IRRATIA

Musikaren industriako atal desberdinak bat eginda BIME azokan

Euskal musikaren sektoreko profesionalek bat egin zuten urriko azken astean Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako BIME Pro azokan. Bertan izan zen NAIZ Irratia ere eta sektoreko hainbatekin bildu eta hizketarako aukera izan genuen.

Iñaki Otalorak Europako Pop aretoen egoeraz hitz egin zuen BIMEko mahai-inguru batean.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


IÑAKI OTALORA - DabaDaba aretoa

Pop aretoek komunitatean eragin dezaketenari buruz antolatutako hitzaldi batean hartu zuen parte Iñaki Otalora DabaDabada aretoko kudeatzaileak, Holandako Janpier Brands eta Serbiako Laura Ferrerorekin batera. «Pandemian jasandako kaltearen ondorioz aurretik ere harremana genuen, Europako antzeko areto txiki batzuk sare bat osatu genuelako, eta sare hori indartu egin da pandemiaren ondorioz. Orain, Europako komisioari aurkeztu diogu halako proiektu pilotu bat eta onartua izan da», aipatu digu Otalorak. Ez dute elkarrekin programatzen oraindik Europako sare honetan, baina aurrera begira hori ere bada beren asmoa.

Komunitatean eragitearen zentzuan, kontzertuez harago doazen proiektuak ere jorratu dituzte DabaDaba aretoan: «Beste kolektiboei beren lekua ematen saiatu gara, eta, beren lekua eskatzen duen jendea badagoenez, bakoitzari merezi duen tokia ematen saiatzen gara; espazio komunak sortzea underground mundu horretan. Gu espazio bat baino ez gara eta gure inguruan komunitate bat osatu da gutxika, uste dut erakundeek hori ikusi beharko luketela eta behar den moduan babestu. Euskal musika taldeak babestea ondo dago eta proiektu musikalak ere bai, baina aretoek laguntzak behar ditugu musikaz harago egiten dugun horretarako, ekosistema osasuntsu bat nahi dugulako garatu musikaren bueltan», nabarmendu du DabaDaba aretoko kideak.

Pandemian kinka larrian izan dira areto asko eta tartean DabaDaba ere bai. «Oraindik ere momentu larriak pasatzen ari gara eta krisi honen kaltea ordaintzen ari gara. Asko eskertu behar diegu etortzen diren guztiei, haiek indarra eman digutelako. Pandemia garaian asko inprobisatu dugu eta proposamen desberdinak garatu behar izan ditugu, eta gure poztasunerako, guztiek erantzun oso ona jaso dute», dio Otalorak.

Erakundeek egin dituzten lege aldaketekin kaltetuak izan direla nabarmen utzi ostean, ea nola lagundu duten galdetu diogu Otalorari: «Diru-laguntzak jaso ditugu baina ez dugu nahi dugun elkarrizketarik garatu erakundeekin, ez dago hartu-eman nahikorik eta hori beharrezkoa da. Esaterako, ‘Beste bat’ zikloaren antolaketan hutsune bat sentitu dugu. Musika Bulegoaren zuzendaritzan nago eta musika industriako atal desberdinak gaude bertan, eta orain Jaurlaritzak ez dakit zer aurkeztu behar duen zehazki. Diru-laguntzak ongi daude, baina sektorearen beharrak ongi ezagutu gabe banatzen dituzte eta hori ere esan beharra dago».

Programazio indartsuarekin hasi da berriz ere martxan DabaDaba aretoa. «Gauaren itzulera antzeman dugu, jendea gogoz zegoen eta kluba martxan jarri denetik pozik gaude, harreman estua dago gure eta taldearen artean», bukatu du Otalorak.

MIKEL AMUNDARAIN - Oso Polita zigilua

Ametsak eraikitzeko tokia izan daiteke BIME bezalako azoka bat industriaren baitan oraindik ere beren tokia egiten ari direnentzat. Mikel Amundarain hasiberria da Oso Polita zigiluan eta zigilua ere 2021ean ari da bere marka indartzen. «Iaz ere etorri nintzen eta industriaren beste ikuspuntu bat hartzen da BIMEn. Jende pila batekin egiten dugu lan Oso Politan eta jende guzti horiekin elkartzeko aukera izatea oso gauza interesgarria eta polita da», dio Amundarainek.

Baina zeintzuk izaten dira halako azoka batean zigilu batek bere buruari jartzen dizkion erronkak? «Mundu guztia bezala bere esparruko helburuak betetzera etortzen gara, bakoitzak bere tokian. Guretzat komunitate sentsazioa lortu eta sortzea da garrantzitsua: artistak, banatzaileak, beste zigiluak… elkarrekintza horretarako perfektua da eta hemen horretan ibiltzen gara. Gauez egiten diren kontzertuetara ere joaten gara taldeak ezagutzera», esan digu hernaniarrak.

Pandemia urtean Last Tour enpresak ezin izan du ia jaialdirik antolatu, baina lanik ez zaie falta izan haien barruan dauden langileei, hori kontatu digu Amundarainek: «Festibalik egin ez denaren sentsazioa egon arren, jo eta sua aritu gara lanean horretan ere. Zigiluko lan taldea indartu egin da garai honetan eta dibertsifikazioa izan du, jende gazte asko gehitu da proiektura eta estilo desberdin asko. Digitalean egiten dugu lan asko eta oso proiektu bizia da lanean gabiltzan hau. Halako kongresu batetarako lan-karga asko areagotzen da, argitalpenek eta estrategiek aurrera jarraitzen dutelako eta gainera BIMEko bilera guztiak ere aurrera eraman behar direlako».

Marrazo asko dabil, ordea, BIMEko igerilekuan; multinazionaletako ordezkari asko eta izen potolo ugari bertaratu direnen artean. Zigilu txikiagoek beren burua nola ikusten duten jakin nahi izan dugu: «Gu etxean ari gara jolasten eta ez gara multinazional bat, esan daiteke zigilu eta agentzia independentea dela Oso Polita. Gero, gure barruan ere badaude desberdintasunak; ez dira gauza bera Nacho Vegas edota Chill Mafia eta gu eszena eta merkatu desberdinetan gaude. Hori bai, egiten ari garen lanak eta Last Tourren aterkipean egoteak laguntzen digu».

Euskal Herriko musika kanpora begira indarra hartzen ari ote den galdetu diogu Amundaraini, izan ere Zetak, Ezpalak edota Chill Mafia bezalako taldeak daude haien zigiluan: «Geroz eta hesi gehiago gainditzen ari gara eta asko nabari da hori. BIMEn adibidez ikusten ari da musika latinoarekin ingelesez egindako musikaren hegemonia bukatzen ari dela munduan. Bada, hizkuntza txikiagoekin gauza bera gertatzen ari da Estatuan eta euskarazko musika geroz eta gehiago zabaltzen ari dela ikusten dugu, horrez gainera, zure diskurtsoarekin aurrera egin dezakezula ikusi daiteke dena delako hizkuntzan. Batzuk bi hizkuntzatara abesteko estrategiari eusten diote, eta hori ere zilegi da, jakina».

Azaroan eta abenduan gauza asko publikatuko direla aurreratu digu Amundarainek eta Durangoko Azoka garrantzitsua izango da aurten haientzat: «Apustu handia egin dugu euskarazko talentua ateratzearen alde. Orain jaialdietan ere gure artistak egotea nahiko genuke. Last Tourren egoteak ematen digu posizionamendua lantzeko aukera, batez ere etxekoetan. Badirudi 2022an jaialdiak normal egingo direla eta gauzak egingo ditugula batean eta bestean».

Lanean jarduteko eta ikasteko tokia da aldi berean, ordea, BIME sektoreko profesionalentzat. «Askotan uste dugu halako enpresa batean sartzen garenean dena badakigula, baina dugun lan-taldetik egunerokoan asko ikasten dugu. Gainera, badirudi irekitze baten aurrean gaudela eta aukera berri asko datozela; olatu handi bat dator eta hura surfeatzeko irrikaz gaude», bukatu du Amundarainek.

ARKAITZ VILLAR - Musika Bulegoa

«Beharrezko erokeria eta faltan botatzen genuena da BIMEko hau guztia. Oso pozgarria da berriz ere jendearekin biltzea eta jende berria ezagutzea, eta haiekin lan egitea jakina», esan digu Arkaitz Villar Musika Bulegoko komunikazio arduradunak.

«Aurreko urtetik jartzen ditugu BIMErako erronkak. Gure musikaz gaindi, bertako profesionalak kanpoan ezagutu ditzaten saiatzen gara. Sareak landu eta hitzaldiak antolatzen ditugu horretarako, eta, horrez gainera, hainbat showcase jaialdirekin ere harremanak lantzen ditugu», aipatu digu Villarrek. Hala, bertako talentua kanpoan ere erakusteko modurik badela aipatu digu.

Sinergiak lortzea eta sarea osatzea garrantzitsua da Villarren ustez, eta BIME beste hainbat geldialditako bat da: «Badira lanean gabiltzan atzerriko herrialde batzuk eta harreman horiek sendotzea interesgarria da. Atzerritik datozen musikariek ere badute hemen lan egiteko aukera eta gogoa. Hala, jaialdi eta aretoak zein diren jakin nahi izaten dute edota booking agentziak ezagutzeko nahia dute. Urtarrila hasieran Holandan egiten den Eurosonic jaialdia oso interesgarria da alde horretatik eta bertan harremanak baditugu; Rodeo eta Kai Nakai esaterako bertan izango dira beren musika erakusten. Jaialdi hartakoekin bilera izan dugu egunotan eta etorkizunera begirako proiektu bat ere martxan jarri dugu, Europa mailan jaialdi zirkuitua markatzen duena baita Eurosonic».

Gure eszena indartsu dagoela nabari dugu askok eta askok, baina askotan errealitatea ez da gauza bera izaten. Nola ikusten dute hori Musika Bulegoa erakundetik? «Oso indartsu eta osasuntsu dago euskal musikaren eszena. Aurrekoan atzera begira jarri ginen 2020an non ginen ikusteko eta 2021era begira inoiz baino presentzia gehiago izan nahi genuen azokatan. Hala, Bartzelonako Primavera Pro azokan Aitor Etxebarria eta Sara Zozaya, Viceko azokan la basu eta Lumi, Manresakoan Amorante, Castellóko Fira Trovamen Liher eta Bulego izango dira, Oportoko Womaxen Amak eta Sevillako Monkey Weekenden Chill Mafia eta Oki Moki. Aukeraketa zabala izan da eta hori da interesgarriena, ea geroz eta zabalkunde handiagoa duten gure artistek».

Erakusleiho garrantzitsua da Villarren ustez halako azoka bakoitza parte hartzen duten ekintzaile eta musikarientzat: «Ez dakizu publikoan nor dagoen eta aukera ona da. Profesional asko batzen dira zuzeneko emanaldi horietan. Egia da showcase hauetan aldi berean kontzertu ugari daudela eta ez dakizula aretoa nola egongo den, beteta, hutsik… Gainera kanpoan ez daukagu erreferentzia askorik eta horrek pixka bat zailtzen du dena, baina gauza bereziak gertatzen dira. Publikoan, esaterako, nazioarteko programatzaile bat bada eta gustatzen bazaio, kanpora joateko aukera zabaltzen da eta kasu horietan bermearekin joaten zara. Gu saiatzen gara jendea erakartzen showcase hauetara, hala gure taldeak kanpora doazenean baldintza onetan joaten dira».

Horrez gainera, bertoko beste sektoreetako profesionalei ere saiatu dira beren proiektuak kanpora begira erakusteko aukera ematen. Horretarako, pitching bat landu dute nazioarteko agenteek Euskal Herrian zer egiten den ikus dezaten: «Azken urteetako joera da azoketan bost minutuko aurkezpen hauek egitea. Aurten lehendabizikoz egingo dugu proba, ea zer moduzkoa den emaitza. Deialdi irekiak izaten dira egiten ditugun ekimenetan parte hartzeko eta aukera ona da proiektuak aurkezteko. Laburra da baina zerbait erakargarria egitera behartuta zaude. Ez dakigu zehazki zer nolako emaitza aterako den, baina profesionalak babestu eta eroso egon daitezen saiatuko gara».

Azken urte eta erdia gogorra izan da musikaren sektorearentzako eta Musika Bulegoan izan dute horren ondorioz mugimendurik. «Egia esan urte eta erdi daramagu ez dakigula zer gertatuko den datorren hilabetean. Orain badirudi epe laburrean zer egingo den badakigula, baina ezin jakin zer pasako den epe ertain eta luzean. 2020an lanpetuta ibili ginen, kontzerturik ez baina streaming bidezkoak hasi zirelako. Hor dena azkar joan zen eta streaming bidezko eskubideen inguruan ez genekien nola jokatu behar zen eta hutsune handia dagoela ikusi dugu. Bazirudien tendentzia hori izango zela, baina berriz ere zuzenekoak itzuli dira eta dena azken momentuan lotzera behartu gaitu egoerak. Horrez gainera, saiatu gara promozio dena digitala izan dadin, jasangarritasunaren mesedetan. Hala, baditugu epe laburrera hobetzeko gauzak ere», bukatu du Villarrek.


IKER BÁRBARA ETA USUA DE LA FUENTE - musika kazetaria eta musikaria

Proiektuak lokaletik nazioartekotzeari buruzko mahai-ingurua gidatu zuen Iker Bárbara Zarata Mondosonoro aldizkariko koordinatzaile eta MusikHaria saioko kolaboratzaileak. Mahai-inguru horretan hartu zuten parte Iñigo Argomaniz GetIn agentziako buruak, Usua De La Fuente musikariak, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Alejandra Gomez BICHE agentzia kolonbiarreko kideak.

Hitzaldiaren ostean, Iker Bárbara eta Usua De La Fuenterekin, Niña Coyote eta Chica Tornadoko bateria-jotzailearekin, izan ginen hizketan aipatu zituzten gaien inguruan.

Musika proiektu baten nazioartekotzea zerbait oso zaila dela aipatu duzu, Usua.

Usua De La Fuente: Beti etxe ingurutik ibili gara eta birak egiten ditugunean gure pareko taldeekin aritzen gara. Lehen zaila bazen orain zailagoa izango da, espero genuen bezala.

Iker Bárbara: Underground inguruan beti zen zaila aurrera egitea. Orain, gainera, talde aberats eta pobreen arteko arrakala zabalduko da.

U.D.L.F: Arrakala asko daude eta uste dut marko berri honen aurrean beste funtzionatzeko modu batzuk asmatuko ditugula, ohituta gaude esparru zailetan ibiltzera, egingo dugu.

Gobernuen laguntza faltaz ere kexatu zara. Kanpora irteteko zailtasun handiak izaten dituzue?

U.D.L.F: Badaude bi alde, batetik ekonomikoa eta bestetik legala. Ekonomikoan Jaurlaritzak Etxepareren bidez laguntzen du, eta ongi daude laguntza horiek. Baina beste esparruan zeharo utzita gaudenaren sentsazioa daukagu etengabean eta ilegal aritu behar izaten da askotan. Maiz, ez dakigu mugak gainditzen utziko dizkiguten gitarra eskuan dugula. Lehen ez genuen laguntzarik eta orain ere ez.

Kanpotik datorren musikaren presentzia asko zabalduko dela aipatu da mahai-inguruan. Zer espero dezakegu?

I.B.: Pentsa 2020an eta 2021ean kontzertuak atzeratzen joan direla. Esan dugu gainera nazioarteko kontzertu batzuk bertan behera geratu direla azken egunotan eta horiek ere atzeratu egin dira. Hala, aurretik esandako horri guztiari 2022ko guztia batu behar zaio, 3 urtetan eman ez diren kontzertuak elkartuko dira. Astelehen eta astearteetan kontzertuak izango ditugulakoan nago. Gauza berri bat dator gurera eta ikusi beharko zer den.

Mehatxu bezala ikustera iritsi zarete hori artista lokalok?

U.D.L.F: Inoiz ez daukat sentsazio hori, ez daukat banden lehia moduko sentsaziorik. Eszenako denek irabazten dugu aniztasunarekin eta talde handiak eta festibal handiak ere gogoko ditut. Mehatxua kontzerturik ez egotea da eta jendeak dirurik ez izatea kontzertuetara joateko.

Eszena lokalak zer nolako pisua du jaialdietan?

U.D.L.F: Festibal batzuetan negarrez aritzen dira baldintza ekonomikoak adosterakoan eta gero beste batzuk zenbat kobratzen duten jakiten duzunean, tuntun aurpegia geratzen zaizu. Baina beti gertatu da hori hemen. Ez gara sekula kanpokoen parera iritsi.

Streaming kontzertuen modak balio izan al du nazioartekotzeko?

I.B.: Ez zait askorik interesatzen egia esanda kontu hori guztia, nahiz eta ez den zuzena esatea. Zuzenekoak behar dira talde baten lanaz behar bezala gozatzeko.

U.D.L.F: Eta kameraren beste aldetik oso gogorra da, publikorik ez dagoelako. Mezuak jasotzen dituzu baina gutxi gehiago. Guk ez dugu saiakera askorik egin, baina akaso norbaiti baliagarria izan zaio.

I.B.: Jendea bakarrik zegoen etxean eta halako gauzaren bat egitea normala zen. Orain Tik-Tok, Instagrameko zuzenekoak… Mundu digitalean geroz eta gehiago egiten dira eta bizpahiru minutuko zuzeneko pilulak ikustea normala izango da, baina kanpaina baten plus bezala ulertuta.

Laguntzak kulturan jarri direla eta ez kulturaren industrian esan du Iñigo Argomanizek hitzaldian.

U.D.L.F: Kontraesan txiki bat egon da, laguntza horietarako legalki autonomo bezala egon behar zenuelako auskalo zenbat hilabetetan. Fakturatu ordea ezin zen egin, ez zegoelako kontzerturik. Hortaz, 300 eurotik gora ordaindu behar ziren hilabetean gero laguntzaren bat jaso ahal izateko. Ez zuen zentzurik.

I.B.: Nik laguntza batzuk izan ditut eta ezin naiz kexatu, baina ez dut ulertzen beste batzuk nola biziraun duten hilabete hauetan.

Alejandra Gomezek, BICHEkoak, rockarekin nazioartera salto egitea zaila dela aipatu du eta berek Kolonbiako musika tradizionala baliatzen dutela gaineratu kanpora salto egiteko. Hori horrela da?

U.D.L.F: Gu nahikoa burugogorrak gara eta lortu dugu baina ez da erreza; ez dago zubi magikorik nazioartera salto egiteko. Aurretik ibili garen proiektuetan jende asko ezagutu dugu eta sare horri esker mugitu gara, rock taldekoen arteko harremanetan parez-pare ibiliz eta USA, Japon edota Mexikon horrela ibili gara, haiei ere hona etortzeko aukerak sortuz ahal dugun neurrian.

Zerbait prestatzen bazabiltzate orain?

U.D.L.F: Disko berria grabatu berri dugu eta gure ziklo naturala orain gutxi jotzea da. Noski, gure asmoa bada kanpoan jotzea ere.

Iker: Berriz izango gara, zoriontsu, edozein herriko jaixetan.