko berba bat iruditzen zait niri.

Ander:
Euskal Herrian, jendeak elkarri laguntzeko ohitura ez da oraindik galdu. Horren adibide bat da Errigora. Nafarroa hegoaldeko nekazarien produktuak Euskal Herri osoan banatzen dira, eta etekinak euskalgintzarentzat.

Ioar:
Zenbat jendek parte hartzen du auzolan horretan?

Ander:
Lan kolektibo bat da Errigora. Nekazarien produktuak batzen eta saskiak betetzen 200 lagun inguru aritzen dira urtero. Egun osoko lana izaten da, kutxak osatu eta osatu.

Ioar:
Zenbat etxetara heltzen dira saskiak?

Ander:
Saskiekin batera datorren informazioaren arabera, 4.000 banatu dira aurten. Bistan denez, kalitate handiko produktuak dira, eta herrira edo auzora ekartzen dizkigute.

Ioar:
Ondo dago jakitea. Beharbada nik ere eskatuko dut hurrengoan.

Ander:
Ez zaizu damutuko. Azken urteetan, etxean hartzeko ohitura daukagu guk. Hurrengo saskia noiz helduko zain egoten gara.

Ioar:
Papera bete, entregatu, eta saskia jaso. Erraza dirudi, benetan.

Ander:
Euskal Herri osoan daude Errigora-ko boluntarioak. Eta aldiro, kanpaina martxan jartzen denean, abisua jasotzen dugu mugikorrean edo epostan.

Ioar:
Web bidez ere eskatzerik izango da, ezta?

Ander:
Hori ere bai. Baina jendearen arteko harremanek aberastu egiten dute Errigora proiektua bera.

Ioar:
Zuk abisua pasatu niri, hau oso ona dago eta!

AUDIOA-2 | PERU ARANBAURU

Ander:
Konturatzen bazara, Euskal Herrian sekulako kalitatea daukagu jan-edan kontuetan.

Ioar:
Edatekoaz jabetuta nago. Errioxako ardoa, sagardoa, txakolina... Orain garagardo artisauak ere modan jarri dira.

Ander:
Eta laborantza mundua? Hasi Ipar Euskal Herritik, Zuberoatik adibidez, eta Karrantzaraino dauzkagu baserritarrak, abeltzainak, artzainak, arrantzaleak...

Ioar:
Erribera beti oso emankorra izan da, gainera.

Ander:
Euskal Herriko produktuak jaten eta gozatzen pasatuko nuke aste osoa. On egin, Ioar.

Ioar:
Ederra dago dena. Hau da hau kalitatea!

Ander:
Eta ardoa... zer iruditu zaizu?

Ioar:
Ni Errioxako ardoa edaten ohituago nago. Arabar Errioxakoa. Baina hau ere ondo sartzen da.

Ander:
Ekologikoa da.

Ioar:
Gure inguruko tabernetan ez da ardo ekologikorik aurkitzen ahal.

Ander:
Hauek dira auzolanaren onurak. Herritarrek elkarrekin lan egin, proiektuak aurrera atera eta, azkenean, elikagai onak mahai gainean.

Ioar:
Eta zergatik esan duzu etekinak euskalgintzarentzat direla?

Ander:
Nafarroa hegoaldean euskara ikasten ari direnei laguntzak ematen dizkiete AEKko euskaltegietan. Euskarazko ereduak eta ikastolak bultzatzen ari dira.

Ioar:
Sekulako proiektua iruditzen zait Errigora.

Ander:
Gora herria!

Epilogoa - Beti Ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Aditz laguntzaileari -(E)NEZ atzizkia ipinita, bi eratako esaldiak osatzen ditugu.
Alde batetik, kausazko esaldiak:

—«Errigora-ko saskia jaso dudanez, jateko ugari daukat etxean».

Ioar:
Beste alde batetik, moduzko esaldiak egiten ditugu -(E)NEZ atzizkiarekin:

—«Bistan denez, kalitate handiko produktuak dira Errigora-koak».
—«Hiztegian datorrenez, pagoaren familiakoa da haritza».
—«Topikoak dioenez, hitzeko jendea da euskalduna».

Hemen entzun dezakezu Peru Aranbururi egindako elkarrizketa.